Azken egunean, Gaueko Itzalak, maketa lehiaketako herriko irabazlea

itziar-carrasco 2008ko ekainaren 26a

Gaueko itzalak taldeak Lasarte-Oriako I. Maketa Lehiaketako herrikoen saria irabazi du. Lau gazte lasarteoriatarrek osatzen dute talde hau: Beñat Esnaola bateria, Iñigo Garmendia ahotsa eta gitarra, Julen Sasiain baxua eta Joseba Pascual gitarra eta koroak. Euskal heavy-rocka egiten duen taldea bezala definitzen dute euren burua. Maketa lehiaketak bi sari zituen: batetik, maketa onenari saria eta bestetik, herriko maketa hoberenarentzat 700 eurotako saria eta herriko festetan jotzeko aukera. Beraz, Gaueko Itzalak uztailaren 1ean, Zezen Suzkoaren ondoren Okendo plazan ikusteko eta entzuteko parada izango duzue. Baina, ez da aukera bakarra izango, taldeak uztaileko asteburu guztietan kontzertuak eskainiko baititu, egin diegun elkarrizketan azaldu digutenez.

Nola sortu da Gaueko Itzalak?
Duela bi urte, abenduan, hasi ginen elkartzen musika jotzeko, baina udan aritu ginen batez ere. Hasieran Joseba, Iñigo eta Beñat hasi ginen. Gero baxu jole bat behar genuen eta Julen animatu zen. Abenduan talde bezala hasi ginen eta bi hilabetetara gure lehen kantak sortzen hasi ginen, gaur arte.

Nola deskribatuko zenuten zuen taldea?
Euskal heavy-rock. Azkenean, jaso dugun beste taldeen eragina dugu: Sutagar, Latzen, Metalika... Taldekide bakoitzak musika bat gu gogoko eta horrek eragiten du egiten dugun musikan.
Nola lantzen dituzue kantak, musikarekin hasten zarete edo letra hartzen duzue oinarri?
Normalean letrak etxetik prestatuta joaten dira - gehienak Beñatek idazten ditu - eta bertan, denen artean letra txukuntzen dugu, gauzak kendu, gehitu, aldatu... eta letra zehaztu dugunean, Iñigok eta Josebak erritmoak eta melodiak, ateratzen dituzte eta denen artean osatzen dugu abestia.

Nola animatu zineten maketen lehiaketan parte hartzera?
Aspaldi maketa bat grabatzeko gogoa genuen. Hasiera batean, estudio batean grabatzeko intentzioa izan genuen, baina azkenean, dena gure kontura egitea erabaki genuen. Lagun bat dugu teknikari lanetan aritzen dela, Egoitz Zelaia, eta berarekin egin dugu maketaren grabazioa, lokalean bertan.
Maketaren grabazioarekin bukatu genuenean udaletxetik maketa lehiaketarako deialdia jaso genuen. Beraz, maketa eginda genuenez, lehiaketara bidaltzea erabaki genuen. Ez da gure lehenengo lehiaketa. Donostiako Piraten lehiaketan parte hartu dugu, baina ez dugu ezer lortu. Berdin zaigu, gu gustura geratu gara eta.

Nola moldatu zinaten maketa grabatzeko?
Aurreko urte bukaeran bost egunez aritu ginen grabatzen, goizetik gauera. Lokalean bertan bazkaldu eta dena egiten genuen. Grabaketa amaitu ondoren, lan handia dago egiteko: nahasketak, efektuak jarri, txukundu, diseinua eta argazkiak egin, maketaren kopiak grabatu, gordetzeko kaxak prestatu... Lan guztiak guk egin ditugu, beraz gustura geratu gara.
130 kopia egin genituen eta ia denak saldu egin ditugu. Kopia gehiago egin eta beste herrietara zabaltzea pentsatzen dugu. Herritik ateratzea ez da erreza, baina saiatuko gara. Egia esan, orain arte, nahiko alper ibili gara.

Lehiaketan herriko bi taldek parte hartu duzue bakarrik. Zergatik uste duzue izan dela?
Hasteko, herrian talde gutxi daude. Orain dela hiru edo lau urte talde pilo bat zeuden, 8 edo 10 bat bai. Talde hauek aurrera jarraitzeko laguntzarik ez dutela jaso uste dugu.
Lokalen arazoa ere hor dago. Guk zorte handia baino handiagoa izan dugu. Parapetoan egiten ditugu entsaioak, baina beste taldeek ez dute aukera hori. Horregatik uste dugu talde asko desagertu direla. Herrian oso zaila da entsaiatzeko toki bat aurkitzea. Ezagun batek bateria jotzeko lokala eskatu zuen udaletxean eta parapetoa eskaini zioten. Gu berak bateria nola jotzen zuen ikustera hasi ginen joaten, gero gitarrarekin laguntzen hasi ginen eta batzuetan jotzeko baimena eskatu genuen eta geroztik han gabiltza.

Zer eskatuko zeniekete udal ordezkariei?
Udalak entsaiatzeko gune bat jarri beharko luke. Pabiloi zaharren bat baldin badago, hori moldatu eta taldeek entsaiatu dezaten utzi. Honek herriko taldeak mantentzen eta talde berriak sortzen lagunduko luke.

Zer aurkeztu zenuten lehiaketara?
Maketan gure zazpi kanta eta bertsio bat jasotzen dira, hauetatik bi abesti eta bertsioa aurkeztu ditugu lehiaketan. Lehiaketako irizpide batek abestiaren denbora zehazten zuen, abestiak ezin dira bost minutu baino luzeagoa k izan behar. Internetez bidaltzeko aukera zegoenez eta beraien korreoak 15 mega baino gehiago ez zituenez onartzen, horrek abestien aukeraketan mugatu gintuen.

Noiz izan zen zuen lehenengo kontzertua?
Iazko Zabaletako festetan jotzeko aukera eskaini ziguten eta hura izan zen lehena. Ahal genuen txukunena egiten saiatu ginen. Egia esan, hunkigarria izan zen, izan ere, jende pilo bat igo zen auzora gu ikustera. Ondoren, tope hasi ginen.

Gaueko itzalak taldeak etorkizunik al du?
Bai. Ahal den neurrian egurra ematen segitzeko asmoa dugu. Ilusio handia dugu eta planak egiten ari gara: orain udako kontzertuak prestatu behar ditugu, ahal den txukunena egin eta gero abesti berriak prestatzen hasiko gara, hemendik urte t`erdira, gutxi gora behera, ea beste maketa bat ateratzeko gai garen.

Nola duzue kontzertuen agenda ?
Egia esan, udarako sei kontzertu ditugu lotuta: uztailaren 1ean, herriko festetan Okendo plazan joko dugu; uztailaren 6an, Usurbilgo festetan izango gara; hilak 10, Zarauzko gaztetxera goaz; 12an, berriz, Trintxerpeko festetan kontzertua eskainiko dugu; uztailaren 26an Zubietako festetan jo eta abuztuaren 2an Oriako festetan jotzeko gonbidatu gaituzte.•