San Juanak bukatu direla egun eskas eta denak San Pedroak iristeko irrikitan. Egitarau zabala dugu aurten Sorgin Jaietakoa, urtero moduan jendeak ondo pasa dezan. Helburua herriarentzat eginiko jaiak antolatzea da, horretarako egiten dituzten iharduera guztiak herritarrek parte hartzeko pentsatuak dira
Gauza berriak ikusiko ditugu aurtengo San Pedroetan baina baita ere urtero arrakasta handia izan duten eta dagoeneko jaien parte diren Oriako jeitsiera eta Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia. Txosna gunea ia deskansorik gabe egongo da martxan eta nahi duena gerturatu daiteke. Gune irekia da parrandarako, ikuskizunetarako eta baita potetxo bat lasai hartzeko. Txosnak gainera era estrategikoan daude antolatuta, ez dira borobilean ixten, paretari besterik ez diote bizkarra ematen, horrela gune irekiaren ideia jendeak hobeto antzeman dezan.
Herrietako jaietan herritarrek parte hartu nahi izaten dute eta ez bakarrik ikusle moduan, lagun arteko joku eta jai giroan ere bai eta Lasarte-Oriako herritar askok hori botatzen dute faltan. Lehen jaiak parte hartzaileagoak ziren, baina gutxinaka desagertzen joan dela eta udaletxeak ikuskizunak besterik ez dituela antolatzen salatzen dute Sorgin Jaietako antolatzaileek, Lasarte-Oria ez omen da turistak erakarri behar dituen hiria, herri txiki bat da eta jendeak parte hartu nahi du jaiak antolatuz eta kaleak girotuz. Prestaketa lanetan arazoak izan dituzte oholtzarekin, udaletxetik ez dute estalitako tablaturik jarri nahi burniekin istripurik egon ez dadin, baina gauden herrialde honetan ez litzateke arritzekoa izango egunen batean txaparroi bat edo beste erortzea. Aurten inoiz baino bilera gehiago egin dituzte egitaraua osatu ahal izateko, badirudi geroz eta traba gehiago jartzen dutela udaletxetik, agian festa alternatiboek duten arrakasta ikusita edo.
Ostiralean hasten dira
Sorgin Jaiak
Ostiralean hasiko dira Sorgin Jaiak, ofizialak baino egun bat lehenago. Gaur egun jende askok egiten du lan herritik kanpo eta ezin du jai egun horietaz gozatu lan egin beharra duelako, horregatik asteburua ahal den gehien aprobetxatu nahi dute.
Lehen eguna, ostirala 27, pijamen eguna izendatu dute. Berez, egun horretan oraindik ez dira jaiak hasi, luzapen txiki bat da, horregatik ez da blusoia janzteko eguna eta hori sinbolizatzeko pijamak jantziko dituzte jaien lehen egunean.
Larunbatean preso, iheslari eta errefuxatuen eguna izango da, herritik kanpo daudenak gogoratzeko 11:30ean txosnetatik txupinazora joango dira presoekin batera, gero 13:30ean presoen aldeko ekitaldia eta ondoren bazkaria, horrela jaietan parte hartu ezin dutenei indarrak bidaltzeko. Goiti beherak larunbatean arratsaldez izango dira, badirudi aurtengoan jende gehiago animatuko dela parte hartzera zabaletako aldapa jaisten. Gau partean, sabela ondo asetzeko zikiro afaria egingo da urteroko moduan eta danborrada gau erdira arte iristeko. Ondoren kontzertuak gaua animatzen jarraitzeko eta jendea etxera joan ez dadin bi talde berrirekin. Iragarrita zegoen talde sorpresa Aurka izango da eta hasieran pentsatutako taldeak kale egin duenez Plan B etorriko dira.
Igandeko eguna baratxuri zoparekin hasiko dute parranderoenek, ohera joateko edo herritik dantzan jarraitzeko jaki aparta. Hobe piskatxo bat deskantsatzea gero Oriako jaitsieran parte hartu nahi badute, 16:30ean hasiko da eta aurten zortzigarrena izango da. Lokaletan prest dituzte gailuak ibaian behera jaisteko, sariak egongo dira gainera, bat lehengo iristen denarentzat eta bestea ontzi dotore edo originalena egiten duenarentzat.
Igandea kuadrilen esku
Koadrilen eguna da igandeko hau, egunik arrakastatsuena eta partehartzaileena, arratsaldean poteoa egingo dute lagun taldeek lokaletatik batukadarekin batera. Tabernaz taberna joan beharrean koadrilek egingo dituzte zerbitzari lanak, herritarrek parte hartzeko beste modu original bat. Bukatutakoan, 20:00ak aldera, Independentziaren aldeko manifestazioa eta ekitaldia egongo da txosna gunean. Gero arrakastatsua den koadrilen afaria eta afalostean lagun talde bakoitzak prestatutako show-ak ikusgai oholtza gainean, espero dugu eguraldia lagun izatea. Horrekin buatutakoan karaokea nahi duena edo ausartzen dena igo eta kantan aritu dadin, musika taldeen emanaldia beharrean herrikoek emango dute ikuskizuna koadrilen egunean, berriro ere herriko jendea izango da gaua girotuko duena.
Astelehenean, asteburu osoa parrandan aritu eta gero Ajian eguna. Berriro ere gautxorientzat gosaria, baina oraingoan txokolatada. Goizean lasaitasun piska bat gorputza indarberritzeko eta arratsaldean arrakasta gehien duen emanaldia: Pirritx eta Porrotx. Umeen kotxetxoak uzteko aparkalekua egongo da beste urteetan bezala beraz lasai, denentzako tokia egongo baita.
Hurrengo urtera arte
Asteartean uztailaren lehenengoan, Sorgin Jai eguna izango da, festak bukatzen dira eta lanera buelta egin beharko da noizbait. Hala ere azken eguna ondo bukatu behar da horregatik txosnetan sobratu den edariarekin bukatu beharra dago horregatik, barra librea edariak bukatu arte eta gero urezko globoen gerra 02:00ak aldera San Pedroei itxiera emateko. Batzuk penaz seguru, baina beste asko deskantso beharrean egongo dira urteak aurrera doazelako eta gorputza gogortu egiten da, horrek ez du erremediorik.
Jai parte hartzaileak inondik inora aurtengoak, txapelketetan, jokuetan eta ikuskizun eta emanaldietan ikusiko ditugulako herritarrak artista moduan. Horretarako badakizue umore onez kalera atera eta ospatu lagun artean herriko jaiak. Sorginek edabe magikoa banatuko dute herri osoa sorgintzeko asmoarekin beraz, kontuz sorginak hemen daude eta zaila izango da ihes egitea.•