Lasarte-Oriako futbolariek Donosti Cup txapelketan jokatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2008ko uzt. 14a, 02:00

Aurreko astean hasi zen 2008ko Donosti Cup txapelketa. Aurtengo edizioan 12 herrialdeetako 241 talde eta 4.428 futbolarik parte hartu dute. Hauen artean Lasarte-Oriako futbolariak izan dira bertan: Ostadarreko kadete eta jubenil mailako jokalariak eta Lasarte-Oria Texas jubenil taldea. Ostadarreko kadeteak eta Lasarte-Oria Texas kontsolazioko txapelketa jokatu dute eta Ostadarreko jubenilak berriz, txapeldunen faseko final laurdenetara iritsi dira.

Urtetik urtera Donosti Cup txapelketak arrakasta handiagoa du eta ez bakarrik Gipuzkoako taldeen artean, baizik eta kanpoko futbol taldeen artean ere. Lasarteoriatarrak ere bertan egotea gustuko dute, izan ere urte askotan hartu dute parte honetan. Martijatarrak izan ditugu Ostadarreko futbol taldeen gidariak. Mikelek urte honetan ohorezko mailara igo duen taldearekin jokatu du Donosti Cup txapelketa, baina ez dira oso fin aritu, kontsolazioko liga jokatu dute eta. Hala eta guztiz ere, entrenatzailea pozik dago emaitzak onak izan ez diren arren, aste osoan zehar futbolaz gozatzeko aukera izan dutelako. "Arerio indartsuen aurka jokatu behar izan dugu eta gainera ez dugu zorterik izan. Baina, ondo pasa eta asko disfrutatu dugu".

Ostadarreko kadeteak
Ostadarreko kadete taldeak Groseko taldeari irabazi zion partidua, 0-3; hurrengo egunean Intxaurrondoren aurka 1-2 galdu eta CP Hervas taldearen aurka berdindu zuen. Emaitza hauekin bigarren fasea jokatzeko sailkatu ziren Ostadarreko jokalariak. Ostegun goizean, Martutene taldeari 2 golengatik irabazi zion eta final laurdenetan Ordiziaren aurka jokatzea egokitu zitzaion. Partidua bana bukatu ondoren, penaltiak bota behar izan zituzten, 5-4 galdu zuen Ostadarrek.

Ostadarreko jubenilak
Josu Martijaren taldea berriz, jubenilak alegia lehenengo fasea errez pasa zuen, joko ona eginez; fase horretan talde onena izatera iritsi ziren, 13 gol sartu zituzten (Txelsiri 6, Abu Gosh-Mevaseret-i 5 eta Antiguotarrari 2) eta ez zuten bakarra ere jaso.
Final zortzirenetan berriz, Zurriola Ikastolaren aurka jokatu zuten. Herrikoek partidu ona jokatu bazuten ere, penaltitan erabaki zen partida: 2 gol sartu eta 4 jaso zituzten, beraz lehiaketatik kanpo geratu ziren. Taldea lur-jota geratu zela esan digu Josuk, izan ere txapelketan urrutirako iristea gai ikusten baitziren.

Lasarte-Oria Texas
Manolo Isasak Mikel Olarra jokalariaren laguntzarekin zuzendu du Lasarte-Oria Texas jubenil mailako taldea. Jubenil talde honek Alsasua eta Sorgina taldeen kontra galdu ondoren, Donostiasansebastian.com taldeari erraz irabazi zion, 4-1. Emaitza hauekin 3. sailkatu ziren lasarteoriatarrak eta kontsolazio txapelketa jokatu zuten. Final zortzirenetan Kirol aukerari 3 eta 1 irabazi ondoren, final laurdenetara pasa ziren, baina hemen 4-0 galdu zuten. Beraz, hauek ere ezin izan zuten final erdietara pasa.•