“Festa giroa herrian sakabanatu nahi dugu”

jon-altuna 2008ko ekainaren 26a

Jesus Maria Zaballos Lasarte-Oriako Udaleko zinegotzi gazteena da eta berak hartu du, kirolaren zein Gaztedia eta Festak sailaren ardura. Lehenengo sanpedroak dira zinegotzi denetik eta berak azaldu dizkigu aurtengo egitarauan nondik norakoak eta berrikuntzak. Jaigiroa herriko plaza askotara zabaldu nahi izan dute eta kaleko ikuskizun asko egongo dira.

Jesús María Zaballos Gazteria eta Festak saileko burua

2008ko sanpedro jaien antolaketako berrikuntzetako bat izan da, herritarrei proposamenak egiteko aukera eman zaiela. Betidanik herriko elkarteek antolatu izan dituzte gauzak eta Udalak lagundu. Aurten herritar guztiek izan dute Udalak antolatzen dituen ekitaldiei buruz iritzia emateko modua.
"Orri bana jarri dugu herriko atari guztietan horren berri emanaz. -esan digu Jesus Maria Zaballos zinegotziak-. Penaz aitortzen dut soilik bost proposamen aurkeztu zirela, eta bost horietatik denei ezin izan diegu erantzun egokirik eman, baina beste askori bai. Esaterako musika taldeak ekartzeko egindako sei proposamenetatik bi hemen izango dira: Ken Zazpi eta Disko Festa. Eskaeratako bat oso sakon eta luzea izan zenez, egilearekin harremanetan jarri eta banan banan aztertu ditugu: zuzenean azaldu genion zer den posible eta zer ez. Saiatu gara eskatu diguten guztiari erantzuten, gure eskutan zegoen kasutan eta gure posibilitateen arabera”.
Danborradan neskak ateratzeko proposamena izan da, azkenean aterako dira?
Bai sukaldari moduan aterako dira. Danborradaren arazoa arroparena da, daudenak daude. Atera nahi dutenek izena emateko epea zabaldu dugu eta badakigu Zentro Zibikoko emakumeek asmoa daukatela.
Haurren danborradako arropak ere berritu egin dira...
Guraso askok aipatu izan digute arropen tamainak handiak zirela, batez ere sukaldarienak, eta behin berritzen hasiz gero, denak berritu ditugu.
Danborradan ahalik eta haur kopuru handienak parte hartu dezan, izena ematen zuten lehenengoei traje berriak eman dizkiegu eta horiek banatutakoan, zaharrak, inor kanpoan geratu ez zedin.
Aurtengo San Pedro jaietako egitarautik zer nabarmenduko zenuke?
Herriko elkarte asko dira festatako egitarauan ekitaldiren bat sartu nahi dutenak. Denak ez dira lau egunetako egitarauan sartzen eta beraz aurreko urteetan bezala aurretikoekin hasten gara. Festen egitaraua gero 28an hasiko da. Aurten asteburuan hasten direnez, igandea, astelehen eta asteartean haurrentzako ekitaldi asko jarri ditugu.
Honekin batera tokien arabera antolatu dugu egitaraua, Okendo gazteen ekitaldien gunea izango da, hor burutuko dira berbena eta kontzertuak, eta helduenak Andatza eta Isla artean. Haurrenak ere plaza ezberdinetan egingo dira. Herriko espazio guztietan haur eta gaztetxoentzat giroa jarri nahi izan dugu.
Kaleko iharduera asko dago, horixe zen gure asmoa: kaleetan mugimendua izan dadila. Ez plaza batean zerbait dagoelako jendea bertara hurbiltzea, baizik iharduera hori jendearengana eraman nahi dugu. Larunbatean bertan, txupin jaurtiketaren ondoren kale antzerkia izango da, "El pisito" lanak etxebizitzaren arazoa parodiatzen du. Kalez kale ibiliko dira baita, Les compiers, suhiltzaileen autoa, piraten ontzi bat, Dixie Band jazz eta blues doinuak eskainiz eta Perfusion burrunba taldea.
Haurrentzako herri kirol jaialdia izango da, nolakoak diren ikus dezaten. Okendo plazan umeentzako tailerrak ere izango dira, lehenengoa txupinazioaren aurretik, makillajea, horrela haurrek txupinazora mozorrotuta joateko aukera izango dute eta azken egunean, 1ean, zirko eskola. Lumagorri, indioak,... aurten hiru jaialdi izango dira igande, astelehen eta asteartean.
Eta gazteen giroa Okendo inguruan...
Okendon igandean kontzertua antolatu dugu gazteentzat, Ken Zazpi taldearekin eta ondoren giroari eusteko Perfusión izeneko taldea ekarriko dugu: Okendon hasi eta kalez kale ibiliko dira, besteak beste, kale nagusi, taberna eta txosnetan joaz, gazteak dabiltzan lekuetan, alegia. Larunbatean, festei hasiera emateko disko festa izango da eta astelehenean Egan.
Eta azkenik, maketa lehiaketako irabazleen kontzertua. Asteartean bi irabazleek joko dute, Errenteriko Boogie Van-ek eta Lasarte Oriako Gaueko Itzalak-ek.
Beste era bateko ekitaldiak ere badira...
Folklore jaialdia ere egingo da, aurten Erketzekoak Toledon izan dira, eta horregatik bertakoak etorriko dira Lasartera. Jaialdia osatzeko Nafarroako jota talde bat ekarriko dugu Kultur Etxeko jaialdi honetara. Bertso saioa ere izango da Kultur Etxean Ttakunek antolatuta, igandean gaueko 11etan. Variette ikuskizuna ere eskatzen du jendeak, urtero bete egiten da Kultur Etxea, eta aurten, artista aldatu dugu, Miguel Caiceo dator astelehenean.
Herri kiroletan ere berrikuntza dago...
Jai herrikoiak baldin badira, herriaren tradizioa errespetatu eta bultzatu behar dela uste dut. Horregatik kalba, pilota, boloak,... bultzatzen ditugu. Urtero antolatzen dugu herri kirol jaialdia, eta tradizioak errespetatuz ondo iruditzen zaigu berritzea. Horregatik aurten neska bikoteak lehian jarriko ditugu herri kiroletan.
Zenbateko aurrekontua izan duzue?
136.000 euroko aurrekontua, aurrekoan baino 18.000 euro gehiago izan ditugu. Ekitaldi nagusiak, rock kontzertua, berbenak eta haurrentzako jaialdiak dira eta horretan erabiltzen dugu diru gehiena. Datorren urtean astegunean izango dira jaiak eta berbena taldeak merkeagoak izango direnez, hor aurreratutakoa beste ekintza batzuetan erabiliko dugu. Egitaraua daukazun aurrekontura egokitu behar da azken finean.
Solano omenduko duzue, zer dela eta? zerbait komentatu nahi al duzu?
Omenaldiarekin nahi duguna zera da, herritarren batek herri mailan egindako lana erreferentzia izan dadila. Udalak eta Txindoki elkarteak erabaki du aurten Jose Solano eta bere familia omentzea pilota bultzatzeko egiten duten lanarengatik. Lehen aipatu dugun bezala, euskal tradizio eta sustraiak bultzatu nahi ditugu, Lasarte-Oria udal gisa sortu berria da, baina tradizio handikoa ere bai. Pilota da horietako bat, eta urte guztian zehar Jose Solano eta bere semeek lan handia egiten dute umeekin, entrenamenduak, herriarteko txapelketarako prestakuntza,... Garaia zen bera omentzeko.
Iaz preserbatiboak banatu zenituzten...
Gazte sailarekin batera aurten ere banatuko ditugu, txosna eta tabernetan. Euskal Herrian sexu gutxi egiten dela esaten bada ere, egiten dena seguru egin dadila.
Txosnak betiko lekuan egongo dira,..
Txosna batzordearekin adostu dugu 24an hasiko direla muntaketan, eta 27 gauean zabaltzeko aukera emango diegu, jada festa aurreko giroa egongo denez, 9etatik 2etara bitartean. Beste egunetan goizaldeko 3ak arteko baimena izango dute musika izateko, berbenen ordutegia, eta hortik aurrera beste ordu bete utziko dira zabalik.
Aurtengo beste berrikuntza maketa lehiaketa eta irabazleen kontzertua izango da, ezta?
Maketa lehiaketaren egitasmoa herrian zenbait musika talde bazirela jakin genuelako sortu zen. Talde horiei nola lagundu pentsatzen hasi ginen, eta ondoko herrietan zer egiten zen ikusten. Herri batzuetan maketak grabatzeko laguntza ematen zuten saritzat, baina gure ustez, gaur egun taldeek maketak grabatzeko erraztasunak dituzte, eta beraz aurrera pausu bat emanaz lehiaketa antolatu dugu.
Herritarren eskaeratako bat izan da, festatako egun batean herriko rock taldeekin kontzertua antolatzea eta hortik abiatu zen lehiaketa sortzeko ideia. Aukera eman diegu euren maketak aurkezteko, sari nahiko majoa eman dugu eta sanpedrotan jotzeko aukera eskaini.
Pozik gaude, epai mahaian izan dira Donostiako sariketan daudenak eta euren ustez arrakasta handia izan dugu. 17.000 laguneko herri bat izanik 25 maketa aurkeztu dira. Gehienak inguruko herrietakoak eta interneteko musika orrialdetan propaganda apur bat egin dugunez, zazpi iritsi zaizkigu kanpotik, Madrid, Zaragoza, Bartzelona, Tarragona, Valentzia, Malaga,... Kalitate onekoak izan dira, denetik zegoen, pop, rock sinfoniko, kantautore, DJ, ...
Eta Euskal Herrian maila ona dago beraz, bertakoak izan dira lehenak,...
Errenderikoek irabazi dute. Duten maila sanpedrotan ikusiko dugu.70. hamarkadako musika egiten dute. Bigarrena Valentziako rock sinfoniko talde bat izan da. Eta herriko saria Gaueko Itzalak taldeak jaso du.
Dena den, herriko talde gutxik hartu dute parte, ezta?
Bai, bi bakarrik aurkeztu dira. Herrian zenbat talde dauden eta zeintzuk diren jakiteko erabili nahi genuen lehiaketa, beharrik baldin badute guk dauzkagun azpiegituretan leku bat bilatzeko.
Talde gehiagok parte hartuko zutela uste genuen, baina jarraituko dugu antolatzen eta gure ustez, Gaueko Itzalak 700 euroko saria jaso duela, sanpedrotan herrian bertan jotzeko aukera izan duela eta udal lokal batean ensaiatzen dutela ikusirik, hurrengo urteetan parte hartzaileen kopurua ugarituko dela.
Ze eskaintzen die Udalak
Bi espazio ditugu herriko taldeek erabili ditzaten, bi erabilera diferenteak dituztenak. Parapetoa, inguruan etxebizitzarik ez duenez, musika taldeei uzten diegu. Guk giltzaren kopia bat eman eta ordutegia finkatzen diegu eta han dabiltzan taldeek eurek kudeatzen dute: garbiketak, txandak,... Berritze Gunekoak, Oztaran ikastetxean, espazio txikiak dira eta herriko elkarteei uzten diegu, pintura tailer, auzo elkarte, dantza, rol joko talde eta abarrei. Berdin funtzionatzen du, elkarteek eskaera egiten dute Hezkuntza Sailean, eta baimena jasotzen baldin badute giltza ematen zaie.
Festetako kartela eta esku-orria atera dituzue
Lehen kartela ateratzeko lehiaketa egiten zen, baina parte hartze txikia eta ez zenez kalitate on onekoa, azken urtetan Julen Toquerok egin du.
Esku-orrian lau egunetako egitaraua doa eta haurrei zuzendutako ekitaldien egitaraua dauka itsatsita, esku-orritik banatzeko moduan. Horrela hartu eta poltsikoan eraman dezakete une oro zer dagoen jakin dezaten. Eskura izango dute eurentzako antolatutako ekitaldien zerrenda.