EAE-ANV udal taldearen jarduera eten dute

Txintxarri 2008ko uzt. 11a, 02:00

Lasarte-Oriako Udalbatzarrak ohiko bilkura egin zuen atzo jendaurreko ekitaldian. Bertan Baltasar Garzonek EAE-ANV alderdiaren jardueren etetea eskatzen duen autoa bozkatu zuten. Garzonen aginduak aurrera egin zuen alderdi sozialistaren 8 zinegotzien eta PPko zinegotziaren babesarekin. ANV, EAJ eta EB alderdiek kontra bozkatu zuten eta EA eta LOHPak abstenitu egin ziren.

Atzo goizean udaletxean burutu zen udalbatza berezia izango zela igarri zitekeen, izan ere ohi baino jende gehiago zegoen batzar-aretoan eta bi telebista kateetako kamarak baitzeuden bertan. Eguneko gai-zerrendan sei gai hizpide zituzten arren, seigarrenak, Garzonen autoak, erakarri zuen zinegotzien, prentsa eta herritarren ikusmira. Auzitegi Nazionaletik jasotako Garzonen autoan oinarrituz, Alkatetzak udalbatzarrari ondorengoa jakinarazi zion, autoak EAE-ANV udal-taldearen jarduerak etetea derrigortzen duela. Bestetik, alderdiaren jardueren etetearen ondorioz, EAE-ANVko ordezkariak adskribitu gabeko zinegotziak izatera igarotzen direla. Azkenik, zinegotziek 5 eguneko epea dutela zein Batzorde Informatiboetan parte hartu nahi duten Alkatetzari idatziz jakinarazteko.
Ana Urchueguiak gogorazi zuen berak legea aplikatzen duela eta EAE-ANV-k talde politiko bezala udaletxe honetan eskubide guztiak galtzen dituela. “Badakizue zergatik suspenditzen zaizuen”, esan zien Alkateak ezker abertzaleko zinegotziei, “ETAren terrorismoa ez gaitzesteagatik. Aukera daukazue publikoki ETA gaitzesteko baina ez duzue egiten. Zuek jakingo duzue zergatik”.

Abstentzioen arrazoiak
Alderdi bakoitzak bere bozkaren zergatia azaldu zuen. Jexus Izetak garbi utzi zuen EA ilegalizazio guztien aurka dagoela, baina kasu honetan erabakia auto batean oinarritzen denez, bera honen aurrean abstenitzen dela. Herritarren Plataformako Ana Isabel Prieto ere abstenitu zen: "erabaki judizial honek ez du eztabaidarako aukerarik ematen, men egitea beste aukerarik ez du eskaintzen. Legedia errespetatuko dugu beti, gustukoa izan edo ez". Gero ANVko zinegotziak animatu zituen herriaren alde lanean jarraitzera.

Kontrako bozkak
Estitxu Alkortak, EAJko zinegotziak, ANVko ordezkariak zinegotzi izateko eskubide guztia dutela eta Garzonen autoaren kontra daudela azaldu zuen. Ezker Batuako eta gobernu taldeko Ricardo Ortega ere, autoaren aurka azaldu zen: “autoaren edukia ez dugu guztiz ezagutzen, datuak falta dira. Autoak ez du zehazten Lasarte-Oriako ANV taldea ilegalizatu behar denik eta zinegotzieak ezagututa argi dago komisioetan egongo direla, beraz ez du zentzurik epe bat irekitzeak eta idatziz jakinaraziarazteak.” Gainera ez du ulertzen Alkatetzaren iritzi aldaketa, izan ere otsailetik ezagutzen zen autoaren existentzia.
Encinas, PPko zinegotziaren hitzetan: “legislatura osoan zehar hamaika bider eskatu dut ANV taldeari baliabide guztiak kentzeko. Ez du Garzonek etorri beharrik ANV taldekoak ETA-Batasuna direla esatera. Hori badakigu”. Alkateari zuzendu zitzaion esateko gobernu taldeko Ricardo Ortega ETA-Batasunaren defendatzaile bezala aritu zenez gero, berak ondo pentsatuko lukeela Rikardorekin gobernu taldean jarraitu ala ez.
Joxe Goikoetxeak, ANVko zinegotziak, PPko zinegotziari gogoratu zion Garzonek ez dituela ETArekin lotzen, beraz, Encinas-en hitzak aktatik kentzeko eskatu zion. Encinasek ez zuen honekin bat egin eta esandakoa berretsi zuen.
"EAE-ANVren aurkako beste eraso baten aurrean" daudela esan zuen Goikoetxeak eta gogorarazi zuen euren eserlekuak "lasarteoriatarrek emandako bozken ondorio direla", honen harira, "herriarekin eta herriarentzat hartu genuen lanerako konpromisoa berresten dugu, traba eta inposaketa guztiak gaindituz".•