Aurtengo ikasturtea bukatu da eta herriko haurrak udako oporretan daude dagoeneko. Kurtsoa ondo bukatzeko Sasoeta-Zumaburu eta Landaberrikoek jaialdi bana egin zuten . Landaberrikoek ekainaren 7an ikastolan pasa zuten eguna eta Sasoetakoak aldiz, kalera atera ziren San Ferminak ospatzera. Haurrek, gurasoek eta irakasleek jantzi zituzte alpargatak, alkandora zuria eta zapi gorria.
San Ferminak Lasarte-Orian
Larunbatean herria txuri eta gorriz jantzitako umeez bete zen asko eta asko harrituta geratuko ziren San Ferminak aurreratu ote zirelakoan edo. Sasoeta eskolako haurrek, gurasoek eta irakasleek jaialdi polita antolatu zuten eguna ondo pasatzeko. Goizeko 9:00etan Krosa egin zuten eta ondoren jokoak jolaslekuan, 11:15 aldera entzierro txikia lehenengo eta bigarren mailakoentzat eta bukatutakoan entzierro handia Jalgitik Sasoetara hiru, lau, bost eta seigarren mailakoentzat. Korrika pixka bat egin eta gero hamaiketakoa egin zuten dantzarako indarberritzeko. 12:15etan ikasle, guraso eta irakasleek ingurutxoa dantzatu zuten jolaslekuan eta bukatutakoan berriro korrika egitera baina oraingoan buruhandien aurrean. Jaialdia "pobre de mi"-a abestuz bukatu zuten talo artean.
Aste osoan jarduerak
Pasaden aste honetan zehar euskal astea ospatu dute Sasoeta-Zumaburukoek. Tailerrak eta jokoak, antzerkia eta irteerak zituzten antolatuta, horrela edonori gustatuko zaio eskolara joatea!
Asteartean Hipo eta Tomax pailazoek umeak alaitu zituzten, benetan emanaldi arrakastatsua izan zen eskaini zutena eta jende asko bildu zen inguruan ikustera.
Irteerak Senda Vivara, Pasaiara, Lasarte-Oria ingurura eta mini golfera egin dituzte horrela klaseko azken astea lagun artean eta gauza desberdinak egiten bukatzeko. Ostiral goizean San Juan sua ospatu zuten datorren kurtsora arte agurtu baino lehen. Ziur ikasleek uda osorako gordeko dutela zapore ona.•