Herriko taldeen eskutik abestiak eta dantza San Pedro jaien aurretik

Txintxarri Aldizkaria 2008ko ekainaren 23a

San Pedro jaiak dagoeneko gainean ditugu, ostiralean Sorgin Jaien gunean botako dute txupinazioa eta udaletxean larunbat eguerdian. Eta jaiak hurbiltzen doazen heinean, eta hauei ongi-etorria emateko eta badatoztela iragartzeko, herriko zenbait taldek urtero emanaldi berezia prestatzen dute jaiak hasi aurretik eskaintzeko. Asteburu honetan Alboka eta Alboka Txiki abesbatzek eta Erketz Dantzari Taldeak euren emanaldi bereziak eskaini dituzte.

Kontzertua Brijitatarren komentuan
Ostiralean Alboka abesbatzak eta Alboka Txikik San Pedrotako kontzertua eskaini zuten 20:30ean Brijitarren komentuan. Kurtsoari amaiera eman zioten emanaldi honekin. Txikiak Donostiako Txepetxa abesbatzarekin batera aritu ziren eta urte osoan ikasi dutena utzi zuten agerian. Gaztetxoenek taldean lan egiten ikasi dute, atera diren emaitza onak denen lanagatik izan direla eta gainera musikaz disfrutatu dute.
Helduen taldeak aurtengoan folklorean oinarritutako emanaldia egin zuen ,bai euskal herrikoa eta baita urrutiago dauden Norbegia eta Hego Afrikakoa ere. Kontzertu polita izan zen Cristina Perez Abreu eta Montse LaTorrek zuzendutakoa, ez ziren faltatu erlijio abestiak eta urte osoan lan egin dutela erakutsi zuten. Hasiera berezi egin zuten eta publikoaren inguruan abestu zituzten lehenengo bi kantuak. Aurten kontzertu eta ekitaldi desberdinak antolatu dituzte eta gainera ekitaldi berezia egin zuten Tirri Tarra-rekin batera ekainaren 14ean. Kurtsoaren balorazio ona egin dute, datorren irailean elkartuko dira berriro lanean jarraitzeko eta Lasarte-Orian kontzertuak ematen jarraitzeko.
Dantza emanaldi berezia
Autengo Erketzen emanaldia dantza emanaldi bat baino gehiago izan da. Antolatzaileek nahia zen ikusleari euskal dantzak ulertzeko gakoa eskaintzea, dantzen sakoneko esanahia ezagutzera ematea, gorderik duten mezua ateratzea, eta lortu ere, lortu dute. Ikusle bat baino gehiago harrituta geratuko zen ikus-entzunezkoen bidez lagunduta jakin zutenean dantza bakoitzaren teoriaren berri.
Bi orduz luzatu zen emanaldiari hasiera dantzari txikiek eman zioten Agurrarekin eta jarraitu Esku-dantzarekin. Dantza eta dantza artean azalpenekin osaturiko bideo emanaldi txikiak txertatu zituzten dantzen azalpenak emanez.
Helduen besteak beste, Sorgin Dantza, Ezpata Dantza, Otxagi eta Maskarada eskaini zituzten. Azken bi hauek oso txalotuak izan ziren.
Oso polita izan zen ere, Sardiñerak dantza; txikienak hasi ziren dantzatzen, gero helduei lekua egin zieten eta denek batera dantzatzen bukatu zuten.
Emanaldi ederra, beraz, Erketzeko dantzari heldu eta txikiek eskaini zutena. •