Bertso berriak San Pedroei jarriak

Txintxarri 2008ko eka. 26a, 02:00

FESTEI BURUZKO
"GAZTEAREN" IKUSPUNTUA

Zeruetako San Pedro jauna,
kontrola ezazu gaueko fauna.
Pekatuan bizi diren mila,
infernuko neska ta mutila,
pozez dabiltza
albora utziz kristau bizitza.
Ai, Patxi zaharra hemen balitza

Beno, alkate andrea dago...
Nahiz ta egin zezakeen gehiago.
Txosnak dituzte erdi-erdian,
ta ilusioa agerian.
Badakit nik´e!
Ez errepetu ta ez limite,
bazterrak nahasten ondo dakite.

Muxu ta muxu, xirri ta xirri,
bateko laztan ta besteko irri.
Ta edozein plaza iskinetan
hasten dira zinkinkerietan...
Mesedez Ana!
Aldatu ezazu panorama,
negarrez dago zeruko ama.

Erdi musika, erdi zarata,
dantza eta salto, zirti ta zarta...
Libre arauak ta libre droga,
politika ere izango da...
Sorgin jaietan,
pozoina daramate zainetan.
Ez bada hala, hil nadin bertan.

Doinua:
Juana Bixenta Olabe

UNAI MUÑOA

FESTEI BURUZKO
"ZAHARRAREN" IKUSPUNTUA

Garai bateko San Pedro jaiak
etziran txantxa izaten.
Gogoratutzen zaixkidan batzuk
saiatuko naiz esaten,
bezperatikan hasitzen giñan,
jendiak jakin zezaten
orduan ere festa ederrak
egiten ziran Lasarten.

Orduan zan hau Lasarte eta
gaur da Lasarte-Oria,
lau bat herriren morroiak giñan
bañan bazan umoria.
Ez gendun diru asko izango
urtean ziar gordia,
bañan festetan danok ederki
gozatzen giñan ordia.

Lehenago danok etxian giñan,
herriko mutil da neskak.
Ez giñun iñor urduri jartzen,
nun ote zebiltzan kezkak.
Ziran onenak ekartzen giñun,
han da hemendik orkestrak,
ta Sanpedrotan ospatzen giñun
lau bat eguneko festak.

Urte haietan festa zalea
herrian jende asko zan,
festan gozatu nahi genduanak
iñondik ahal baldin bazan
gauean egin gendun parrandak
nahiz asko samar erasan
biaramonen berriz han giñan
guztiok herriko plazan.

PATXI ETXEBERRIA