Jose Solano / Pilota eskolako arduraduna, 2008ko San Pedro Jaietako omendua
Jose Solanok lau hamarkada eman ditu pilotalekuetan. 900 pilotari baino gehiago izan dira urte hauetan bere esanak entzun dituztenak.
Nola hartu duzu omenaldia?
Ez nuen halakorik espero eta poztasun handiarekin hartu dut. Urtetan haurrekin ibili izanagatik egingo didate omenaldia eta oso kontentu nago.
Jokalari moduan lehenik eta entrenatzaile ondoren baina beti frontoiean.
Baserri alboan pilotalekua genuen eta zortzi urterekin jokatzen hasi nintzenetik saltsa horretan ibili naiz.
Noiz jantzi zinen zuriz lehen aldiz?
Jubeniletan. Garai hartan ez zegoen, orain dagoen moduan, adinkako txapelketarik eta inguruko herrietakoen aurka jokatzen genuen. Herri batetik bestera dauden bizpahiru kilometroak oinez egiten genituen, partida jokatu eta etxera ostera.
Jubeniletan eta afizionatuetan serioxeago, ala?
Bai, bai. Jubeniletan Etxarri eta Altsasuko txapelketetan jokatu nuen. Gero, afizionatuetan, Erasunen, Iruñean, Irurtzunen... 35 urte bete arte. Hamasei denboraldi egin nituen afizionatuetan. Ondoren, beteranoetan 50 urte arte. Galtza zuriak eta gerrikoak Zumaian jantzi nituen azkenekoz. Lagun batek bi partida zituela ordu berean eta Zumaiara bere ordez joateko eskatu zidan. Hura izan nire azken pilota partida. Txapelketa irabazten banuen erretiratuko nintzela zin egin nuen eta txapelketa irabazi genuenez...
Zer faltatu zitzaizun profesionaletara pasatzeko?
Festibaletan profesionalekin jokatzera iritsi nintzen baina garai hartan Empresas Unidas baino ez zegoen eta on onenak baino ez ziren pasatzen. Oso zaila zen eta ahalegindu ere ez nintzen egin.
Zentzu horretan gauzak asko aldatu dira, ezta?
Nire garaian 30 profesional izango ziren, asko jota. Gaur egun 100 izango dira. Enpresak ere, Asegarce, Aspe, Frontis, Jolas Naiz, ... asko daude. Orain, gainera, Retegitarrek beste bat irekiko dutela aipatzen da. Orain aukera gehiago dago.
Zuk jokatzen zenuena eta oraingoa, biak pilota dira baina ez dute beste askorik komunean, ala?
Materialetik hasita. Ohartzen bazara, banan banako partida gehienak modu berean joaten dira. Pilotari batek zazpi-zortzi tanto egiten ditu bere pilotarekin eta jarraian besteak beste horrenbeste berearekin. Pilotak pilotaria gainditzen du, alderantziz beharko lukeenean. Hau da, pilotariak pilotaren gainetik beharko luke.
Lehen ez al zegoen halako alderi pilota batzuen eta besteen artean?
Antzekotasun gehiago zuten eta erabilgarriagoak ziren. Takoak jartzen ere ia ez genekien. Partida asko esku hutsean jokatzen ziren. Orain, aldiz, pilotariak ez du eskuarekin pilotarik ukitzen. Eskularrua balute bezala da.
Pilotarien bizimodua ere ez dago alderatzerik.
Zalantzarik gabe, orain askoz profesionalagoak dira eta fisikoki prestatuagoak daude. Izugarri zaintzen dute euren gorputza eta elikadura, gimnasioan ordu piloa egiten dute...
Izenik aipatu gabe, hori betetzen ez duen bakarren bat ere badagoela ez al zaizu iruditzen?
Bada bat edo beste, bai.
Zuk jokatzen zenuenean baino oihartzun gehiago al du pilotak?
Zalantzarik gabe. Punta puntan daude Irujo, Titin, Olaizola eta beste batzuk Errealeko futbolari gehienek baino diru gehiago irabazten dutela esango nuke. Bigarren mailakoek ere beste lanik egin gabe pilotarekin nahikoa izan dezakete. Hortik atera kontuak. Nire garaian bidaia ordaintzeko ere ez genuen ateratzen.
Atzera begira jarrita, zein oroitzapenekin geratzen zara?
Zalantzarik gabe, sekula ahaztuko ez dudana, sekulakoa izan baitzen, herri arteko txapelketako finala izango da. Lasarte-Oria bigarren sailkatzea inork espero ez zuen garaipena izan zen guztiontzat. Pilotari moduan, irabazitako txapelketak eta jokatutako finalak. Guztien gainetik Zumaiako txapelketarekin geratzen naiz. Beteranoetan jokatu zen lehenengo txapelketa irabazi nuen eta hamabost urtetara, nire azken partidan, berriro txapeldun geratu nintzen azkoitiar bat bikote nuela. Bitxikeri moduan, esan beharra dago antolatzaileek ere ez zutela uste irabaziko genuenik eta sariak ere prestatu gabe zituzten. Larrialditik ateratzeko palista baten trofeoa eman zidaten. Aurrerago benetako eman zidaten.
Posible ikusten al duzu herri arteko txapelketan sailkapen hori errepikatzea?
Zergatik ez? Urte berean hiru mailatan bikote politak izatea da kontua. Badaude maila ona duten gaztetxoak baina zein adin arte jarraituko duten da kontua. Aukeratu behar dutenean futbolaren alde egiten dute.
Sakrifizio handia suposatu al du horrenbeste urte pilotari emateak?
Lasarte-Oriara iritsi eta berehala bai. Nafarroan jokatzen ziren zenbait txapelketatan apuntatua nengoen eta joan etorriak neketsuak egiten ziren. Gauez egiten nuen lan Michelinen eta askotan oheratu gabe trena edo autobusa hartu eta Etxarrira edo Irurtzunera edo zegokion tokira joaten nintzen. Halere, gustura egiten nuen eta esaerak dioen moduan, gustuko lekuan aldaparik ez.
Nola ikusten duzu pilotaren osasuna gaur egun?
Zaletasunari dagokionez oso ona eta telebistak sekulako eragina izan duela iruditzen zait. Gaztetxoei galdetu besterik ez dago. Finala besterik ematen ez zutenean telebistan ez zuten pilotari bakar bat ezagutzen, Retegi II akaso. Saskibaloi jokalariez galdetu eta guztiak ezagutzen zituzten. Gaur egun pilotari ia guztiak ezagutzen dituzte eta horretan telebistak zeresan handia izan du. Telebistan ikusten dituzten pilotarien posturak ere hartzen dituzte eta hori ez beti ona, norberak bere nortasuna izan behar baitu.
Gaur egun, zein da pilotaririk onena?
Hiru daude besteen gainetik, bakoitza bere estiloarekin. Bata Titin da, jokalari ikusgarria, artista aurreko koadroetan. Bestea Olaizola II da. Oso ona da aurrean eta sekulako burua du. Oso inteligentea da eta partidetan hori baliatzen daki. Hirugarrena Irujo da. Sekulako dohainak ditu baina oso erreboluzionatua jokatzen du. Bere gabezia handienak, hots, Olaizolak duen burua, galdu egiten du. Olaizolaren burua balu onena litzateke.
Konparaketak egitea zaila den arren, ezagutu duzun pilotaririk onena nor da?
Ogeta, zalantzarik gabe. Gero Retegi II, Beloki, Eugi, Arretxe... Etorkizunari begira, gazte direnak eta indartsu datozenak Patxi Ruiz eta Oiher Mendizabal dira.
Retegiren ondoren eskuz eskuko garaipenak zikloka joan dira. Halako nagusitasuna inork azaldu ez izanak pilotarien maila parekatu egin dela adierazten al du?
Oso zaila da txapelketa asko jarraian irabaztea. Askotan entzun izan dut halako edo bestelako pilotariarekin urtetarako txapelduna genuela; Bergara I, Tapia I, Gorostiza, Barriola, etab.
Azpitik datozenak indartsu iristen dira. Beloki eta Eugi sendo zeudela zirudienean Olaizola, Barriola, Irujo eta beste batzuk agertu dira eta hauen ondoren beste batzuk agertuko dira.
Lehen baino jokalari on gehiago al dago orain?
Agian bai baina ez pentsa horrenbeste dagoenik. Lehen mailan jokatzeko hamar jokalari besterik ez daude. Enpresei, ordea, jokalariak ateratzea interesatzen zaio. Futbolean esaten den bezala, lehen mailan jokatzen dute baina ez dira lehen mailako jokalariak.
Haurrekin, zer moduz?
Dedikazio handia eskatzen dute. Poztasun handiak ematen dituzte baina baita disgustuak ere.
Esanak entzuten al dituzte?
Denetarik dago. Gehienek ongi hartzen dituzte aholkuak baina guztia dakitela uste dutenak ere badira. Behin eta berriz esanagatik ere jaramonik egiten ez dutenak.
Eta gurasoekin?
Denetarik dago. Behin baino gehiagotan etorri zaizkit beren semea pilotari ateratzen ez bazen nik nahi ez nuelako zela. Norberaren semea onena dela pentsatzea nahiko zabaldua dago gurasoen artean eta denetarik entzutea tokatu zait. Hauei, beti gauza bera esaten diet, ona dena aterako dela. Nik nahi dudana aterako balitz, ez al duzu uste nire semeak aterako liratekeela?
Lasarte-Oriara iritsi eta berehala hasi al zinen haurrak entrenatzen?
Ez. 25 urte nituela etorri nintzen, 1960ean. Pilota eskolan, ostera, hamar urte beranduago arte ez nintzen hasi. Geroztik, 35 urtetik gora daramat horretan.
Beti Intzarekin?
Hasieran nire kabuz hasi nintzen. Mutil koskor batzuk eta heldu batzuk elkartu eta entrenatzen hasi nintzen herri artek txapelketarako taldea osatu asmoz. Auzoko haurrak etxera etortzen ziren pilotak eskatzera eta haiekin joaten nintzen Okendora edo Michelingo pilotaleku estali gabekora. Final erdietara iritsi ginen eta Segurak kanporatu gintuen. Gero hasi ginen Intzarekin.
Zer kendu eta zer eman dizu pilotak?
Ez dut uste ezer kendu didanik. Tira, denbora eta lo orduak, hor bai. Gainontzean, eman gehiago egin didala uste dut.
Emazteak ere izango du zeresanik, ala?
Hori ere pilotari zor diot. Beste pilotari bat ikustera joan zen baina, gauzak nola diren, nire emazte izango zena ezagutu nuen. Egia esan, laguntza handia eman dit urte guzti hauetan. Nik ezin nuelako zenbatetan eraman ote ditu pilotariak txapelketetara. Aholkurik ez zien ematen, noski, baina berak eraman eta ekartzen zituen pilotari gazteak pilotalekuetatik.
Oraindik ere Michelinera joaten jarraitzen duzu?
Juan Mari Artega da orain eskolako entrenatzailea eta Jose Felix, nire semea, delegatua da eta federazioko kontuak eramaten ditu. Ni lehen baino gutxiago joaten naiz. Asteartetan eta ostegunetan txikiekin joaten naiz, gusturago nago. Osasun kontuengatik, halere, ekainetik aurrera ez dut inolako ardurarik hartu nahi, ahal dudanean Michelinera joaten jarraituko badut ere.
Zenbat gaztetxo dituzue eskolan?
35 inguru. Gehiago ere izan ditugu baina azken urtetan kopuru horretan gabiltza. Futbolak asko kentzen dizkigu eta pena da, ezinezkoa baita talde txukun bat osatzea. Zorionez, joaten diren adina berri hasten dira urtero.
Hasiberriei zein aholku ematen diezu?
Lehen helburua, zazpi edo zortzi urterekin etortzen direnean, gustura ibiltzea da kontua. Modu batean edo bestean pilotari ematea eskatzen diet, inolako zuzenketarik egin gabe. Handitzen doazen neurrian bizio txarrak kentzen ahalegintzen naiz. Ondoren, hanken posturak, gorputza nola jarri, besoen mugimendua, pilotari nola eman, sakea...
Herrian zaletasunik ba al dago?
Lehen baino gehiago bai. Egunotan San Pedro jaietako txapelketako partidetan jende dezente bildu da. Herri gunean dago eta jakin minagatik besterik ez bada ere jendea hurbiltzen da. Aldiz, Michelinen maila oneko partidak jarrita ere apenas inor joaten da. Jendeari kosta egiten zaio Michelinera joatea pilota partida bat ikustera.
Okendoko frontoia kentzen dutenean zer gertatuko da?
Kolpe gogorra izango da. Txapelketak antolatzen jarraituko dira baina ikusle gutxiago egongo da. Okendo leku paregabea da.
Tabakoaren legearekin puruak pilotalekuetatik desagertuko zirela pentsa zitekeen baina ez da horrela izan. Imajina al zenezake pururik gabeko frontoirik?
Biak lotuak doaz. Ia derrigorrezkoa izan da pilotalekuetara purua eta guzti joatea, eta zenbat eta handiagoa hobe. Tripa ondo bete, kafe konpletoa eta dirutza jokatu, hori izan da betiko ohitura eta zaila da hori aldatzea.
Apustuak aipatu dituzu. Dirutza handiak jokatzen al dira frontoietan?
Jokatu izugarri, irabazi gutxi. Frontoian dirua galtzen duena etxera joaten da normalean. Irabazten duenak, ordea, beti izaten du afaltzera joan eta parranda egiteko lagun taldea zain eta, beraz, erraz xahutzen dira apustuan lortutako irabaziak.