San Juan Eguna gaur San Pedro jaien atarian

Txintxarri 2008ko ekainaren 23a

2008ko San Pedroak, bezperan, larunbat eguerdian hasiko dira ofizialki ohiko txupin, erraldoi, buruhandi eta txarangaren kalejira eta Pirotecnia Zaragozanaren tronadarekin. Baina sorgin jaiek egun bat gehiago izango dute aurten, jada ostiral gauean rock kontzertua eta DJen saioa izango baita. Dena den tabernek ostiralean ordutegi normala izango dute. Sorgin Jaien pregoia ostiralean arratsaldeko 6.30etan irakurriko da, txosnak irekiko dira eta handik aurrera bost egunetako egitarau zabala burutuko da anbulategi ondoko plazan bertan, sorgin jaien gunean.

Jai giroa somatzen da Lasarte-Oriako kaleetan. San Pedroak badatoz, baina hasteko gaur San Joan bezpera ospatuko da aurreko urteetan bezala. Batetik, 21.30etan, Erketz Euskal Dantza Eskolako kideek San Joan zortzikoa dantzatuko dute Udaletxe parean eta ondoren Udalbatzarekin batera Andatza plazara abiatuko dira herriko dantzariak, han, sua piztu eta soka dantza tradizionala dantzatzeko.
Gaueko 22.00ak inguruan piztuko dute San Joan sua Andatza plazan herriko beste hainbat tokitan bezala eta gero jai giroak zein herritarren kalejirek jarraituko dute suaren inguruan.
San Pedro jaiak asteburuan hasi eta astearte gauera arte luzatuko dira aurten. Lasarte-Oria guztira zabalduko da jai giroa eta leku ezberdinetan burutuko dira ekitaldiak. Esaterako Okendon gazteentzako berbena eta rock kontzertuak, Andatza eta Islan egunez haurrentzako jaialdiak eta gauez helduentzako dantzaldiak, edota Kultur Etxean hainbat ikuskizun, besteak beste, folklore jaialdia, bertso saioa, eta musika-errebista ikuskaria.
Herrian banatutako giroa
Udaleko antolatzaileek adierazi dutenez, jai giroa Lasarte-Oria guztira zabaldu nahi izan dute, batetik ikuskizunak toki ezberdinetan jarriz eta kaleko ihardunak antolatuz. Horregatik zenbait kalejira, kale antzerki, eta kaleko orkestra ere badira San Pedroetako egitarauan. Ikuskizunak toki batean antolatu baino jai giroa toki batetik bestera, bertan den jendearengana, eramatea izan da Udalaren asmoa, Jesus Maria Zaballos zinegotziak adierazi duenez.
Horrela larunbatean bertan, txupin jaurtiketaren ondoren Trapu Zaharra antzerki konpainiak "El Pisito" Kaleko ikuskizuna eskainiko du, etxebizitzaren arazoari buruzko parodia. Egun berean arratsaldeko 5.30etan abiatuko da La Parrus Dixie Band Brigitarren komentutik bere blues eta jazz doinuekin Lasarte Oriako bazterrak girotzeko.
Igandean, arratsaldeko 8etan Les Pompiers, suhiltzaileen auto berezia ibiliko da ikusleen gozamenerako erdialdean zein Isla Plazan. Gauean Ken Zazpiren kontzertuaren ondoren Perfusion burrunba eta animazio taldea aterako da Okendotik gazteak dabiltzan tokiak girotzeko: Okendo ingurua, taberna zein txosnak. Eta asteartean ere izango da girorik kalean, batetik arratsaldeko 6etan hasi eta 9ak bitartean Oriako Txaranga herriko kaleetan barrena ibiliko baita, beste egun batzuetan bezala. Bestalde, pirata abenturazaleen ontzia helduko da 20.00etan Lasarte-Oriara.
Gazteak Okendo inguruan
Okendon burutuko dira gazteentzako ekitaldiak. Larunbat gauean, 1etatik aurrera Disko Festa izango da, igandean Ken Zazpi taldearekin kontzertua gaueko 11etan, astelehenean Egan taldearekin berbena eta astearte gauean bigarren rock kontzertua 1. Maketa Lehiaketako irabazle den Errenderiko Boogie Van eta Lasarte-Oriako saria jaso duen Gaueko Itzalak taldeen eskutik. Festa amaierako kontzertu hau gauerdi ondoren hasiko da.
Kultur Etxean ere bada ikuskizunik: larunbatean 20.00etan Folklore jaialdia, Toledoko "Grupo de Coros y Danzas El Romeral" dantza talde eta "Voces Navarras" nafar jotariekin. Larunbatean 19.00etan Biyak Bat koruaren emanaldia eta 23.00etan bertso saioa izango dira. Astelehenean, Miguel Caiceoren errebista musikala izango da 20:00etan Kultur Etxean 12 euroren truke.
Isla eta Andatza plazak izango dira festetako beste gune batzuk. Hemen egunez haurren jaialdiak izango dira eta gauez dantzaldiak. Isla Plazan, larunbatean La Habana orkestra eta astelehenean Passarela. Andatza plazan igandean Hollywood eta asteartean Belissima.
Haurrentzako egitarau
Haurrentzat ekitaldi ugari dira Okendo, Atsobakar, Isla eta Andatza plazatan sakabanatuta. Udalak jaiak direla eta argitaratu duen esku orrian aparte txikienentzat antolatutakoen zerrenda dago, hauek hartu eta une oro nora joan daitezkeen eskura izateko.
Haurrek tailerrak izango dituzte Okendon Makillajea larunbat goizean eta zirko eskola asteartean. Larunbat arratsaldean Atsobakarren elkartuko dira, han bukatuko da koadrilen kalejira, bertan bazkalduko dute eta ondoren, aukeran dituzte, uretako jolasak eta beraientzako herri kirolak.
Gainera haurrentzako parkea jarriko da igandetik asteartera egunero: igande eta asteartean Islan eta astelehenean Andatzan. Ikuskizun eta jaialdiak ere plaza hauetan egingo dira arratsalde-iluntzean, besteak beste, pirata eta lumagorriren ikuskaria.
Herri kirolak
Herriko tradizio eta sustraiak mantentzeari garrantzia ematen dio Udalak Jesus Zaballos udal ordezkariak adierazi duenez. Horrela bi herri kirol jaialdi burutuko dira: umeentzat, larunbat arratsaldean Atsobakarren eta igande eguerdian Okendon bigarrena. Hemen berrikuntza moduan bi neska bikote elkarren artean lehian arituko dira harri jasotzen.
Kirolak badauka lekua egitarauan. Lau egunetan, Arrantza lehiaketa, Calva, Bola eta Tokako txapelketak, goitibeheren jaitsiera, herri kirolak, pilota partiduak,... izango dira. Errekortadoreen erakustaldia ere egingo da igandean, 19.00etan Atsobakarko zezen plazan.

Tanborrada, txarangaren joan etorriak, su-artifizialak, sokamuturra, suzko zezena, erraldoi eta buruhandien kalejirak, Txistulari edo dultzaina joleen diana eta kalejirak, ohiko giroa ez da faltako egun hauetan. Bestalde, Jose Solanori omenaldia egingo zaio igande eguerdiko 12.15ean.
Ttakunen egitaraua
Egitarauko ekitaldi asko, herriko elkarteek eurek antolatzen dituzte udalaren laguntzarekin. Esaterako Ttakun-ek jaietan antolatutako ekitaldiekin bere egitaraua kaleratu du. Ostiral gauean Jam saioa izango da Jalgin herriko musikariekin 22.30ean, larunbatean, gaztetxoen kalejira eta bazkaria, -kalejira 1.30ean Islatik abiatuta Atsobakarrera bertan bazkaltzeko- arratsaldean sorgin dantza 18:00etan aterako da Oriatik, eta gauean zikiro afaria.
Igande arratsaldeko 6etan sagardoa dastatzeko aukera izango da Okendon, eta gauean bertso saio gaueko 23:00etan: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jesus Mari Irazu, Amaia Agirre, Unai Muñoa eta Patxi Etxeberria. Beraz bertako eskolako hiru bertsolari izango dira eta gai-jartzailea ere etxekoa: Iñaki Petxarroman. Egitaraua amaitzeko, astelehen gauean herriko taldeen rock kontzertua izango da Jalgin Bondi 22 eta Aurka taldeekin.
Txosna gune alternatiboa
Sorgin jaien gunea anbulategi ondoko plazan jarriko da. Txosnen inguruan egitarau ofizialean ez diren hainbat ekintza burutuko dira.
Ostirala, pijamen eguna izango da, larunbata preso, errefuxiatu eta iheslariena, igandea koadrilena, astelehena ajearena eta asteartea sorgin jaiarena. Hori iragartzen du behintzat 2008ko sorgin jaien egitarauak.
Hainbat kontzertu eta ikuskizun izango dira gune honetan, ostiralean, jaiaren bezperaren bezperan, Captain Nemo, Afonia, Jonny Gerriwelt & The Fucking Bastard. Aitor eta Iñigo DJak; larunbatean Feos Pero Majos eta Talde Sorpresa iragarri dituzte esaterako; astelehenean Lauroba, Txato Plato eta Harlore eta asteartean, Mari eta Aritz Sound Sistem. Igandean koadrilen showa eta karaokea iragarri dute.
Bazkari eta afariak ere egingo dira sorgin jaiaren gunean. Larunbatean presoen aldeko bazkaria eta gauean zikiro afaria. Igandean, koadrilen afaria eta sardina jatea.
Aldarrikapenei tokia
Jaietan, aldarrikapenek ere izango dute lekua. Ostiralean bertan, hilero azken ostiralean egiten den elkarretartzea egingo du Udaletxe aurrean Etxerat-ek, larunbatean, bazkaldu aurretik, 11.30 "presoekin batera" kalejira txosnetatik Udaletxera, 12.15eta abiatuko da bertatik triki poteoa eta 13.30etan preso, errefuxiatu eta iheslarien aldeko ekitaldia burutuko da eta igandean arratsaldeko 8etan independentziaren aldeko manifestaldia. Ondoren sardina jatea.
Beste hainbat gauza ere izango dira txosnetan, batukada, pailazoak, bertso poteoa, trikitilarien kalejirak, olinpiadak, danborrada herrikoia, umeentzat jolasak, Oria Ibaiko jaitsiera, dantza garaikidea, magia ikuskizuna, erromeria eta abar.
Blusa janzteko deia
Udaleko ordezkariek jaiei begira proposamen batzuk luzatu dituzte, batetik herritarrei eskatu die jaietako blusa janzteko. Bestetik jakinarazi dute ferianteekin akordio bat lortu dutela eta barrakatan zaldiko maldiko eta beste atrakzioetan prezioak ez direla aurten garestituko. Udalak ez die tasarik altxa eta trukean atrakzio ezberdinen jabeek ez dituzte hauen prezioak igoko. Iaz bezala bi euro balioko du txartel bakoitzak eta, haurren egunean euro bat.
Bestalde, askotan kexatu dira erabiltzaileak jende asko dabilenean moztu egiten dutela denbora eta akordioaren arabera, itzuli bakoitzak gutxienez bi minutu iraun beharko du. Prezioak igo edo denbora laburtzen badute, Udalak zigortu egingo ditu atrakzioen jabeak. Beraz Udaleko ordezkariek jakinarazi dute horrelakoren bat gertatuz gero, jakinarazi dezatela Udaletxean, neurriak hartu ahal izateko.•