Uztailaren 13an hemezortzi gazte joan ziren KTG kanpaldietara eta dagoeneko hemen daude. Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean zehar ibili dira eta primeran pasa dute Zarauzko gaztetxean herriko taldeekin kontzertuetan, surfa egiten eta piraguan ibiltzen beste gauza askoren artean. Eguraldiak gainera orokorrean lagundu zuen, beraz antolatutako gauza gehienak arazorik gabe egin dituzte. Bigarren txandan, asteazkenean, joan ziren 8 eta 12 urte bitartekoak Albeniz aterpetxera. Uztailaren 27an bueltatuko dira eta ziur ondo pasako dutela lagunartean. Atzo ere, beste hamairu gazte abiatu ziren uztailaren 28ra arte. Nafarroan, Pirineoetan eta kostaldera joango dira ingurua ezagutzera eta ekintza ezberdinak egitera.
Beste alde batetik, txikienek, haur txokoetan hasi dituzte udako oporrak. Uztailaren 2an izan zen lehenengo eguna eta primeran pasatzen ari dira. Haurrak kokatu zitezen ehenengo astea lasaiena izan zen, taldea ezagutu eta begiraleekin konfidantza hartzeko aprobetxatu zuten. Baina behin ezagututa eta martxa hartu eta gero gelditu gabe ari dira jolas eta ekintza desberdinak egiten egunero. Uztailan guztira 385 ume daude txokoetan eta abuztuan 64 egongo dira. Irteerak egiten dituzte, baina herrian bertan ere ekintza asko egiten dituzte, horrela herria hobeto ezagutu eta ez daukate aspertzeko aukerarik, ez hemen eta ezta kanpoan ere.
Txokoetako txikienek adibidez, Baxerri Show-a egin zuten, begiraleak baserritarrez jantzi eta musikarekin euskal dantzak dantzatu zituzten. Txontxongilo saio bat ere ikusi ahal izan zuten haurrek begiraleek eskainitakoa. San Fermin eguna ere jaia prestatuz ospatu zuten eta zezenez gain herri kiroletan aritu ziren. Atzo, Amaraun jaialdia ospatu zuten. Urtero moduan 5 eta 7 urte birtartekoek prestatu zuten eta txikienak joan ziren ikusle moduan. Oso ondo pasa zuten eta musika eta dantza ikuskizunekin gozatu zuten, jaialdiz jaialdi dabiltza herriko gaztetxoak. Baina dena ez da musika eta festa, sukaldaritza ikasten aritu dira tailerretan 2 eta 4 urte bitartekoak eta ogia egin dute bertan. Zubietako haurrekin egotera ere joan dira horrela jende berria ezagutu dute.
Ertainen taldeak, 5 eta 7 urte bitartekoek, bi irteera egin dituzte, bat Tolosara Xaxu konfitegira eta bestea Aiara Pagoeta parkea ikustera. Tolosan bertan ere bota-ura jolasa egin zuten eta hango bizilagunek ura botatzen aritu ziren umeekin, ederki pasa zuten denek, bizilagunen laguntza izan zuten beraz haurrek. Aiara joan zirenean igerilekura joateko asmoa zuten baina eguraldiak ez zuen erraza jarri eta azkenean joan gabe geratu behar izan zuten.
Ondo pasa eta asko ikasi
Bestalde, tailer zientifikoen artean urarena izan da arrakastatsuena 5 eta 7 urte bitartekoen artean. Uraren propietateak ezagutu dituzte, egoera ezberdinetan nola jokatzen duen eta xaboiarekin jolastu dute. Hilaren 28an ertainen taldeek su olinpikoaren jaia egingo dute. Joku Olinpikoak eta maratoia nahastuz kiroletan arituko dira, herriko auzo ezberdinetatik pasako dira antortxarekin maratoiaren berri ematera. Maratoaia aprobetxatu eta txokoetako ekintza ezberdinak egin dira horren inguruan.
Zaharrenen taldea, 8 eta 12 urte bitartekoek ere bi irteera egin dituzte momentuz, bata Orioko hondartzara eta bestea Oiartzunera. Han Arditurri bidegorrian ibili ziren txirrrindekin eta ondoren igerilekura joan ziren freskatzeko.
Artisten moduan
Uztailaren 14ean Okendo plazan "Faktor txoko" egin zuten. Gaur egun modan dauden telebistako programei jarraituz abestu eta dantzatzen aritu ziren gaztetxoak. Txantxa txiki bat ere egin zieten begiraleek, kasting-a egin zuten eta hasieran benetan telebistarako programa batetarako zela pentsatu zuten gaztetxoek. Gezurra zela jakitean batek baino gehiagok atsekabe galanta eraman zuen. Hala ere jaialdia gero oso ondo atera zen, Break Dance-a dantzatu zuten eta Beti Zu eta Euskaraokeko abetsiak abestu zituzten. Datorren astean beste irteera bat egingo dute Bibak egitera helduenek. Ttakunek antolatzen dituen udaleku itxietan daudenekin elkartuko dira gaua pasatzera Albeniz aterpetxean eta kalean egin beharko dute lo.
Bestalde, aipatu behar da txikienak Santa Ana jaialdia prestatzen ari direla uztailaren 24rako. Guraso guztiak daude gonbidatuak euren seme alabak kantuan, dantzan eta mozorrotuta ikustera joateko.
Orokorrean denak gustura dabiltza eta antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete gurasoei, udalari eta Adats ileapaindegiari, hau da, ekintzak aurrera eramaten lagundu dietenei.•