Herriaren inguruan errepide berriak proposatu ditu Urchuegia alkateak

Txintxarri 2008ko uzt. 11a, 02:00

Txintxarri

Ana Urchuegia alkatearen ustez 2005-2016 urteetarako Jaurlaritzak duen Errepideen Plangintza Orokorra kaltegarria da Lasarte-Oriarentzat eta zenbait aldaketa proposatu ditu. Plangintzaren aurrerapenean N-1 errepidea Oriako gasolindegi parean birmoldatzeko egitasmoa jasotzen da eta alkateak ez du egoki ikusten. Bere ustez, beharrezko neurriak dira batetik Andoain eta Lasarte-Oria arteko errepidea Oria ibai ezkerraldera eramatea; bestetik Usurbil aldera beste irteera bat egitea, hau da, N-1 eta N-634 artean lotura berria Zubietan barrena, eta azkenik bi errepide hauek lotzea, Oriako bidegurutzetik, Txikierdiko lotura berriraino.

2005-2016 urte aldirako Euskadiko Errepideen Bigarren Planaren Berrikusketaren Aurrerapenari erantzun dio Lasarte-Oriako Udalak. Errepide Plangintza berri horren aurrerapenean jaso dira Donostiako Bigarren Ingurabidea eta N-1 errepidearen birmoldaketa Oriako gasolindegiaren parean. Bi iharduerek eragina dute Lasarte-Orian eta iradokizun-idatzi bat aurkeztu du Udalak. Proposamenean Ana Urchuegiak adierazten duenez, "Plan Orokorrean jaso dena aplikatzea kaltegarria da Lasarte-Oriarentzat". Bere ustez, "momentu honetan N-1 errepideko trafikoarengatik jasaten duen egoera ez da hobetuko, baizik eta kontrakoa, izan ere, hiri-ingurua zeharkatzen trafiko intentsitate handiagoa jasango duen Gipuzkoako udalerri bakarra izango da".

Hiri zeharbidea
Urchuegia alkatearen ustez, 2016ra arte abian izango den plangintzaren aurrerapen dokumentuak jaso beharko lituzke "Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plangintza Partzialak aurreikusitako asmoak". Aipatutako plangintza honetan aurreikusten den errepide eredu alternatiboari kasu eginez gero, N-1 errepideari, Lasarte-Oriatik pasatzen den tartean, Hiri Zeharbide izaera emateko aukera zabalduko litzateke, "orain jasanezina den egoera zuzenduz".
Kasu horretan hartu beharreko neurriak izango lirateke Urchuegiaren iritziz, batetik, Andoain eta Lasarte-Oria arteko bidea birmoldatzea, errepidea Oria ibaiko ezkerraldera zabalduz. Bestetik, Zubietatik barrena lotura berri bat egitea N-1 eta N-634 artean. Eta, azkenik, lotura berri bat aipatutako bi errepide horien artean Oria ibaiaren ezkerraldetik, Oriako bidegurutzetik Txikierdiko lotura berriraino, Zubietatik. Horrela irtenbidea emango litzaieke etorkizuneko Zubietarako sarbideei.

Zarataren aurka
Urchueguiak idatziko beste puntuetako batean adierazi duen moduan, Lasarte-Oria Ingurumen Hobekuntza egitasmoan sartu den arren, "neurriak ez dira nahikoak". "Zarata zuzentzeko beharra jasota badago ere, neurriak ez dira esplizituki jarri Ingurumen-Inpaktuko Ebaluazio Bateratuan, ez dute aplikazio egutegi bat Planaren barne (2005-2016) eta, horretara zuzendutako aurrekontua ez da nahikoa Planaren beraren ingurumen helburuak betetzeko". Beraz, zarata handiari aurre egiteko neurriak ez dira zehazten, ez dute 2016ra bitarteko plangintzan egutegi konkreturik eta ez da diru nahikoa bideratu, ezta plangintzan bertan aurre ikusten diren helburuetara iristeko ere.

Lurrazpitik
N-1a Lasarte-Oria erdi erditik pasatzeak buruhauste, arazo, eragozpen edota traba ugari eragiten ditu. Oro har, Udaleko talde politiko guztiak bat egiten dute horretan, baina korapilo hori askatzeko proposamen ezberdinak izan dira.
Urchuegiak, Oria ezkerraldean eta Zubieta inguruan saihesbide, errepide eta lotura berriak egitea proposatzen duen bitartean, Udaleko ezker abertzaleko ordezkariek, aurrekontuei buruzko zuzenketa egiterakoan, N-1 errepidea lur azpitik bideratzeko proposatu zuten. Horrela herria ez litzateke bitan banatuta izango eta espazio handia irabaziko litzateke herrian, atsedenleku, pasealeku, aparkaleku, espazio berde edo beste edozerentzat.•