Gaztetxoen bazkaria, sorgin dantza eta zikiro jana Ttakunen eskutik

Txintxarri 2008ko ekainaren 26a

Azken urteetan egin den bezala, Ttakun Kultur Elkartea San Pedro jaietako egitaraua prestatzen ari da. Helburua bakarra: festetan euskal giroa eta jendearen parte-hartzea bultzatzea.

Haurren herri-bazkaria
Festak hasi bezain laster, ekainaren 28ko eguerdian, haurrak martxan ipiniko dituzte Ttakuneko begiraleek, haurrentzako herri bazkaria antolatu baitute. Herri guztietako jaietan izaten da, egun batean herri bazkari edo afaria. Esan beharra dago horrelako ekintzak beti edo gehienetan helduentzako egiten direla. Koadrilak biltzen dira eta festa giroan bazkaldu edo afaltzen dute. Hau horrela izanik, begiraleek haurrekin herri bazkaria egitea proposatu zuten. Lehenengo urtean izan zuen arrakasta ikusirik, jadanik badira sei urte (aurtengoarekin zazpigarrena) bazkari hau antolatzen dela.
Lehenik eta behin 13:30ean haurren kalejira, Zumaburuko plazan hasi eta Atsobakar auzoan bukatuko da.
Zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrentzat dago zuzendua bazkari hau. 14:00ak aldera hasiko dira bazkaltzen, eta aurtengo menua beste urteetakoen antzekoa izango da: makarroiak, gaztea, tomatea eta postrerako yogurta.
Hala ere ekintza hau ez da jaietako lehengo egunera mugatzen, baizik eta astebete lehenago hasten dira gai hau lantzen. Lehenik eta behin ikastetxeetan kamisetak tindatu egiten dituzte. Koadrila bakoitzak bere blusa izaten du, eta egun honetarako bere kamiseta. Kolore zehatz batekoa eta koadrila bakoitzari nortasuna ematen dion izen batekin.
Bazkaldu ondoren, eta udarako beroa uxatu nahian, 15:00ak aldera Itsasontzia urperatu ur-jolasarekin hasiko dira. Beste hainbat jolasen ondoren, Busti Blai ur-jaiari emango zaio hasiera. Hau izango da haurrei gehien gustatzen zaien jaia: etxez-etxe joatea, balkoipean ipini eta ura botatzeko eskatzea.
Lerro hauetatik deialdi bat egin nahi diegu Atsobakar auzoan bizi direnei. Gogoratu ekainaren 28an bertan izango dela haurren herri-bazkaria eta jolas guztien ondoren Busti Blai ur-jaia egin ahal izateko beraien laguntza ezinbestekoa dela; beraiek ura botatzen ez badute ezin izango baita jaia burutu.
Beraz, badakizue, animatzen zareten guzti-guztiak zaudete haurren herri-bazkarira gonbidatuta. Animatzen dena Ttakunen eman behar du izena.

Sorgin-Dantza
Egun berean, arratsaldez, Sorgin-Dantzaren desfilea izango dugu herriko kaleetan zehar. Sorgin-jaiaren sorrera gaur egun desagerturik dagoen Tximua elkarteari zor diogu, beraiek antolatu zuten 1992ko ekainean lehen aldiz jada ohitura bihurtu den ekitaldi hau. Argi zituzten lortu beharreko helburuak: alde batetik, Lasarte-Oriarekin identifikatuko zen jaia antolatzea, eta bestetik, festetan euskal giroa indartuko zuen jaia lortzea. Ttakunek 1994. urtean Sorgin-Dantzaren antolaketa hartu zuen bere gain.
Lehen urteetako balantzea positiboa izan da benetan. Alde batetik, behin betirako ziurtatu da dantzaren iraupena. Bestetik, Lasarte-Oriari nortasuna ematen dion jaia bihurtu da, eta bukatzeko, jai honen bidez euskal kulturak herriko jaietan merezi duen tokia berreskuratzea lortu da.
Ekainaren lehen egunetan hasi ziren Sorgin-Jaian parte hartuko duen jendearekin ikastaro eta entseguak Felix Telleriaren gidaripean. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da Oria auzoan eta 20:00etan bukatuko da Okendo plazan. Bidean zehar ere zenbait lekutan dantzatuko dute: Orian bertan, Biyak Bat zaharren egoitzaren aurrean, Udaletxearen parean, Sorgin-Jaien gunearen ondoan eta Okendora iristerakoan, Ostadar elkarteak pregoia irakurriko du, aurten XXV urte beteko baitu, eta 2008ko jaietan azkeneko aldiz Sorgin-Dantza dantzatuko da.
Ehun lagunetik gora aritzen diren dantzan, eta haurrek, gazteek eta helduek parte-hartzen dute. Herriko festak alai eta dantzan hasteko primerako jarduera da.

Zikiro afaria
Sorgin-Dantzaren ekitaldia amaitu ostean, urteroko herri-afaria, hau da, zikiro afaria izango da anbulatorio ondoko plazan iluntzeko 21:00etan. Aurreko urtean 180 pertsona inguru bildu ginen zikiroa jatera, eta aurtengorako ere beste horrenbeste izatea espero dugu. Nahi duzuen guztiok txartelak salgai izango dituzue Jalgin eta Ttakunen 18 euroen truke. Festa giro euskaldun eta alai batean afaldu ondoren, afaloste girotua izango da: Amalur taldearen eskutik, hankak pittin bat arinduz festei hasiera ona emango zaie. Beste hainbat sorpresa ere egongo dira seguruenik; azken bi urteetan bezala, afaria Sorgin Jaien gunean egiten baita, eta zikiro afariak bat egingo du Sorgin Jaien egitarauarekin.

Sagardo dastatzea
San Pedro egunean, berriz, sagardo dastatzea izango da Okendo plazan arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak bitartean. Herriko zazpi baserrietako sagardoa eskainiko da probatzeko: Sollanekoa, Buenabistakoa, Tellerikoa, Arrillagakoa Zubillagakoa, Larrekoa eta Zaltzatekoa. San Pedro egunean etxean geratzeko aitzakiarik ez da, beraz, aurtengoan ere.
Oso giro polita sortuko da plazan arratsalde horretan, sagardo dastatzeaz gain, Aterpea elkarteak sardin erreak eskainiko baititu, eta Amalur trikiti taldeak musikarekin plazako giroa berotuko baitu.
Urtero egiten den San Pedroetako bertso-saioa izango da herriko patroiaren egunean.
San Pedro jaiak 2008 egitarauaren barnean eta San Pedro egunean, ekainaren 29an, izango da bertso-saioa kulturetxeko auditorioan gaueko 22:30etatik aurrera. Sarrera 5 eurotakoa izango da eta aurrez hartzea komeni da. Ekitaldiaren antolatzailea Ttakun Kultur Elkarteko bertso-lantaldea izango da urteroko moduan, herriko jaietan ere bertsozaletasuna zabaltzeko asmoarekin.
Aurreko urteetan bezala aurten ere sei bertsolari izango dira kantuan: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amaia Agirre, Jesus Mari Irazu, Patxi Etxeberria eta Unai Muñoa, gai-jartzailea, berriz, Iñaki Petxarroman izango dugu. Esan beharrik ez dago goi-mailako bertsolariak izango direla kulturetxeko oholtza gainean, ez dute, beraz, aurkezpen handirik behar.

Musika Jalgin
Jalgi kafe-antzokia ere festa giroan murgilduko bi ekitald iekin. Lehenengoa ostiralean izango da, jaiak hasi baino lehen girotzen hasteko Jam Sesioa izango da ekainaren 27an gaueko 22:30etik aurrera. Herriko musikariek gidatuko dute saioa, estilo asko jorratuko dira denboraldiko azken Jam Sesioan.
Astelehenean berriz, hilaren 30ean herriko bi taldeek kontzertu bana eskainiko dute. 22:30ean hasita, Aurka eta Bondi 22 taldeak arituko dira.=
Ttakun Kultur Elkarteak, berriz ere, San Pedro jaietarako ekitaldi ugari antolatu ditu. Guztiek izaten dute arrakasta handia, eta aurten ere horrela izatea espero da. Prestaketa lanak aurreratuta daude, eta eguraldiak laguntzen badu, guztiok ondo hauetako edozein ekitalditan primeran pasatzeko aukera izango dugu.