Kultur eta hezkuntza arloko udal politika kritikatu dute ezker abertzaleko kideek

Txintxarri Aldizkaria 2008ko uztailaren 7a

Kultura batzordearen funtzionamendua ez dela egokia eta bere zeregina diru-laguntzak banatzera mugatzen dela salatu du ezker abertzaleak. Gainera herriko taldeen artean laguntzak ez direla berdin banatzen, banaketa sistema ez dela zuzena, uste dute ezker abertzaleko zinegotziek. Azkenik, ikastetxeetan dauden arazo eta auziei erantzuteko Eskola Kontseilua lehen bait lehen sortzeko eskatzen diote Udalari.

Kultura batzordearen bilerek aurten bataz beste 20 minutuko iraupena izan dute eta soilik herriko taldeei zenbateko diru laguntza eman aztertu da. Horixe salatu dute ezker abertzaleko ordezkariek: gainera laguntzen banaketa ez dela zuzena, adierazi dute eta hala ere, egin dezaketen bakarra batzorde-buru den Jone Altunaren proposamenak bozkatzea dela, gehienetan aurka noski. Beraz, Kultur talde guztiei laguntza irizpide berdinekin emateko eskatu eta batzorde-buruak duen jarrera salatu du Txanpi Baztarrika ezker abertzaleko ordezkariak: Jone Altunari parte hartzeko eta proposamenak egiteko borondatea jakinarazi diotenean hori bere ardura dela erantzun die, beste zinegotziei bere proposamenak bozkatzea besterik ez zaiela geratzen, alegia.
Ezker abertzaleko zinegotziek aurreko agerraldi publiko batean salatu zuten Udaleko batzorde gehienetan ez dagoela eztabaidarik. Orain horren adibide argia den Kultura eta Hezkuntza batzordearen funtzionamendua salatu dute. Izan ere aurten egin diren batzarren bataz besteko iraupena 20 minutukoa izan da, luzeena 31 minutukoa eta gai zerrendan herriko taldeei eman beharreko diru laguntzen proposamenak soilik izaten dira, inolako eztabaidarako aukerarik gabe bozkatzen eta onartzen direnak.
Gainera, zinegotziek salatu dutenez, banaketa egiteko modua ez da argi eta zuzena. Antzeko puntuazio duten bi talde alderatu ditu zinegotzi taldeak eta ehunetik 76 puntu dituen talde batek eskatutakoaren ehuneko 40 jaso duen bitartean 83, 7 puntu gehiago, dituen beste batek ehunetik ehuna jaso du.
Diru laguntzak emateko araudiaren hamargarren artikuluan esaten da, beti ere udalaren urteko aurrekontuen kopuruak gainditu gabe, gehienez, programaren aurrekontuaren ehuneko 30eko laguntza emango dela, udalak interes handikotzat jotzen dituen programen kasuan izan ezik. Eta hori salatzen dute zinegotzi abertzaleek, puntuazioa egiterakoan eta egitasmo edo talde bat interes handiko gisa jotzerakoan erabiltzen diren irizpideak ez dira argiak eta parekoak. Banaketa ez da justua, ezker abertzalearen ustez, "irizpidea Jone Altunarena da edo bere kasuan alkate anderearena".

Kasu konkretuak
Horrela, gertatzen diren zenbait gehiegikeria salatu dituzte. Txanpi Baztarrikak adierazi duenez, herriko talde batzuek urteko hitzarmenak sinatuta dauzkate, baina hala ere gero berriz dirulaguntza eskatu eta ehunetik ehuna jasotzen dute. Adibidez interes handikotzat daukaten talde horietako batek urte guztirako 3.800 euro jaso eta gero beste 1.260 jaso ditu, eskatutako ehunetik ehun. Baina beste talde batzuekin ez dute horrelako begirunerik, esaterako 220 umeekin lanean diharduen kultur talde batek 3.200 eskatu eta 1.280 jaso ditu, folklore talde batek 5.500 eskatu eta 2.181 jaso, auzo elkarte batek 3.800 eskatu eta 1.131 jaso eta helduekin diharduen talde batek 3.100 eskatu eta 1.238 jaso.
Beraz talde batzuei eskatutakoaren parte bat soilik ematen zaiela salatu dute hain juxtu "azken sei hilabetean bi makro kontzertutan 42.000 euro gastatu direnean". Horregatik galdetzen dute ezker abertzaleko kideek, ia ez den eraginkorragoa urte guztian lanean ari diren herriko taldeak laguntzea, baina denak berdin, dirutza kontzertuetan gastatu baino eta hori ez daudela kontzertuak antolatzearen aurka.
Bestalde, hezkuntza arloan azken bi urteotan herrian zenbait arazo izan direnez, Eskola Kontseilua lehen bait lehen sortu dezala eta hezkuntza arloko auzi garrantzitsuak udal batzordean aztertzeko aukera eskaini dezala eskatzen dio ezker abertzaleak Udalari. Esaterako Landaberri ikastolako matrikulazioa bere ahalmenaren gainetik da azken urteotan eta kanpoan geratzen direnen artean gehienak Sasoeta-Zumaburu ikastetxera eramatea erabaki dute delegaritza eta ikastetxeek. Baina Udala ez zen bilera hartan izan eta zera galdetzen du Txanpi Baztarrikak, “ba al da Hezkuntza-Kultura batzordean ahalmenik edo gogorik eztabaida hauek aurrera eramateko?”.•