Zer suposatzen zuten festak gure haurtzaroan? Zer ziren guretzat?
Festetan gauzak asko aldatzen ziren. Hasteko dirua edukitzen genuen gastatzeko. Hori nobedade handia izaten zen, ze orain umeak diruarekin ibiltzen dira. Gure garaian gehienek "paga" izaten zuten baina pagak igandean gozokiak erosteko adina ematen zuen. Aste egunean umeek ez zeukaten dirurik.
Baina festetan bestela zen. Izebak, amonak, amonaren lagunak, bizilagunak....dirua ematen ziguten "Barraketan gastatzeko". Nahiz eta gero amak inbertsio plana ezartzen zigun. Eta erdia baino gehiago itsulapikorako zen.
Beste aldaketa izugarria, izeba-osabak eta lehengusuak festak pasatzera etortzen zirela zen eta etxean kriston iraultza egoten zen. Zure gela izeba-osabei utzi, eta lehengusuekin ohea, sofa, edo lurrean koltxoi bat konpartitu, hiru edo lau ume ohe berdinean,(festetako gauzarik onena ia.) Etxea bete jende.
Bazkariak beste mobida bat izaten ziren Izugarizko banketea San Pedro egunez. Amak bi hiru egun lehenago kroketa masa mordo bat egin eta gero biltzen laguntzen genion.Ganbas a la gabardina, eta antzeko masadun fritoak. Fritoak lujo bat ziren. Arrai zopa (Bere lan guztiarekin) ondoren okela edo, flanak eta sagar tarta edo zer dakit nik, zenbat janari prestatzen pasatzen zituzten aurreko egunetan ama gajoek. Gogoratzen dut egundoko jan festa izaten zela. Ze zetozenak ere janari gehiago ekartzen zuten. Janaria oso garrantzitsua zen.
Hala ere festetarako zafarrantxoa lehenago hasten zen, agian hamabost egun lehenago. Lehengo sukaldeko sabaia zuritzen zuen amak, buruan zapia jantzi eta "Titanlux" poteak, brotxak, periodiko zaharrak lurrean.....Alajainkoa, hura bai festa hura! Ondoren guk lagundu behar izaten genuen, lurretik sabairaino baldosa zuriak izaten zituzten sukalde gehienek eta bai, "Blanco españa" hauts zuri madarikatu hura, brotxa txiki bat hartu eta baldosen tarteko erreten guztietan eman arazten zigun amak, ondoren asko lehortu baino lehen trapu busti bat pasa, zuri zuri gera zitezen tarte guztiak. Eta sukaldeak txukundu ederra hartzen zuen, hurrengo Gabonetara arte gutxienez. Esan dugunez, janaria oso inportantea zen eta mahaia ere bai noski. Amak arreorako egindako mantela, (Ala amonarena zen?), festetako baxera, mahaia ahal ziren luzagailu guztiekin, ume guztiak alde batera mahai txiki batean bazkaldu. Eta postretarako mantekatua. Hori egunerokotik asko ateratzen zen.
Ama gajoak festak? Zer festa? Zorionez gaur egungo ama gehienentzat "festa" mota hau bukatu da, eta festetaz gozatzeko aukerak ditugu. Gora festak!
ONGI PASA SAN PEDRO JAIAK!