Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek batera segiko dute kirol zerbitzuan

Txintxarri 2008ko uztailaren 14a

Irailaren 1etik aurrera, Andoain, Lasarte-Oria. Urnieta eta Usurbilgo kirol zerbitzuek eskaintza bateratua izaten segiko dute, baina, orain arte taldean izan den Hernaniko zerbitzua atera egingo da.

Ana Urchueguia eta Mikel Izagirre, Lasarte-Oria eta Urnietako alkateek aurkeztu zuten, ostiral eguerdian, Buruntzaldeko Udalerrien Kirol Arloko elkarlan hitzarmen berria. Aurrekoaren jarraipena izango da, baina Hernani gabe irailaren 1etik aurrera Hernaniko Udalak ateratzea erabaki duelako. Lasarte, Urnieta, Andoain eta Usurbilek batera funtzionatuko dute kirol arloan eta aurkezpenean azken bi herri hauetako kirol patronatoetako buruak ere izan ziren, Fernando Narciso eta Lontxo Zubiria, hurrenez hurren Andoain eta Usurbilgo zinegotziak.
Buruntzaldeko lau herrik, aipatutako Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek, kirol arloan bat eginik jarraituko dute. Hernanik akordiotik ateratzea erabaki duenez, hitzarmen berria sinatu zuten atzo Lasarte-Oriako Udalean egin zen ekitaldian eta irailaren 1etik aurrera indarrean izango da egungo hitzarmenaren jarraipena.
Ana Urchueguia alkateak aurkezpenean adierazi zuenez, "tamalez" ez dago Hernani eta hitzarmenaren helburu eta onurak aipatu zituen. Herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea, _guztiek izango dute lau herri hauetako kiroldegietan ibiltzeko aukera eta herri batek eskaintzen ez duena beste batean izateko aukera_. Kudeaketarako ere onuragarria da, erabiltzaile gehiago izatean, errazago lortu bait daitezke beste administrazioetatik laguntzak. Guztiek tarifa berberak dituzte duela urte batzuetatik hona. Beste helburu batzuk, gurasoei kiroletako eskaintzaren berri emateko edo kirolean euskara bultzatzeko aukerak ere aipatu zituen Urchuegiak.
Ondoren Mikel Izagirre Urnietako alkateak, euskaraz, azaldu zituen hitzarmenaren nondik norakoak, zera nabarmenduz, batuta, errentagarritasun sozial handiago duela. Bere ustez,nahitaezkoa da elkarlana, hiri handiek zerbitzu guztiak eskaintzeko prestatuta badaude ere, herri txikien beharrezkoa dute ingurukoekin partekatzea. Beste arlo batzuetara zabaltzeko aukera ere aipatu zuen, hau da, ongi izate arloan ere interesgarria izan daitekeela herri bakoitzak dituen baliabideak partekatzea. "Arlo askotan dago erabilpen amankomunaren beharra, herritarrei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko”.
Euskarari kirol arloan eman zaion eta emango zaion bultzada nabarmendu zuen eta oro har bide positiboa dela, beti lehengoa hobetzen saiatuz.•