Udalak eta Gurutze Gorriak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2008ko ekainaren 20a

Lasarte-Oriako Udalak eta Gurutze Gorriak aste honetan, asteartean, lankidetza hitzarmena berritu dute beste lau urtetarako. Udaletxean sinatu duten hitzarmen honek 2011.urteko abendura arte iraungo du.

Lasarte-Oriako Gurutze Gorriko lehendakaria, David Muñoz, lehendakari ordea, Javier Rico eta Udaleko alkate oredea, Iñaki Mugika eta Kontsumo, Osasuna, Merkataritza eta Ingurugiro Saileko lehendakaria, Ricardo Ortega asteartean udaletxean bildu ziren hurrengo lau urtetarako lankidetza hitzarmena sinatzeko.
Hitzarmenaren bidez, Lasarte-Oriako Gurutze Gorriak 21.671 eurotako diru laguntza jasoko du Udalaren eskutik eta Guretze Gorriak, berriz, udalerriko bizilagunei zenbait zerbitzu eskaintzera konprometitzen da.

Entitatearen zerbitzuak
Entitateko lehendakariak azaldu duenez, larrialditako zerbitzuak eskaintzeko eskuduntzarik ez dute eta egun Gurutze Gorriak zerbitzu sozialak eskaintzen dituela soilik, besteak beste: hezkuntza eta borondatezko lana, eguneko zentrora joan behar dutenak bertara eraman, jostailuen kanpaina, egokitutako garraioa, etxez etxeko zerbitzuak, Europar Batasuneko planaren janarien banaketa,
hipodromoko zaldi karreretan eta Zubietan dauden partidu guztietan asistentzia eskaintzen dute, osasun babesa adinekoen omenezko egunean eta tentsioa neurketak erretiratuen elkartean.
“Lur orotako ibilgailu bat dugu”, dio David Muñozek, “honekin ibaien igoerak kontrolatzen ditugu eta mendiko talde berezia sortzear gaude”.

Anbulantzia berria
Gurutze Gorriak aurreko hitzarmenean baino diru gehiago jasoko du, izan ere, aurten anbulantzia berria erosi behar dute eta: “anbulantziak zortzi urtetarako bizi iraupena izaten dute eta aurten berria erosi behar dugu, 60.000 euro inguru balio du berriak”.
Udalaren aldetik jasoko duten dirulaguntzatik 15.600 euro anbulantzia berria erosteko erabiliko dute, Gurutze Gorriak eta Ana Urchuegia alkateak adostutako akordioaren ondorioz. Ibilgailuarentzako diru laguntza Ricardo Ortegak zuzentzen duen sailetik bideratuko da. Aldi berean, Osasun sailak 2.730 eurotako beste laguntza bat emango dio Gurutze Gorriari Lasarte-Orian gutxietsitako kolektiboekin egiten duen lanarengatik. Lourdez Acevedok zuzentzen duen Gizarte Zerbitzuetako sailetik berriz, 3.000 euro jasoko ditu.•

Txintxarri