Guztira danetariko 25 postu jarriko dira Okendo plazaren inguruan eta geltoki kalean, goiz eta arratsaldez zabalik egongo direnak. Azoka goizeko 10etan irekiko da eta arratsaldeko 8ak arte izango da zabalik.
Gainera beste hiru artisauk zuzen-zuzenean egingo dute lan Okendoko frontoian. Matxinbentako Iñaki Agorrezabalak gaztainondoarekin saskiak egingo ditu, Vianatik etorriko den Blanca Jubetek kandelak argizariarekin landuko ditu eta Carmen Gorostiagak berriz, eskumuturrezko pitxi eta beirazko apaingarriak egingo ditu.
Esan bezala, danetariko postuak izango dira, goizean 10:00etatik eguerdiko 14:00etara eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara, besteak beste, baserri eta itsasontzien maketak, narruzko lanak, egurrezko jostailuak, hamakak, bitxiak, zumezko saskiak, makilak, narruzko pilotak, zurezko koilareak, beirazko piezak,... egiten dituzten artisauak etorriko dira Lasarte-Oriara euren eskulanak azokan erakustera eta saltzera.
Bertako artisauak
Okendo plazan jarriko diren postuetan batzuk lasarteoriarrak izango dira, esaterako, narrua lantzen duen Santos Serbando Iglesias, ehoziri lanak egiten dituen Gumer Perez eta lagunak, eskuz labanak egiten dituzten Jose Mari Berasarte eta Cesar Bozal eta baita fimo eta abalorioak erakutsiko dituen, Jokin Ayerregaray ere.
Aitonen-amonen etxeko esku-lan taldekoek ere parte hartuko dute Azokan eta Mertxe Galdosek lagunduta urtean zehar egindako lanak erakutsiko dituzte. Azkenik, Ekain liburudendako Iñaki Chourrautek liburuak plazara aterako ditu aurten ere.
Herriko artisauetako batek, hain zuzen ere lehen aipatutako Jose Mari Berasartek, laban bat egin dio Martin Berasategi sukaldariari, eta bereziki berarentzat egindako laban hori igandean eguerdiko 12ak aldera eman nahi dio. Dena den, sukaldariak igande eguerdian bertan izateko aukera izango duenik ez da ziurtatu oraindik.
Giroa ez da faltako, musikak lagunduta, aintzinako hainbat ofizio ezagutzeko aukera eskainiko da.
Sagardotegi kalean hainbat elikagai dastatzeko aukera ere izango da: pastelak, hamaika motatako ogiak, eztia... Beraz, herriko erdigunean mokau bat egiterik izango da Artisau Feria ikusten den bitartean.