Mende erdiko bizimodua euroak kaltetua

Txintxarri 2008ko eka. 26a, 02:00

Karmele Garmendia

Aspaldi zen Igeldoko jolas-parkera joaten ez nintzela. Eta txikitako oroitzapenak gogoan, tristura sentitu nuen hara heltzean. Nire harridurarako isiltasuna eta lasaitasuna ziren nagusi. Asteguna izateak izango zuen zerikusia, baina ez zen egoera haren eragile bakarra. Txurro-dendak jarraitzen du, bai, baina garai batean alboan zeuden tximuak ez dira inondik ageri. Komunen ingurua ere hutsik dago hartz emea eraman zutenetik. Laberintoko, Montaña Rusako eta Funikularreko ilarak eta etengabeko bidaiak gutxitu dira. Zenbait jolas ezagun kendu egin dituzte: Zooa, El Auto de Papá, Olla... Hura jendez gainezka ezagutu genuenok normala aldea nabaritzea, baina lasai, oraindik badago zertaz gozatu eta!
Antonio Pescak eta Angelines Larak dituzten postuek, besteak beste, bizirik diraute. Senar-emazteak hiru postu dituzte bata bestearen alboan. Izkinetan ahateak arrantzatzeko jokoak ikus daitezke eta tartekoan, karabinaz animalien eta indioen irudiak jotzekoa. Horietako postu batean aurkitu ditut lasai-lasai -lasaiegi euren gusturako- lepokoak egiten.
"Krisia dago. Ekonomia ez dago batere ondo eta horren eragina guk ere nabari dugu. Astean zehar ia inor ez da ibiltzen ez bada eskursioren batekin umeak etortzen direla. Adinekoak ere etortzen dira eskursioetan, baina guk gaztetxoekin egiten dugu lan, batik bat", dio Antoniok. Jaitsiera orain dela bizpahiru urtetatik datorrela azaltzen dute eta euroak kalte handia eragin duela. "Orain dela hamar urte oraindik ongi egiten zen lan hemen". Antoniok Tranvía eta El Auto de Papá maneiatzen zituen garai hartan eta jendea ibiltzen zela oroitzen du.

Familiako bizimoduari eutsiz
Antonio eta Angelines Lasarte-Orian bizi dira, Sasoetan, baina jaiotzez ez dira bertakoak. Antonio Cacereskoa da eta Angelines Marokon, Casa Blancan jaio zen. Igeldoko jolas-parkean lanean amaitu izana, ordea, ez da kasualitatea izan. Angelinesek txikitatik ezagutu du ferietako bizimodua. Bi urte zituenetik dabil Igeldon. Aita donostiarra eta ama Sevillakoa zituen eta ferianteak ziren. Marokora joan ziren, ferianteak izateaz gain, gorriak zirelako eta frankismo garaian denbora baterako hara joatea erabaki zuten. Bertan zeudela jaio zen Angelines, baina 1957 urtean Euskal Herrira etorri ziren.
Aitonak ordurako Igeldoko parkean egiten zuen lan. Makina zaharreko argazkilaria zen eta argazkiak ateratzen zituen. Angelinesen aitak ere jarraitu zituen familiako pausoak. Angelinesek gustura ikasiko zuela dio, baina ez ziotela utzi. Aitonak postu ugari eduki zituen. Horoskopoa iragartzen zuen bat ere bai eta Angelines han hasi zen lanean. Antonio, berriz, soldaduska amaitzean, Ormaiztegin hasi zen lanean eta Angelinesekin ezkondutakoan, Igeldon. 35 urte igaro dira ordutik. Angelines heldu zenetik, berriz, mende erdia pasatxo.
Biek ala biek, urte hauetan, feriante bizimodua asko aldatu dela diote. Lehen Igeldoko jolas-parkean udan soilik egiten zen lan eta gainerako urtaroetan, ferietako salerosleek egin ohi duten gisan, alde batera eta bestera ibiltzen ziren. San Ferminetarako itzultzen ziren Euskal Herrira. Amarako (Donostia) ferian egiten zuten lehenengo geldialdia eta hura amaituta, Igeldoko jolas-parkera heltzen ziren. Urteek aurrera egin ahala, ordea, beste ferietan ibiltzeari utzi eta soilik Igeldon hasi ziren lan egiten. "Gaur egun, ia urte osoan dago zabalik jolas-parkea, baina lehen ez bezala, orain ezinezkoa da bertatik soilik bizitzea. Beste lan osagarri batzuk aurkitu behar izaten ditugu". Angelinesek bi haur zaintzen egin izan du lan Lasarte-Orian bertan. Antonio zenbaitetan goizeko bostetan jaiki izan da beste lan batera joateko eta ondoren, eguerdian, Igeldora itzuli.

Erretiroaren zain
Azken urteetako egoeraz nazkatuta, erretiroa hartzeko gogoz daude biak. Antoniori hiru urte geratzen zaizkio erretiratzeko. Angelinesi oraindik dexente, baina senarraren erretiroarekin batera utziko luke lana. Planak ere eginak dituzte. "Hernanin lokal bat dugu eta Lasarte-Orian lokaletan etxebizitzak egiteko atera zuten legediaren antzekoa ezarriko duten zain gaude. Hura etxebizitzarako prestatu, saldu eta hango diruarekin egingo genuke aurrera. Torreviejan apartamentua dugu eta hara joango nintzateke gustura. Nire osasunerako hango klima hobea da", dio Antoniok. 61 urte beteko ditu abenduan eta 8 urtetatik lanean dabil. Badu bizitzaz gozatzeko gogoa.
Angelines gazteagoa da, 53 urte dauzka, baina, bi urte zituenetik dago Igeldon eta bizimodu "esklaboa" dela dio. "Oso gogorra da, jaiegunik ere ez dago. Egun normal batean, goizeko hamaiketan etorri, postua garbitu eta inor ez badago lepokoak-eta egiten pasatzen dugu denbora. Bazkaldu ere hemen egiten dugu. Arratsaldeko zazpi eta erdiak ingurura arte egoten gara". Jaiegunetan eta igandetan eguraldiaren arabera jende gehiago ala gutxiago gerturatzen zaienez, ixteko ordua aldatzen dute. Batzuetan hamarrak arte ez dute ixten. Eguraldia lagun izatea ere garrantzitsua da Angelinesen esanetan. "Eguraldi oso ona egiten badu jendea hondartzara joaten da eta oso txarra egiten badu etxean geratzen dira".
Tamalez, eurek erretiroa hartzean, inork ez du familiako bizimoduari eusteko asmorik. Hiru alaba badituzte, baina inork ez du jarraitu nahi. Bi, gainera, etxetik urrun bizi dira. Bata Salamancan eta bestea Mexikon. Bizimodu gogorra denez, ez dira gehiegi harritzen Antonio eta Angelines. Eta modu batean, ez jarraitzea erabaki izanaz poztu egiten direla aitortzen dute.

Aisiarako aukera gehiago eta diru gutxiago
Aurrez aipatu bezala, jolas ugari desagertu dira. Antoniok, ordea, zenbait kasutan beste erremediorik ez dagoela dio. "Askok irabazten dutena baino gastu gehiago dituzte eta ez da errentagarria". Sozietate Anonimo gisa egiten dute lan eta postuak alokairuan hartzen dituzte. Sozietateari eman beharreko dirua dela, seguruak, zergak edo dena delakoak direla zaila dago etekinak lortzea Antonioren arabera eta ixtea hobe da. Diru laguntzen kontua aipatuta, Eusko Jaurlaritzatik edo beste nonbaitetik laguntzea ongi legokeela uste du Antoniok, baina Sozietate Anonimoa izanda zaila dela dio.
Dena dela, Antonio baikorra da eta ingurua indarberritu dezaketela pentsatzen du, nahiz eta ziurtasunik ez izan. "Orain dela pare bat urte apartamentu batzuk egitekotan zirela eta, erreformak egingo zirela esan zen. Hala ere, oraingoz ez da ezer egin eta guri ez zaigu inongo proiekturen berri eman".
Bestalde, jolasak hain zaharrak izatea erakargarria dela dio Angelinesek. "Askori antzinako gauzak gustatzen zaizkie. Funikularrak eta Montaña Rusak izugarrizko arrakasta dute". Bertara gerturatzen direnak txunditurik itzultzen direla aipatzen dute eta ia uda guztietan gerturatzen diren bezero jakinak ere badira. Madril, Bartzelona, Andaluzia eta Frantziatik etortzen dira, batez ere.

Aukera zabalagoa
Antonioren esanetan, Igeldoko jolas-parkea ez da galtzen ari, "kontua da orain jendeak gauza gehiago dauzkala aisiarako eta ezin dira denera heldu. Egungo ekonomiak ez du denerako ematen. Lehen Aquariuma eta Igeldoko jolas-parkea zeuden soilik. Gaur egun, ordea, horiez gain, Miramon Zientzia Museoa, Chillida-Leku... dauzkagu. Urbil eta Garbera bezalako merkatal zentroak ere badaude arratsalde pasarako".
Bestalde, entzundakoak entzunda, Donostiako udalak Igeldoko jolas-parkea ahaztu samar duela dirudi. Angelinesek azaldu duenez, Aste Nagusian badute zertaz kexatu. "Paseo Berrian jartzen dituzten barrakek ez digute onurarik egiten. Lehen astebete egoten ziren, baina orain hamabost egunez egoten dira. Kexatzea, ordea, alferrik da. Donostiako alkatearekin ezin da". Ekaineko lehen igandean izan zen triatloiak eragin zien kaltea ere izan zuten ahotan. "Igeldorako bidea itxi zuten eta hona ez zen inor azaldu. Ireki arte zain egon ginen eta arratsaldean, berriz, euria hasi zuen".

Beti sormena lantzen
Gauza guztiekin gertatzen den bezala, jolasak ere modaz pasatzen dira eta berrikuntzak egin behar izaten dira. Antoniok eta Angelinesek jarri duten jolas berrienak bi urte ditu. "Pesca Nueva izena du. Motorra, musika eta argia dauzka, modernoa da, baina baita garestia ere", dio Antoniok. Joko berriak jartzeko, ideia berriak pentsatu, azterketak egin, beste feriak bisitatu eta eskaintzak ezagutu behar dira. Dena dela, ideiak milaka izan arren, ezin dute nahi dutena egin. Baimena jolas-parkeko zuzendaritzak ematen du.
Balinez jotako indioen edo arrantzatutako ahateen ordainetan ematen dituzten sariei ere eskaini behar izaten zaie denbora. Bidaia ugari egiten dituzte eta eskulanetan ere aritzen dira buru belarri, nahiz eta gaur egun gutxiago landu. "Urtarrilean Madrilgo feriara joaten gara. Hemen ezin dira halako gauzak erosi. Donostian, esaterako, lau saltoki daude eta oso garestiak izateaz gain, kalitate kaxkarrekoak izaten dira. Gasteizen, Tuteran eta Zaragozan badaude peluxeen saltokiak. Hala ere, nagusiena Valentzian dago".
Eskuz egindako oparien artean untxi-buztanekin egindako giltzatakoak, kotxeetan zintzilikatzeko txapelak, txistu eta danborrak, alpargatak, intxaur azalekin egindako saskitxoak, eskumuturrekoak, lepokoak… aipatzen ditu Angelinesek. "Garai batean Oikinaraino joaten nintzen untxi-buztanen bila" gogoratzen du Antoniok. Jada, ordea, ez dute hainbesteko lanik hartzen. Ez omen du merezi.
Kasualitatez, orain dela pare bat hilabete kanpotar batzuk giltzatako horiez galdezka heldu zirela aipatzen du Antoniok. "Penatan geratu ziren jada egiten ez genituela esatean".

Aurpegi ezagunak
Jende ospetsu ugari ere igaro dira bertatik. "Lehen askoz gehiago etortzen ziren, orain bakan batzuk gogoratzeko moduan soilik", dio Angelinesek. "Duquesa de Alba semeekin eta bilobekin etorri izan da. Anthoni Queen hil aurretik ere izan zen hemen. Iaz Hospital Centralen agertzen den aktoresa bat etorri zen bere semearekin".
Eta paseatzeaz gain, jolasten ere ibiltzen omen dira. "Concha Velascoren semeak gure postuan tiratzen aritu ziren eta Duquesa de Albaren semeak arrantzan ere bai", gogoratu du Angelinesek.
Bestalde, politikoek ere hartzen dute jostatzeko astia. Maria San Gil Igeldotik nahikoa gertu bizi denez, hura da gehien azaltzen dena bere haurrekin. Iñaki Anasagasti ere ikusi izan dute, Begoña Errazti...
Pasadizo bitxi bat
Hainbeste urte bertan lanean arituta, badituzte pasadizo bitxi mordoa kontatzeko. Antoniori zirrara gehien eragiten dion istorioa oraindik gordeta duten joko zahar baten ingurukoa da. Indarra neurtzeko jokoa da.
Gutxienez ehun urte ditu, baina orain dela hamar bat urtera arte martxan eduki zuten. "Euskaldun batek proba egin zuen eta indarra egiten ari zenean, tresnak azpian itsatsita zuen egurrezko mahaia hautsi zuen!" kontatzen du Antoniok irri txikien artean, oraindik sinetsi ezinik.•