Ana Labaka ondo aritu zen bertsolari gaztetxoen finalean

Txintxarri Aldizkaria 2008ko eka. 23a, 02:00

Euskal Herriko
Eskolarteko txapelketa

Ane Labaka, Lasarte-Oriako bertsolari gazteak, maila onean dagoela erakutsi zuen larunbatean Altsasuko Burunda Frontoian jokatu zen bertsolari gazteen Euskal Herriko XX. txapelketan. Maila oso ona izan zuen finalak oro har, eta azkenean handien mailan, 15 eta 18 artekoen artean, Miren Amuriza bizkaitarrak jaso zuen txapela. Berrizkoaren ondoren, bigarrena ere neska eta bizkaitarra izan zen, Jone Uria algortakoa.
Finalean nesken parte-hartze altua eta erakutsi zuten maila izan zen gauzarik nabarmenenetakoa. 14 urtez azpiko txikien mailan ere, lehen biak neskak izan ziren, Maialen Akizu 12 urteko urretxuarra eta Maddiane Txoperena, 14 urteko hendaiarra.

Ane onenen artean
Giro bikainean, ikusle askoren aurrean kantatu zuten finalean izan ziren bertsolari gaztetxoek. Ane Labakari dagokionez, ez zen Gipuzkoako finalean bezain bikain aritu, baina maila ona erakutsi zuen. Finalean parte hartu zuten 12 lagunetik erdiek pasa zuten galbahea, eta Anek lortu zuen sei onenen artean izatea, Ander Solozabal, Jone Uria, Miren Amuriza, Ximun Cazaubon eta Mattin Lukurekin batera.
Aipagarria da Ane Labakak haundian mailako finalean lehen aldiz kantatzen zuen bitartean, txapeldun eta txapeldunordeak azken aldiz kantatu dutela aurten: 18 urte beteta dituzte eta Bizkaiko Txapelketa nagusia izango da beren hurrengo erronka. Bi bizkaitarrak oso ondo aritu ziren kartzelako azken lan horretan: puntuari erantzun eta gai baten inguruan bertso bi bota behar zituzten.
Finalean lehen esan bezala parte hartzaileen artean izan zen neska kopuru altua izan zen aipagarri, txikien mailan hamalautik bederatzi izan ziren neskak. Azken urteotan bertso eskoletan nabarmen ugaritu da nesken kopurua eta eskolartekoan argi ikusi zen hori. Baina ez da bakarrik parte hartze altua, baina daukaten maila ere nabarmentzekoa da.
Ane Labakak ikasturte amaierako bidaitik egun bat lehenago bueltatu behar izan du finalean parte hartzeko, baina sari bikaina jaso ere bai. Bost egun pasako ditu irailan Hueskan finalean parte hartu duten beste 11 lagunekin.