Denbora da maisu

I. Arteaga 2008ko uztailaren 18a

Hamar urte. Horiexek pasa direla gogoratu dugu egin egunkariako eta irratiko langileok egun hauetan. Karmengo amaren bezperan orain hamar urte Garzonen agindupean, egoitzak miatu, eta kontseiluko kideak atxilotu egin zituzten.
Biltzen jarraitu genuen hiltzatu ziguten lantokiaren aurrean. INEM, Gobernu zibil, herriko plaza eta jaietan, zenbat batzar! Zenbat mobilizazio!
10/98 epaiketa luzea eta sententzia etorri zen gero. Eginek zer zuen ezlegezko, zer zuen terrorismoarekin nahas zitekeenik, jakin nahian gelditu ginen. Baina, espetxean sartu zituzten enpresaren ardura zutenak. Oraindik bertan dauzkate.
Komunikabideetan agertu gara. Irratietatik deitu gaituzte. Langile taldeak izan dituen nahiak jaso dituzte: gogoratu, zigortuei elkartasuna adierazi eta adierazpen askatasuna aldarrikatu.
Hamar urte pasa behar izan dira. Motibu politikoak zeudela, justifikatua egon zitekeelaren zantzuak erabat ezabatzeko. Denborak erakutsi du ezetz. Euskalgintza, nazio ikuspegia, boterearekiko disidentziarekin, nazio eraikuntza, errepresioa edo torturarekin lotura izateak sarekada beraren aurrean jartzen duela ikusi da.
Duela bost urte Euskaldunon Egunkaria itxi behar izan dute, Eginekin kontuak hasi baino ez zuela egin konturatzeko. Egin itxi zutenean, nola "ausartu" ziren ikusi arren, gehiagora ez zirela ausartuko pentsatzen zuenik ba zen orduan. Denbora izan da maixu. Zoritxarrez.