Factoring izeneko stocken azoka

Txintxarri Aldizkaria 2008ko uztailaren 14a

Lasarte-Oriako Merkataritza Mahaiaren ekimenez merkatariek stocken dituzten produktuei irtenbidea eman nahian, Factoring izeneko azoka antolatu dute. Azoka irailaren 21ean izango den arren, bertan parte hartzeko interesa duten herriko merkatariek uztailaren 30a baino lehen eman behar dute izena.

Otsailean eratu zen Lasarte-Oriako Merkataritzaren Mahaia Lasarte-Oriako Udalak (Merkataritzako Departamentua), ATERPEA Merkatari-Elkarteak eta Buruntzaldeko Merkataritzari Laguntza Teknikoa emateko Kabineteak (MLTK) osatzen dute. Kabineteko arduradunak, Gorka Goikoetxeak, mahaiaren funtzioa azaldu du: "foro horretan sektorearekin zerikusia duten ekintzak, betiere gure udalerrian jarduera komertziala dinamizatzeko xedearekin, aztertzen eta koordinatzen dira".
Gorka Goikoetxeak helarazitako informazioaren arabera, "Merkataritzaren Mahai horretan egin diren bileren fruitu, Factoring izeneko Stocken Feria bat antolatzea erabaki da". Ekimen honekin, komertzioek metatuta duten produktuei irtenbide bat eman nahi diote prezio erakargarri eta pagotxen bitartez.

Guztientzako azoka
Esan bezala irailaren 21ean goizeko 10:00etan irekiko dituzte Stockaren Feriaren ateak, Michelingo instalazioetan eta arratsaldeko 20:00rak arte irekita egongo da. Buruntzaldeako merkataritzako teknikariak herriko merkatariak bertan parte hartzera animatzen ditu: "biltegia husteko eta metaturiko stocka diru bihurtzeko aukera izango dute; euren denda ezagutzera emango dute azokara datozenen artean eta Lasarte-Oria erakargarriago bat lortzen eta udalerriaren irudia promozionatzen lagunduko dute".
Lasarte-Oriako edozein establezimenduk hartu dezake parte. Herriko parte-hartzaile gutxi baldin badago, beste herrietako komertzioei ere parte hartzeko aukera emango zaie. Bertan parte hartzeko uztailaren 30a baino lehen Gorka Goikotxearekin, Merkataritza Teknikariarekin, harremanetan jarri behar zarete 943-456333 telefono zenbakian edo posta elektronikoaren bitartez, gorka@aega.es.•