Nolatan aktore lanetan horrelako laburmetrai batean?
Deitu zidatelako. Josu Martinez eta Txaber Larreategi dira zuzendariak, ikus-entzunezko ikasketak egiten ari dira eta karrera bukaerako proiektua da lan hau. Esfortzu bat egin dute talde baten artean. Egia esan, Josu aspaldidanik ezagutzen dut. Bilbon saioa genuela behin, telefonoz deitu zidaten, Josu gure jarraitzaile sutsua zen. Nigana etorri zen duela hamazazpi urte edo bere aitarekin marrazki bat ekartzera, marrazki hori oraindik daukat etxean gordeta, enmarkatuta, orduan berak bost bat urte izango zituen. Geroztik ez dut berriro ikusi baina, bere izenarekin geratu nintzen, Euskadi Irratian aritzen da arratsaldeko saioan gitarra jotzen, Martin telesailean ere agerraldiak egin ditu, Kuban ibili da ikasten, bertsolaria ere bada, ezaguna egin da, saltsa horretan dabil. Beti izan du nirekiko harreman hori. Ordudanik ez nuen berriro ikusi baina nik bere ibilbidea jarraitu dut eta deitu zidanean harrituta geratu nintzen, esan nion bere ibilbidea jarraitzen nuela eta bere marrazkia oraindik gordeta nuela... Eta beno, paper hau eskaini zidan, polizia baten papera da, euskaltegi batean ikasten ari den polizia batena. Baiezkoa eman nion laguntasunagatik eta egia esan guretzat polita da ohiko lanetik kanpo horrelako gauzak egitea, opari bat bezala jaso nuen gonbidapena.
GAL eta ETAren inguruko istorioa bada ere ez da izenik aipatzen laburmetraian, ez da?
Aipatzen du "el MAL", Movimiento Antiterrorista de Liberacion. Aktore lanetan Isidoro Fernandez eta Asier Ormazak poliziaren papera egiten dute, Isidoro Fernandez polizia azkarra da, Asier Ormaza polizia gogorra da eta ni euskara ikasten ari den polizia gajoa. Bahiketa errebindikatzen dutenean zeintzuk diren galdetzean movimiento antiterrorista de liberacion esaten dute eta orduan "sois el MAL" erantzuten diote eta "ez, ez, el MAL ez", ah beno bai "el MAL". Kortoa Segundo Mareyren bahiketan oinarritzen da, eta kasu honetan Segundo Marey eroetxetik ateratako eroa da eta poliziak ez dira konturatzen lotuta eta ganbaran daukatenean eta galdeketa egiten hasi arte erratu egin direla. Ero honek dena nahasten du bahiketan, gainera Madrilen Mister X delaoak dago, Felipe Gonzalez da baina bere izena ateratzen den bakoitzean "pi" bat entzuten da. Laburmetraiak agerian utzi nahi du estatu terrorismoaren pasarte bat eta gure historian egun ere beste era batean baina presente dagoena.
Umore bitartez baina gertaera tragikoa da kontatzen dena.
Umore klabean kontatzen du bai baina bere karga duen komedia da. Orozkoko baserri batean grabatu genuen, hiru egunetan han egin genuen lo, esperientzia oso polita izan zen. Isidoro, Asier eta Ander Lipusekin, eroarena hain ondo egiten duena, eta jende gazte hori ere ezagutzea. Bukatu genuenean parte hartzea eskertu zigutenean nik esan nien bai Txaberri, bai Josuri orain karrera bukatuta, mutil azkarrak direla eta ilusioa dutela iruditzen zaidala korto hau umore klabean egin duten moduan aukera dutenean aurrerago, gai honek luzemetrai bat merezi duela. Euskal Herriko historia kanpotarrek eta garaituek ez dute kontatzen, azkenaldian ikusi dugu gutaz istorio asko egiten direla baina beti besteek kontatuta, Madriletik, hango produktoreek eta hango diruarekin. Orduan esan nien ea egunen batean aukera duten luzemetrai bat egiteko historia beste era batean kontatzeko.
Politika gaia gehiagotan tratatu dute lanetan ezta? Badirudi esparru hori gustuko dutela.
Bai,beraiek bere kezkak dituzte. Artea eta kulturan ere komunikazioa ematen da, bai bertsolaritzan, kantagintzan, antzerkigintzan... estetika berezi batekin egiten da baina komunikazioa da. Gure herrian badago kultura eta hauek kasu honetan gai hau aukeratu dute. Nahiz eta gai garratza izan umorez kontatuta dago eta espero dugu ikusteko aukera izango dugula, MALen garai hori gogoratzeko aukera izango dugu. Hemen, Lasarte-Orian Garraxi Ixilak antzerki lana egin da memoria historikoaren inguruan eta gerra garai hura gaizki itxi zen bezala GALena ere hor gelditu da inpunitate osoz, beti da beharrezkoa gauza hauek gogoraztea berriro gertatu ez daitezen, baina orain ere ikusten dugu nola errepresioa badagoen baina beste modu batean ematen da. Gai hauen inguruan erreflexioa egitea ondo egoten da beti.
Bi hizkuntzazko laburra da, zuk itzultzaile lanak egiten dituzu neurri batean?
Bai, poliziek gazteleraz hitz egiten dute eta eroak euskaraz, iparraldeko euskaraz, eta ni erdian nago, beno ez dut asko hitz egiten. Nire papera egitea gogorra egin zitzaidan, poliziaren papera normalean oso definitua izaten da, polizia indartsua. Baina kasu honetan ahula da pertsonaia, beste poliziek eta baita eroak dominatzen naute, asko landu genuen papera barrurantz, asko nekatu zitzaidan burua, kontzentratu behar izatea, eszenak hainbeste aldiz errepikatu behar izatea, eroaren testuak oso zailak ziren eta askotan errepikatu behar izan genituen. Bitxikeria bezala esan, nik afaria ematen diodala eroari, entsalada ziztrin bat eta txorizoa, eta poliziak urduritasunagatik txorizoa jan egiten du oso osorik. Eroak dominatzen nau. Bukaeran sorpresa bat dauka eta hori ez dut kontatuko. Badaukat gogoa bukatuta eta muntatuta ikusteko.
Non ikusi ahal izango dugu?
Haiek muntatu eta kurtso bukaerako aurkeztu behar zuten, nota ona opa diet. Datorren urterako asmoa dute Euskal Herrian zehar adibidez Topaguneko zirkuituan eta horrelakoetan aurkezteko.
Arrakastatsua izango dela uste duzu?
Ez dakit, nik ez dakit arrakastatsua izango den, nik gustura parte hartu dut eta hortik aurrera... onena opa diet.
Desberdintasun handia dago zuek egin dituzuen DVDen eta labur honen artean? Gazteak izanda ilusio handia izango dute lana egiterako orduan.
Nik 44 urte dauzkat, 20 daramatzat lanean eta sekulako ilusioa daukat, ilusioa da bizitzaren motorra bai arlo profesionalean eta baita arlo pribatuan, inportantea da bizitzeko eta lan egiteko, eta nik uste hori norberaren esku dagoela, galdu edo ez galdu... Nik behintzat, ilusioa, lehenengo egunean bezala sentitzen dut. Guk ilusio handia daukagu, gaztea zarenean daukazu ilusioa, daukazu indarra, freskotasuna... Guk urteekin aje batzuk badauzkagu baina aje horiek eta gaztetan bezainbesteko indarrik ez edukitzea ilusioarekin konpentsatzen dugu.
Zinemako aktore lanetan dotore zabiltzala esaten dute...
Aupa Etxebesten ere parte hatu nuen. Ilargiaren Sekretua grabatzen ari ginela pasaian, pailazoz jantzita Telmo Esnal eta Asier Altuna etorri zitzaizkidan "eh Porrotx etorri hona!" Kafe hartu genuen eta pelikulan parte hartzea proposatu zidaten baina berez gu ez gaude aktoreek dauzkaten book horietan. Aktoreen sindikatuan gaude baina ez dugu geure burua eskaintzen hala ere mesede bat eskatzen digutenean egiten dugu, Aupa Etxebeste egin nuen, Deabru Beltzak taldeak beste lan bat aurkeztuko du udazkenean Txanogorritxuren inguruan eta Porrotx bezela badaukat kolaborazio bat. Egia esan taldearen filosofia hori daukagu, elkarlana. Gure ikuskizunetan lagun asko dauzkagu, jende askok kolaboratzen du katalanak azken diskoan, Eñaut Elorrieta, Labrit, Olatz Korta, Su ta Garreko lagunak, jende askok laguntzen dizu eta zuk ahal duzunean ere laguntzen duzu. Elkarlana da gure filosofia eta horrelako enkarguak jasotzen ditugunean gustura erantzuten dugu, ahal baldin badugu behintzat.
Orduan ez duzu zineman hasteko asmorik?
Ez. Beno, gu pailazo taldean saioak eskaintzen ditugu, gure bideoak egiten ditugu, gure erreportajeak DVDetan, azkenekoan Txan Magoarekin, udazkenean aurkeztuko dugun bideoklipa, ipuinak ere egin ditugu, CD-Room bat, Familia Mila Kolore, hezkuntza sailetik saria jaso duena... ez ditugu beste euskarriak baztertzen, mundua aldatzen ari da teknologia berriak agertzen ari dira, zinema mundua eta beste esparru batzuk eta horiek esperimentatu eta jorratuko ditugu baina beti pailazo moduan. Gero gure bizitzan Joxe Mari bezala edo Mertxe bezala gure lanak denbora xahutzen du eta ahal duguna eskaintzen dugu, gehiago ere eskainiko genuke baina beste saltsatan ere aritzen gara eta ez daukagu denborarik beste gauzatan sartzeko, eskatzen badute ahal badugu lagunduko dugu baina gure burua eskaini beste proiektuetarako ez. Bakarrik kolaboratzaile moduan.
Gu antzerkigintzan ikasitakoak gara, kurtsoak egin ditugu ikasi dugu eta hor gaude daukaguna aportatzen baina gure oinarria pailazogintza da, gure taldea, eta horretan sentitzen dugu emango ditugula gure egunak hemen Euskal Herrian .
Etorkizunerako proiekturik?
Oraintxe grabatu dugu Deabru Beltzak taldearekin kolaborazioa, antzerkia eta ikus-entzunezkoak nahastu dituzte eta pailazo bezala ikuskizuna prestatzen ari gara, hurrengo diska irailaren bukaeran grabatuko dugu. Hurrengo astean hartzen ditugu oporrak baina oporrak etxeko lanekin izango dira, abestien letrak egin behar ditugu, Maite Zaitut delakoa ere Zarauzko hondartzan egin genuen abuztu batean patata tortila hondar artean jaten genbiltzala eta aurtengo uda ere horrela pasako dugu. Apasionatu egiten gaituen lana daukagu eta zaila da deskonektatzen, etxean edo autobusean edo edozein tokitan beti dago buruan, polita da hori baina deskantsatzea beharrezkoa da. Nik noizbait entzun diot baten bati musika edo antzerkia egiten dutela baina ordu libreetan zeren bestela lan bezala hartu ezkero betebehar batean bihurtzen da eta horrela ez dela hainbeste disfrutatzen. Entzun izan ditut halako gauzak eta nik ez ditut ulertzen. Nik lanarekin gozatu egiten dut eta hau da gure lana, honetaz bizi gara, gure pasioa da eta nik nire seme alabei esaten diet aukera baduzue ikasketak egiteko egin ezazue gustuko duzuen bat, egunero zazpi zortzi ordu pasa behar dituzue lanean, denbora asko da eta ondo pasatzen baduzu suerte handia da. Guk ondo pasatzen dugu gure lanarekin eta jendeak ere ondo pasatzen du gurekin.
Zer modu poliziaren paperean?
Entzunda daukat "gusturago egingo nuke faxistarena gorrien pelikula batean gorriarena faxisten pelikula batean baino". Ez zait axola poliziarena egitea helburua argi badago. Ez nuke egingo gudari baten papera helburua baldin bada euskal herriko izaera zapuztea, bestela problemarik ez. Helburua garrantzitsua da gure lanean, zertarako egiten dugu lan? Bakoitzak galdetu behar dio bere buruari zertarako egiten duen lan. Antzerkigintza ikasten hasten garenean eta gazteak garenean mundua aldatu nahi dugu, eta kriston ilusioak dauzkazu, kriston indarra dena eraldatzeko modukoa. Denborarekin "pragmatikoago" bihurtzen gara eta konturatzen gara aldaketak txikiak direnean ere inportanteak direla, baina beti mantendu behar dela ilusioa, gauzak aldatzeko eta ahal dena aportatzeko.
Zuen lanean besteetan baino errazagoa da hori, ez da?
Nire ustez hori edozeinek edozein lanetan egin dezake, gure lana oso esker onekoa da, asko ikasi dugu eta horrek irakatsi digu besteena baloratzen ere tabernari baten lana, merkatari batena, etxean lan egiten duen batena, kale garbitzaile batena edozein lan da duina eta edozein lanetan egin dezakezu jendea zoriontsu momentu baterako bada ere. Edozein lanetan aportatu dezakezu zerbait, gehiago edo gutxiago, jende gehiagorentzat, jende gutxiagorentzat baina denok egin dezakegu, garrantzitsua da esker onekoak izatea, guk horretan asko ikasi dugu, eskertzea, pailazoetan sentimenduak adierazten dira eta oso garrantzitsuak dira. Nik Porrotxi asko eman diot eta Porrotxek niri ere bai, nik Porrotxi nortasunaren zati handi bat eman diot eta berak niri jendeari sentimenduak gehiago adierazten. Muxuak ematen dituzunean eta piropoak botatzen dituzunean jendea pozik geratzen dela ikusten duzu eta Porrotxek egiten badu zergatik ezin dut nik egin! Irribarre bat sortarazten duzu askotan horrela, gu ezkutatzen gara edo ez gara hain espresiboak izaten nahiz eta barrutik sentimenduak badauzkagun beti izan omen gara hotzak. Nik uste dut hori aldatzen badoala Euskal Herrian. Gazteak ikusten ditut eta sentimenduak geroz eta gehiago adierazten dituzte, aurrera pausoa da.•