Okendo frontoiko azken filma

Txintxarri 2008ko uzt. 14a, 02:00

Ostegun gauean Okendo frontoian azkeneko pelikula ikusteko aukera izango duzue. Izan ere, frontoia desagertuko da Udalak hartu duen erabakiaren ostean. Hau da, Udalak Okendo plaza berritzeko lanetan Okendoko frontoiak, hainbeste gauza jaso dituen frontoiak, ez du lekurik izango. Beraz, Okendoko frontisean ez da filme gehiagorik ikusiko.

Okendo Zinema Taldeak hogei urteetan zehar udako zinemarekin gozatzeko aukera eskaini digu. Gauetako sesio hauetan parte hartu duenak gogoan izango du pelikularen bat, ondo pasa zuelako, pelikularen musika gogoan duelako, gau horretan euria egin zuelako... Okendo taldekoek izenburu batzuk ekarri dituzte gogora: Tim Burtonen Bittel Chus, La familia Addams, Charles Chaplinen Tiempos Modernos, Chuck Berry musikariari buruzko filmea Hail! Hail! Rock 'n' Roll, Allien... Garai hartan Okendo Zinema Taldean zeudenek bereziki bi momentu gogoratu dituzte. The Blues Brothers taldearen Granujas a todo ritmo pelikula eman zuten eguna historikoa izan zela kontatu digute: "gau horretan frontoia lepo zegoen, jende askok zutik ikusi zuen pelikula. Gainera, egun horretan frontoian lehergailu bat zegoela abisua jaso genuen. Polizia etorri, frontoia hustu eta dena ondo begiratu ostean, jendea berriz frontoira sartu zen pelikularen amaiera ikusteko". Ahaztuko ez duten beste momentu bat Romeo y Julieta pelikula eskaini zutenekoa da. "Egun horretan pelikula amaitu gabe zegoela, euria hasi zuen eta bertan behera utzi behar genuela esan genuenean, jendea haserretu egin zen eta amaiera ikusi gabe ez zirela joango esaten ziguten. Batzuen artean, olana bat eskuz eutsi behar izan genuen pelikula amaitu arte".
Ostegunetako zineak harrera ona izan du
Okendo Zinema Taldeak bi urtez emanaldiak eten ondoren, aurten berriz ere ekin diote ostegunetako proiekzioei. Udalarekin egindako hitzarmenak froga moduan urte beteko epea jasotzen du. Ostegunetako emanaldiek urte honetan zehar izango duten harreraren arabera, ostegunetako zineak jarraipena izango du, edo ez.
Otsailean ekin zioten denboraldiari eta hamabostean behin pelikula bat eskaini digute eta dagoeneko 8 filme ikusi ahal izan dira kultur etxean. Okendoko kideak baikorrak dira, izan ere, ostegunetan, bataz beste, 70 pertsona gerturatu dira ostegunetako zinea ikustea. "Baina arrakasta handiena izan duen pelikula Lucio izan da, 110 sarrera saldu genituen gau horretan", diote Okendoko kideek, "Uste dugu pelikulen aukeraketarekin asmatu dugula eta jendeak erantzuten ari da. Gure ustez denon artean froga gainditu dugu. Eskertu nahi ditugu herritarrak eta Udala guregatik apustu egiteagatik. Eta gogorarazi urrian berriz hor egongo garela, ostegun gauetan pelikula berriekin".
Udara osteko filmeak
Okendo Zinema Taldeko kideek udan oporrak hartuko dituzten arren, urritik abendurako pelikulen zerrenda eginda utziko dute eta ondorengo filmeak proposatzen dizkigute: urrian Kitchen stories (zine nordikoa) eta Talk to me (EEBB); azaroan, Persepolis (Iran) eta El telón de azucar (Kuba) eta abenduan Buda explotó de vergüenza (Iran-Frantzia) eta Prohibido prohibir.
"Pelikula ez komertzialak eta hunkigarriak aukeratzen saiatzen gara". Herrialde eta kolore askotako pelikulak ikusteko aukera eskainiko du Okendo Zinema Taldeak, urritik abendura bitartean.
Udako zinea Okendoko frontoian amaitzear dago, beraz, ostegun honetan ez galdu aukera eta hurbildu frontoian ikusi ahal izango den azken pelikulaz gozatzera: Viaje a Darjeeling. “Emanaldi berezia izango delakoan gaude”.•