San Pedro jaien egitaraua aurkeztu zuten atzo

Txintxarri 2008ko ekainaren 20a

Jesus Maria Zaballos Gazteria eta Festetako batzorde buruak, Iñaki Mugika alkate ordeak, Rosa Illarramendi eta Xabier Goitia teknikariek San Pedro Jaiak 2008ko egitaraua aurkeztu zuten, atzo.
Aurtengo aurrekontua 136.000 eurotakoa da. “Urtetik urtera aurrekontua handiagoa da. Honek gauza gehiago eta kalitatezko ekitaldiak antolatzeko aukera ematen digu”, azaldu zuen alkate ordeak.
Era berean, festa partehartzaileak egiten saiatu direla azpimarratu zuen Zaballosek: “elkarteek eta herritarrek egin dituzten proposamen guztiak kontutan hartu eta ideia gehienak egitarauan sartu ditugu: beteranoen danborradan eta herri kiroletan emakumeek parte hartuko dute, haurrentzako herri kirolak, jaiak larunbatean hasten diren arren, ostiralean txozna irekita egongo da, gaueko 2:00ak arte, Ken zazpi eta diskofesta Okendon, bigantxak goizeko 7:00etan... Berrikuntzak sartzen saiatzen gara, baina tradizioa mantenduz”.
Lasarteoriatarrak txupinazora festetako blusa jantzita agertzeko deia luzatu dute Udaleko ordezkariek.
Jada San Pedro jaietako egitaraua etxean izango duzue. Baina, hurrengo asteko Txintxarri berezian Sorgin Jaietako egitaraua eta Ttakunek antolatu dituen ekitaldien berri emango dizuegu.•