Zaldi lasterketak igandean hasiko dira

Txintxarri 2008ko uztailaren 11

Txintxarri

Urte sasoi honetan lasarteoriatar askok hipodromora hurbiltzeko joera izaten dute zaldi lasterketak ikusteko. Igandean bertan hasiko da aurtengo denboraldia eta irailaren 7an amaituko da. Beraz, udako igandetan hipodromora joateko aukera izango dute zaletuek.

Urtero legez, iritsi da zaldi lasterketen garaia. Aurreko asteburuan hipikako probak ikusteko aukera izan zenuten arren, asteburu honetan hasiko da udako denboraldia hipodromoan. Orotara, hamabi jardunaldi izango dira, ia guztiak igande arratsaldetan, baina aste nagusitik aurrera ostiraletan ere zaldi lasterketak ikusteko aukera izango duzue.
Antolakuntza pozik agertu da parte hartze handia izango baita aurtengo denboraldian. “Aurten azken urtetako marka gainditu dugu. Aurre inskripzioan 171 zaldik eman dute izena. Hipodromoko pistak dituen baldintza eta neurrien arabera, gehienez 18 zaldik parte hartu dezakete proba berean eta aurtengo lasterketa askotan 18 zaldi ikusi ahal izan dira proba berdinean lehiatzen”. Aurreko denboraldietan lasterketa askotan sei zaldik besterik ez ziren lehiatzen. Beraz, aurten ikuskizuna bermatua dago.

Urrezko Kopa
Aurtengoa urte garrantzitsua da Urrezko Kopak 40 urte betetzen baititu. Urtero bezala, abuztuaren 15ean, aurten ostiralean, izango da. Lasterketa honetan saritan 68.000 euro banatuko dituen Urrezko Kopa izango da jokoan eta iraupen-zaldi onenek 2400 metrotako lasterketa egin beharko dute. Irabazleak 40.000 euro eramango ditu.
Gainera, hipodromoko instalazioak sona handia duen Defi Du Galop sari frantsesa norgehiagokarako aukeratu dute. Beraz, Urrezko Kopan Europako zaldi hoberenak ikusteko aukera izango dute zaletuek.
Hipodromora hurbiltzeko aukerarik ez duenak internetez ikusi ditzake lasterketak, sailkapenak eta gainerako informazioa www.hipodromoa.com helbidean.

Norvegiako belarra
Hipodromo gehienetan hondarrezko pistak izaten dituzte zaldi lasterketarako. Baina, hemengoak bi aukera eskaintzen ditu, hondarra eta belarra. "Aurten pista berdean Norvegiako belar hazia erein dugu", dio antolakuntzako ordezkariak, "belar hau aurrekoa baino lehenago ereiten da eta hobeto sustraitzen da, beraz udarako indar gehiago du belar honek. Pista baldintza ezin hobean egongo da aurtengo denboraldian".
Pista hobetzeaz gain, gainontzeko instalazioak garbitu eta margotu dituzte. Podiuma ere berria jarriko dute.

Nagoreri omenaldia
Nagore Otaño amazona gogoratuko dute igandeko lasterketak hasi aurretik. Iaz, Nagore La Chaparrita behorraren gainean lehiatzen ari zela istripuz hil zen hipodromoan. Kolpe latza hartu zuen zaldi lasterketen munduan dabiltzan orok. Omenaldi moduan, Madrilgo Peña el Pardoko zaletuek dirua bildu dute eta Nagoreren busto bat jarriko dute hipodromoko sarrerako lorategian.•