Euskaltegian aritu direnei udan euskara erabiltzeko garaia iritsi zaie

Txintxarri 2008ko uzt. 7a, 02:00

Udal euskaltegiak eta Muntteri AEK euskaltegiak ikasturteari amaiera eman diote. Liburuak itxi, azterketen emaitzak jaso, ikasturteko kideak agurtu eta udaz gozatzeko eta euskara euskaltegitik at erabiltzeko garaia iritsi da. Udal Euskaltegiko irakasleak, Rufino Iraolak, ikasturteko emaitzak eskaini dizkigu eta Muntteriko Olatz Urdanpilletak udan euskara erabiltzeko gonbitea luzatu digu.

Udal Euskaltegiak oso emaitzak onak izan ditu
Amaitu da 2007-2008 ikasturtea. Balantzea egiteko garaian gaude, eta esan genezake oso positiboa izan dela. Oraingoz, idatzizkoaren emaitzak dauzkagu, eta hauek dira: 1. maila (Europako markoan: B1). 19 ikasle aurkeztu dira maila honetara, eta 17k gainditu dute, hau da, %89,47. 2. maila (Europako markoan: B2). 20 ikasle aurkeztu dira, eta 14k gainditu duten, %70ek. Azkenik, 3 mailara (Europako C1) 10 ikasle aurkeztu dira, eta 7k gainditu dute, hau da, hemen ere %70ek. Ikasle guztiek, nola maila batekoek hala bestekoek, Donostian egin dute azterketa.

Datuak erreferentziaren baten argitan ipini behar dira, ondo ulertzekotan. Horretarako, iazko idatzizkoan euskaltegietan izandako emaitza orokorrak hartu ditugu, aurtengo gureak alderatzeko: 73,44 gainditu zuen lehenengo maila; bigarren maila, %63k; eta EGA % 48,13k. Berez gu, aurtengo emaitzetan, euskaltegien iazko media horretatik gora gabiltza: 16,07 puntu lehenengo mailan; bigarrenean, 7 puntu; eta hirugarrenean, 21,87.

Lehenengo mailan, baliokide gisa, hauek sartzen dira: IVAPEeko HE1; Osakidedatzo HE1, etab. Bigarren mailan sartzen dira: IVAPeko HE2, Hezkuntzako HE1, etab. Azkenik, 3. mailaren baliokideak dira, besteak beste, hauek dira: IVAPeko HE3, Hezkuntzako HE2, EGA, etab. •

Muntteri AEK euskaltegiaren atsedena
Iritsi da uda jada eta honek berarekin ekarri digu kurtso amaiera. Euskaltegia hustu zaigu eta gelak isildu dira, atsedenean dago euskaltegia.

Aldi berean, hemen gelditu dira aditza, deklinabidea, irakurketa eta horrelakoen arrastoak; jolas, joko eta elkarrizketen doinua ere hormetan itsatsi dira.

Era berean, azterketen urduritasuna, ezinegona eta ahaleginen indarra ere senti daiteke oraindik ere, emaitzen poz, alaitasun eta itxaropenarekin batera.

Baina gauza guzti hauen gainetik, bertan bizitu dena gelditu da: ikasleen oihartzuna, hau da, euskararen oihartzuna.

Orain, oporraldi eta atseden garaia dugu eta honekin batera gure denboraz, lagunez eta familiaz gozatzeko garaia. Ahalegindu gaitezen hauek euskaraz egiten eta honela, irailean berriro ere elkartuko garenean, gure helburua betetzen ari garenaren sentimendua izango dugu.

Bitartean, ondo pasa uda! •