Michelingo langileen kaleratze baldintza berdinak eskatzen dituzte

Txintxarri 2008ko uztailaren 18a

Eulen S.A. enpresak Michelingo biltegiko 25 langile inguru kaleratuko ditu urte bukaeran, Eulen Enpresa Batzordeko ordezkariek, UGT, ESK, ELA eta LABeko ordezkariek, helarazi dutenez. Hau dela eta, biltegiko langileek kaleratze baldintza hobeagoak eskatu dizkiote enpresari. Iraila bitartean langileak asteazken eguerdietan enpresaren aurrean elkartuko dira euren egoera salatzeko eta kaleratze baldintza hobeagoak eskatzeko.

Michelin-Lasarte enpresak Lehiakortasuna Hobetzeko Plana martxan jarri zuenetik, faktoriko langileek ez dute garbi ikusten euren etorkizuna. Lasarte-Oriako faktorian 800 lanpostu galduko zirela informatu zuten sindikatuetako ordezkariek: 360 langile aurre-jubilazioen bitartez, 150 langileetatik batzuek Michelinek Gasteizen duen lantegira joango dira, besteak kalera eta ez ditugu ahaztu behar azpikontrata bidez enpresarentzat lan egiten duten ia 300 langileei ere enpresaren erabakiak kalte eragingo liekeela.
Eulen S.A enpresak biltegirako azpikontratatutako “25 langile kalera joango dira urte amaieran", diote Enpresa Batzordeko kideek, "azpikontratatuak bigarren mailako langile sentitzen gara. Plantillako langileekin alderatuz, gu kale gorrira joateko arriskuan gaude, aurre-jubilaziorik, leku aldaketarik edo kalte ordainik gabe. Horregatik Michelingo langileen kaleratze baldintza berdinak eskatzen ditugu ".
Biltegiko langileen eskaera
Euleneko Enpresa Batzordeko ordezkariek Michelin biltegiko langileen eskaerak zeintzuk diren azaldu dizkigute: "Batetik, lanpostuen leku aldaketak ematen baldin badira, behin betikoak izatea eskatzen dugu, ondorengo baldintzekin: lan egindako urte bakoitzeko 55 egunetako konpentsazio ekonomikoa jasotzea eta kontratuaren egonkortasunaren maila hobetzeko konpromezua. Bestetik, bajek kalte ordaina jaso dezaten eskatzen dugu: lan egindako urte bakoitzeko 60 egunetako konpentsazio ekonomikoa jasotzea eta langabezian ematen diren prestazioak jasotzeko eskubidea".
Batzordeko ordezkariek jakinarazi digutenez, Euleneko zuzendaritzak langileen aldarrikapenen berri du.

Euleneko eskaintza
Eulen S.A. enpresako zuzendaritzak langileei helarazi dien eskaintzaren berri izan dugu eta idatziak horrela dio: "2008ko abenduaren 31ean desagertuko diren kontratuei irtenbide bat bilatzeko asmoarekin Eulen S.A. enpresak ondorengo lanpostuetarako jendea behar du: Guadalajarako Leroy Merlin-ean 5 karretilero eta koordinatzaile bat behar dituzte eta Burgoseko San Miguel enpresan 5 karretilero”.
Batzordeko ordezkariak zuzendaritzak egin duen eskaintzaren aurrean oso kritiko azaldu dira. "Aste honetan egin digun lan eskaintzak ez du ez kontraturik, ezta kalte ordainik bermatzen. Gainera, zein langile joango da Guadalajarara lana egitera?".
Euleneko langileek euren egoera aldarrikatzen jarraituko dute, "gurekin ahaztu ez daitezen. Gure egoera ezegonkorra azpikontrata sistemaren ondorio da", honen harira, "Eulen S.A. enpresako zuzendaritzak langileen eskaerak asetuko dituen erantzun azkarra izatea espero dugu".•