Etxebizitza eta euskara izan dira berriro Udal batzarreko gai. Ostiralean, batetik, Okendo inguruko proiektuaren lehen onarpena egin zen, besteak beste Udaletxe berria, Brigidarren komentuaren aldaketak eta etxebizitzen eraikuntza aurreikusten dituena eta, bestetik, zenbait udal lanpostuk aurre ikusita zituzten hizkuntza eskakizun eta derrigortasun datak atzeratzea erabaki. Bi gaiek Plataforma, EAJ-PNV, EA eta EAE-ANVko ordezkarien aurkako botua jaso zuten, PSE-EEkoen aldekoa, PPko zinegotzia ez zen bilkuran izan eta EB-Berdeak taldeko Ricardo Ortegak, Okendoko egitasmoaren alde egin zuen baina hizkuntz eskakizunen botazioan ez zuen parte hartu.
Okendo inguru eraberritzeko Plan Berezia behin betiko onartu zuten ostiraleko Udal Batzarrean PSE-EE eta EBko zinegotziek. Ana Urtsuegiak bere alderdiaren hauteskundeetako programan zegoen puntu honen onarpena nabarmendu zuen: “Udaletxe berria eraikiko da, espazio berdeak izango ditu eta Brigidarren etxea berrituko da, guztia Jaurlaritzako Ondare saileko arkitektuaren txosten eta proposamenak errespetatuz”. Gainera, EAJ, EA, EAE eta Plataformako ordezkarien jarrera ozen kritikatu zuen alkateak. Gezurra esatea leporatu zien, bere ustez ez delako egia etxebizitza pribatuak lehenesten dituztela babestuen aurrean. "Aurreko plenoan onartu genuen Loidi Barrenen Babes Ofizialeko 100 etxe eraikitzeko egitasmoa eta espero dugu uztailean Jaurlaritzak Kotxeras-en etxebizitza gehiago egitekoa onartzea" esan zuen Urchuegiak.
Oposizioko alderdiek bat egin zuten kritiketan. Plataformako ordezkaria Ana Isabel Prieton hitzegin zuen hasteko, zera kritikatuz: 16 alturako "mamua" eraikiko dela eta herritarren iritzia jaso behar litzatekela gehienen ustez "astakeria" delako: "Pena da egitasmo interesgarria izan zitekeena era honetan zapuztea. Etxebizitza eta denda berriak, pasealeku, inguru berde eta plazarekin herrian integratu zitezkeen baina beste irudi bat geratuko da, 16 pisutako monstruoa. Urrutitik ikusiko da eta denori gogoraraziko digu zeinena izan zen zentrugabekeria hori egiteko ideia" esan zuen Prieto zinegotziak.
EAJko Estitxu Alkortak, aldiz, ez du uste hor hainbeste etxebizitza eraiki beharrik dagoenik eta etxebizitza pribatuei lehentasuna ematen zaiela salatu zuen, kotxerasko babes ofizialeko etxebizitzen egitasmoa aipatuz.
EAEko Joxe Goikoetxeak oro har bat egin zuen aurreko bien salaketarekin eta botoa aurka emango zutela jakinarazi, Udal Gobernuak etxegintza politika desegokia duelako.
Hizkuntz eskakizunak
Bestalde,PSE-EEko zinegotziak bakarrik geratu ziren zenbait udal lanposturen hizkuntza eskakizunak malgutzeko proposamenean. Euskara batzordeko buru den Ricardo Ortega EBko ordezkaria bera ere abstenitu egin zen. Beraz, zenbait lanpostu berri eta huts betetzeko aurki egingo diren deialdietan ez dira euskara zerbitzuak proposatutako datak beteko. Aurretik ezarrita zeuden hizkuntz eskakizunak aldatu egingo dira. Oposizioko alderdiek gogor salatu zuten Udal Gobernuaren jarrera hiru udaltzainen, obretako arduradunaren, bi margolari eta beste bi igeltseroren derrigortasun data 2012 bukaerara atzeratu delako.
Oposizioaren ustez, Euskara departamentuaren txostenei ez zaie kasurik egin erabaki hau hartzerakoan. Denak egoki ikusten zuten Udal teknikarien proposamena eta ez zuten hori aldatzeko arrazoirik ikusten. Are gehiago, EAJko Estitxu Alkortak nabarmendu zuen ez dela arrazoitu aldaketa, eta 1997ko legea urratzen denez, gobernuak aldaketaren arrazoiak azaltzen ez baditu agian legalki joko dutela erabakiaren aurka. EAEko Txanpi Baztarrikak salatu zuen euskararen inguruan plangintza ponpoxoak onartzen dituela Udalak baina ez daudela herritarrei begira: txostenak eskatzen zaizkie teknikariei baina gero kasurik egin ez. Bere ustez, hobe da helburu xumeagoak dituzten egitasmoak onartzea, baina gero betetzeko. "Eskatzen dizuet ausartak izateko, eta ez beti besteen lana oztopatzen ibili".
Ana Urchuegia defenditu zen Euskara teknikarien txostenak lotesleak ez direla esanaz, hau da, udal ordezkariak informatzeko balio dutela, beste bete beharrik gabe. Beraz gero, libre direla nahi dutena erabakitzeko, teknikarien iritziaren aurkakoa bada ere.
Alkatearen ustez, garrantzitsuagoa da herritan guztiei aukera berdina ematea, hau da ez dadila inor lanpostu horietan lehiatzeko aukeratik kanpo izan, eta behin lanpostua eskuratuta denbora emango zaie oraindik euskaldundu gabe dauden pertsona horiei hizkuntza eskakizuna bete dezaten.•