Euskal preso politikoen egoera salatu du Etxeratek Bruselan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko ekainaren 20a

Etxerat elkarteko 50 bat kide Bruselan (Belgika) izan dira Europako parlamentariek, diputatuek eta abokatuek Frantzia eta Espainiako espetxeetan presoek jasaten duten "eskubide urraketa etengabea" eta ondorioz hauen senideek pairatu behar dutena ezagutu dezaten. Lasarte-Oriako preso politikoen hainbat senide eta lagun izan ziren bidai honetan, euren senideen egoera salatzeko.

Europako Ezker Batua taldeko lehendakari ordearekin, Eva Britt Svensson suediarrarekin, Europako Parlamentuko Askatasun Zibilen Batzordeko presidente ordearekin, Giusto Catania italiarrarekin, Esko Seppanen finlandiarrarekin, Jens Holm daniarrarekin eta Helmuth Markov alemaniarrarekin, Sinn Feineko Pairpre de Brunn legebiltzarkidearekin, Jan Fermond Europako Abokatu Demokraten Elkarteko ordezkariarekin eta NVA eta Spirit alderdietako parlamentari flandiarrekin bildu dira. Etxerateko ordezkariak egun bakar bat izan dira Bruselan, baina denetarik egiteko denbora izan dute: prentsaurrekoa, bilerak, elkarrizketak, elkarretaratzeak...
Etxeratek diputatu eta abokatuekin izandako bileretan euskal presoek espetxe espainol eta frantsesetan bizi duten egoera larriaren berri ematea izan du helburu. Euskal preso politikoen aurka diseinatutako espetxe politikaren testigu diren senideek hainbat galdera egin zizkieten Europear Parlamentuko ordezkariei: "Noiz arte baimenduko duzue sufrimenduan oinarritutako espetxe politika hiltzaile bat? Noiz arte izan beharko dugu tortura ankerren testigu eta biktima?". Era berean, Espainiar eta Frantziar estatuen jarrera salatu zuten, "nazioarteko adierazpen eta akordio ugarietan aipatzen diren eskubideak modu iraunkorrean urratzen baitituzte. Tratu krudeletan eta giza sufrimenduan oinarritutako espetxe politika ezartzen da kartzeletan", honen harira, "Europak bere Guantanamo propioa" duela adierazi zuen, horregatik "Europak ezin duela itsu, mutu eta gor geratu errealitate horren aurrean".
Sakabanaketa salatu dute
Europako parlamentarien bitartez, Espainia eta Frantziako espetxe politikaren berri Europa osoan izan dezaten, hamaika datu eraman zituzten Belgikako hiriburura. Etxeratek otsailean jasotako datuen arabera, 739 euskal preso politiko Espainia, Frantzia eta Kanadako 89 kartzelatan sakabanatuta dituzte. Espainiar Estatuan, 571 euskal preso politiko 53 kartzelatan sakabanatuta dituzte, bataz beste Euskal Herritik 623 kilometrotara. Euskal herrian kokatutako kartzelatan 25 euskal preso baino ez dituzte. Frantziar Estatuko 34 kartzelatan 166 euskal preso politiko dituzte, bataz beste Euskal Herritik 785 kilometrora. Frantziar Estatuak ez du euskal preso politiko bakar bat ere Euskal Herrian kokatutako kartzelatan. Eta Kanadako 2 kartzelatan 2 euskal preso politiko dituzte.
Zigorra beteta kartzelan
Etxeraten esanetan Espainiar legediaren arabera, 169 euskal preso politikok etxean beharko lukete egun. "739 euskal preso politiko horietatik 169 euskal preso politikok, legez, etxean beharko lukete, estatuek ezarritako zigorraren 2/3ak ala 3/4ak beteak dituztelako. Sistematikoki, ordea, gure senide preso politikoei baldintzapeko askatasuna ukatu egiten diete. 169 euskal preso politiko horietatik 141 espainiar Estatuan mantentzen dituzte preso, 28, berriz, frantziar Estatuan".
Honen harira, "horrekin aski ez, eta, espainiar Estatuan espetxe zigorra oso-osorik beteta ere ez dituzte askatzen. Horretarako, espetxe zigorra bete ostean gure senide preso politikoak ez askatzeko, Auzitegi Gorenak espetxe zigorrak betetzeko doktrina berria jarri zuen indarrean 2006. urtean. Doktrina hori aplikatuta, 30 urtez jarraian espetxeraturik mantendu nahi dituzte euskal preso politikoak. Jada, 18 dira espainiar Estatuak ezarritako espetxe zigorra oso-osorik beteta izanik ere, Auzitegi Goreneko 197/2006 doktrina aplikatuta askatu ez dituztenak".
Bizi baldintza gogorrak
Etxeratek bide batez beraien senideek kartzelatan jasan behar dituzten baldintzen berri eman zuten Bruselan. " bizi baldintzarik gogorrenetan mantentzen dituzte gure senide preso politikoak. Euskaraz eta Euskal Herriko unibertsitateetan ikasi ezin dutela, espainiar Estatuan espetxeraturiko kasuetan; komunikazioak -telefono deiak, bisitak eta eskutitzak- erabat murriztuta eta kontrolatuta, eta, jarduerak -ikastaroak, tailerrak, eskulanak,…- murriztuta ala debekatuta dituztela".
Etxeratek euren senideak dauden kartzelatan guztiz baztertuak eta isolatuak mantentzen dituztela salatu du: "ordu luzeetan -egunean 20, 22 orduz- ziegetan giltzaperaturik mantentzen dituzte euskal preso politikoak. Halaber, beste euskal preso politikorik ez den modulu edo kartzelatan dituzte 54 euskal preso politiko". Etxeratek helarazi dituen datuen arabera, 38 euskal preso politiko espainiar Estatuan, 14 frantziar Estatuan eta 2 Kanadan, beste euskal preso politikorik ez den modulu edo kartzelatan dituzte, "ondorioz, beraien aurkako espetxe politikaren aurrean, babesgabetasuna areagotu egiten delarik".
"Guzti honek ondorio fisiko nahiz psikiko larriak eragiten ditu" dio Etxeratek: "espainiar eta frantziar estatuen espetxe politikaren ondorioz hil diren 22 euskal preso politikoak horren adibide dira. Larriki gaixorik diren gure senideak ere horren erakusle dira, kartzelak gaixotu edo gaixotasuna okertzearen ondorioz baitira egoera horren larrian. Baina, hala ere, jasaten dituzten gaixotasunak gure senide presoak presionatzeko erabiltzen dituzte. Horren erakusle, dituzten gaixotasun fisiko edo psikiko larriak gehiago ez okertzeko helburuarekin gure 12 senide preso politikok egindako askatasun eskaerei, beren bizitzez eta ideiez damutu edo hiltzear egon artean, ez dituztela askatuko esanez erantzun diete".
Sakabanaketa zigor
Etxeratek urteak daramatza euskal preso politikoen senideak eta lagunak jasaten ari diren zigorrak salatzen. Aurten bost urte bete dira Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi errepidean hil zirela, Juankar Balerdi, Almeriako espetxera bisitatzera zihoazela. "Ordutik ere, senide gehiagok galdu dute bizia errepideetan, espetxeetarako bidean, gure senide euskal preso politikoekin une goxo bat igarotzeko asmotan".
Etxerateko ordezkarien hitzetan, "21 urte igaro dira politika hiltzaile hori martxan jarri zutenetik, eta ordutik 22 preso eta 16 senidek galdu dute bizia. Zenbat gehiago behar dira herri honetako agintari politikoek neurriak har ditzaten? Odoluste ekonomiko itzela, astero errepideetan bizia galtzeko arriskua, salbuespen neurrien ezarpena gure senide presoei... zer gehiago?", honen harira, "Egoera honek itzelezko sufrimendua dakar, eta, horrela jarraituz gero areagotu baino ez da egingo. Ez gaude prest gure biziarekin jolasten uzteko, interes partidista batzuengatik. Baina aldi berean, argi eta garbi, ozen, inoiz baino ozenago diogu ez ditugula sekula ere bakarrik utziko. Milaka, ehundaka kilometro egitera behartuak gaude, baina egiten jarraituko ditugu, maite ditugulako".
Etxerateko ordezkariek europarlamentariei "horrekin guztiarekin amaitzeko", urratsak eman ditzatela eskatu die.•