“Lasarte-Orian ez dut euskararen kontrako jarrerarik nabaritzen”

Txintxarri 2008ko uztailaren 11

Lasarte-Oria herri bihurtu zenetik ari da Rufino Iraola herriko Udal Euskaltegian lanean, baina aurtengo azaroan esango dio agur. Lanean topatu dugu uztailean etorkin talde bati klaseak ematen. Irailera arte dauka lana, urrian oporrak eta azaroan erretiroa. 1945eko azaroan jaio zen Zaldibin eta bertan bizi da.

Rufino Iraola Udal Euskaltegiko irakaslea

Jon Altuna
Irakasle izateaz gain, bertsozale, idazle eta zutabegile ere bada Rufino Iraola. Literatur sari batzuk bereganatu ditu, Irun eta Antonio Labaien esaterako eta hainbat bertso paper sariketa ere bai. Idatzitako bertsoen eta iritzi artikuluen bildumak argitaratu ditu. Orain, lanetik erretiratuta, zaletasun hauek jorratzeko denbora gehiago izango du.
Noiztik Lasarten
1986 etorri nintzen, hau herri bihurtu zen urte hartan, Zarauztik.
Beraz aurretik Zarautzen aritu zinen irakasle
Bai eta lehenago 1983tik Urretxun aritu nintzen euskararen irakaskuntzari dagokionez. Lanean, lehenengo mekaniko Zumarragako Orbegozon, gero bulego lana Haltzari fabrika batean Zaldibin bertan eta CAFen ere lan egin nuen bi urtez.
Nolatan hasi zinen irakasle?
Euskararekin gaztetatik egon naiz konprometitua. Bertso-zalea naiz, bertsolaritzan oso umetatik hezia eta euskararen inguruan hasi nintzen lanean. Kolegioan ere euskara zaletasuna sartu zitzaigun.
Gustuko lana izan duzu?
Bai oso gustukoa. Hizkuntzak oro har gustatu zaizkit eta euskara batez ere. Berrogei urterekin aritu nintzen magisteritza ikasten, filologia arloan.
Bukatu zenituen ikasketak?
Bai, 87an magisteritza.
Orain lanetik erretiratu arren, izango duzu beste lan edo asmorik?
Nik badaukat beste afizio, behar edo psikoterapia bat, ez dakit zer izango den. Idazteko zaletasun handia izan dut betidanik. Hasi nintzen herriko kronikak idazten gero HABEko aldizkarian eta zutabeak egiten ere bai, DV, Goierritarra, Txintxarri ...
Zer sentitzen zara idazle ala irakasle...
Ez dakit. Bertsozale banaiz, euskaltzale ere bai, politikoki asignaziorik ez daukat, euskalduna sentitzen naiz, horrek duen esanahi eta zabaltasun guztiarekin. Idazle ala irakasle? Irakasle sentitu naiz: lan asko egin dugu irakasle guztiok gure euskaltegian, gure curriculuma lantzen eta proiektu bat aurrera ateratzen. Idaztea ere gustatzen zait. Denetatik, saltsero xamarra naiz.
Narratiba idazten noiz hasi zinen?
Nik uste bertsogintzatik hasi nintzela narratiban eta zer zen ere ondo ezagutzen ez nuela. Ez dakit orain ere ondo ezagutzen dudan. Badauzkat honelako sentimendu batzuk, behar batzuk eta horiek kanpora ateratzea izan da, narratibaren arau eta estilo, hertsi eta zehatz horiek garbi jakin gabe. Autodidakta naiz eta etortzen zaidana botatzen dut.
Telebistan iritzi emaile aritzen zara, nola sortu zen hori?
Bai, Firin Faranen azken bost urtetan. Behin deitu zidaten eta joaten gara. Handikap handi bat bada: hara joan eta askotan topo egiten duzu gai politikoekin. Nola heldu horri, astean zehar ibili bazara irakasle, beste gai batzuekin, burua beste toki batean duzula. Bizitzak berak erakusten duen neurrian iritzia ematen dugu.
Erosoago sentitzen zara zutabeak idazten?
Bai. Hori bakarkako lana. Gustura ari naiz.
Ikusi dut bloga badaukazula...
Esperientzia bat izan zen. On line bidez ikasleei klaseak emateko, pentsatu genuen blog-a jartzea. Badira ikasleak egunero ez direnak etortzen, etxean lan egiten dutenak eta gauza asko daude nahi duenak hartzeko.
Orain lana utziko duzunez, blogari jaten emateko aukera gehiago izango duzu noski...
Emango diot. Hor denetik sartu dut, bertso zaharrak, baita euskararen inguruan egindako lan batzuek... orain adibidez ordenarekin ari naiz, nola ordenatu behar diren esaldiak euskaraz.
Bertso paperak ere idatzi izan dituzu...
Bai, orain ere idazten ditut baina ez ditut inora bidaltzen. Adinez aurrera goaz eta gainera hogei bat sari edo badauzkat, horietatik 12-15 lehen sariak. Auspoan atera nuen liburu bat bertso paper horiek bilduz. Bertsolaritzaren historiari buruzko liburua ere idatzi nuen.
Epaile ere aritu zinen?
Epaile oso gustura aritu nintzen, 1993an azkenengoz.
Eta kantatu?
Behin edo behin. Herri arteko batean Zaldibiaren izenean, urte batean askotan. Bestela lagunartean eta bai, baina orain gutxiago, bertsoa dabilen tokian ez naiz egoten eta. Nafarroa aldera joaten naiz, asteburuetan. Andrea hangoa da eta. Nire kasa, bakarrik aritzen naiz, isilean.
Lasarte eta euskara. Zein iritzi duzu?
Harridura pozgarria izan da Lasarterena. Beste era batekoa izango zela uste nuen. Nik ez dut nabaritzen euskararen kontrako jarrerarik dagoenik.
Zailtasun handiak dira dena erdalduna den gizarte batean euskara bultzatzeko eta euskaraz egiteko. Baina egin dena nik uste ondo egin dela, jendea kontra jartzeko modurik gabe, beti saiatu gara moderatuak izaten. D eredua da nagusi eta pozgarria da,.
Zaldibi eta Lasarteren artean alde handia dago, ezta?
Ez dute antzik ere. Euskara aldetik hasteko, ehuneko 95 gutxienez euskalduna da Zaldibin. Lasarte aldiz herri erdalduna da, asko euskaldundu bada ere. Politikoki, han ezker abertzaleak agintzen du, eta hemen PSOE daukagu, beste puntakoa, bi eredu oso ezberdinak dira. •