San Pedro jaiak

Txintxarri 2008ko uztailaren 18a

San Pedro jaiak amaitu eta 15 egunera balorazioen garaia iritsi da. Udalak, lasarteoriatar guztiei eskerrak eman nahi die jaietan partehartzeagatik, antolatu diren ekitaldiek izan duten harrerarengatik eta nagusi izan den giro onarengatik. Sorgin jaietako antolatzaileak ere pozik dira parte hartze handia izan dutelako: aurtengo jaietan herria jendez gainezka egon bada, eta duela zazpi-zortzi urte herri guztietan hasi zen beherakada eten bada Sorgin Jaiei esker da. Kezkatuta ere badaude hurrengo urtean Okendo ingurua obratan izango delako.

Herritarrei eskerrak eman nahi dizkie Udalak
Udalerriko kaleetan izan ditugun poz eta dibertimenduz beteriko lau egunen ondoren, San Pedro jaiak amaitu dira. Urtero bezala, herriko festen geure balorazioa egin nahi dugu Udaletik.
Ezin dugu hasi lasarteoriatar guztiei eskerrak eman gabe pasa berri diren jaiek utzi diguten esker onaren ondoren. Mila esker egun horietarako antolatutako ekitaldi guztiek izan duten harrerarengatik. Mila esker udalerrian nagusi izan den giro onarengatik. Labur esanda, mila esker parte hartzeagatik, bai antolakuntzan eta baita gozamenean ere.
Lasarte-Orian ohitura bilakatu da San Pedro baino egun batzuk lehenago motorrak berotzen hastea, udalerriko elkarteek antolatzen dituzten ekitaldiekin. Festaren parte izan nahi duten elkarteak dira eta modu horretan urtean zehar egiten duten lan gogorra erakusten digute.
Baina jende guztiak zekien ekitaldi nagusia 28an iritsiko zela udaletxetik botatako txupinazoarekin. Momentu horretarako herritarrak prest zeuden beren blusekin udalerriko kaleei kolorea emanez, eta haurrak prest zeuden Okendo plazako tailerretan egindako mozorroekin. Aurten inoiz baino ilusio handiagoa egin du txupinazoa botatzeak balkoitik ikusten ziren ilusio aurpegiengatik.
Lehen aipatu dudan moduan, lau egun oso biziak izan dira eta horietan saiatu gara festa herritarrengana joan zedin, eta ez herritarrak festara. Horretarako ekintza ugari antolatu ditugu kalean, jendeak parte hartzeko. Horren adibide dira Les Pompiers, Los Piratas, El Pisito…
Gainera, berrikuntzak egin nahi izan ditugu, baina beti ere gure erroak eta ohiturak errespetatuz. Horregatik mantentzen ditugu bigantxak, Nafarroako eta Toledoko folklore jaialdiak, bertsolari jaialdia, herri-kirolak… Herritarren artean harrera bikaina izan duten eta oraindik ere baduten ekitaldiak dira.
Eta zer esan Okendo, Isla eta Andatza plazetan izan ditugun gaueko jarduerei buruz. Espazioa txiki geratzen zen bertan biltzen zen jende guztiarentzako.
Laburbilduz, festa hauen inguruan Udaletik egiten dugun balantzea oso positiboa da eta 2009ko San Pedro jaiak berdinak edo hobeak izatea espero dugu. Gu dagoeneko horretarako hasi gara lanean.•

200 lagun Kale Hezitzaileek antolatu duten Areto Futbol Txapelketan
M aiatzean eta ekainean Sasoeta-Zumaburu ikastetxean Lasarte-Oriako Koadrilen arteko Areto Futboleko txapelketa jokatu da; aurreko urteetan bezala, herriko Gizarte Zerbitzuen Saileko Kale Hezitzaileek antolatu dute.
10 eta 18 urte bitarteko 200 partaide inguru izan dira, beraz parte-hartze handia. Txapelketa honekin kirolera hurbiltzeko aukera eskaini nahi zaie gazteei eta elkartzeko erreferentea izango den leku bat eskaini herrian bertan.
Txapelketa hiru kategoriatan banatu da: 10-12 urte bitarteko haurrak; 13-15 urte bitartekoak eta 16tik gorako gazteentzat. Lehenengo fasean ligilaren sistema erabili zen, eta finalera partida gehien irabazten zutenak iristen ziren.
Aipatutako final horiek ekainaren 26an jokatu ziren, arratsaldeko lauetatik zortziak arte, herriko jaien egutegian txertatuta. Ekitaldi honetara haur eta gazte asko hurbildu ziren, eta kirol jardunaldi ederraz gozatzeko eta elkartzeko aukera izan zuten. Zesatek, Sasoeta A eta Stouns taldeek irabazi zuten; lerro hauetatik zoriondu nahi genituzke parte hartu duten guztiak, parte-hartzea edozein izan dela ere, jokatu, animatu, gozatu...

Joera berriei bide ematen
Ekainaren 27an, Skate parkean hainbat joera berri bildu ziren, herriko gazte askok jarraitzen dituztenak. Ekintza hauek egin ziren: beat box, parkour, graffitiak, hennarekin tatuaiak...
Ekitaldi hauek Gizarte Zerbitzuen Saileko Kale Hezitzaileek antolatu zuten Soul Riders parkour taldearen eta Joseba Bigararen kolaborazioarekin (beat box) burutu dira.
Soul Riders taldea Lasarte-Oriako hainbat gaztek osatzen dute, eta ekintza hau praktikara eramatea sustatu nahi dute: herriko puntu batetik bestera lerro zuzen baten bidez iristea, alegia, horretarako dauden oztopo guztiak igaroz. Bestalde Joseba Bigararen emanaldi ikusgarria ere izan zen, beat box erakustaldi ederra egin zuen. hau da, ahoarekin musika sortu zuen.
Bi erakustaldi hauez gain, 100 gaztetik gora izan ziren beste hainbat ekintzetan: graffitti, henna... Kale Hezitzaileek ekintzaren batean parte hartu duten haur eta gazteei eskerrak eman nahi dizkiete izan duten errespetu eta pazientziagatik.•

Sorgin Jaien antolatzaileen ustez txosnek jaiak girotzeaz gain kanpotik jendea erakartzen dute Lasarte-Oriara
Srgin Jaietako antolakuntza kontent agertu da aurtengo jaiek nola joan diren ikusita. "Balantze oso ona egin behar dugu, batez ere ostiralean hasi ginelako eta jendearen erantzuna oso ona izan delako. Herritarren partehartzea oso handia izan da. Baliabide handirik ez dugu eta txosna gunean ez ditugu ikuskizun handiak eskaintzen, baina jendeak ondo erantzuten du eta oso ondo pasatzen du bertan".
Aurtengo San Pedroetan herria, duela urte askotan ikusi ez den bezala, jendez gainezka zegoen eta hori txosna gunean ere nabaritu dute: "Ezustean harrapatu gintuen jende uholdeak. Izugarrizko jendetza egon zen, batez ere, larunbatean".

Egitarau zabala
Ostiralean jaiei hasiera txukuna eman zioten Ludotekako pailazoek eta lehen egunetik asteartera bitartean jende asko ibili da txosnen gunean: zikiroan eta gazteen afarian 200 lagunetik gora bildu ziren. Antolatzaileak pozik daude ekitaldiek izan duten arrakastarekin. "Aurten goitibeheretan herriko sei parte hartzaile egon dira, iaz bi besterik ez. Kontzertuak ere oso ondo atera dira. Oriako jaitsiera ikustera eta bertan parte hartzera jende asko hurbildu zen nahiz eta erraztasunik ez eduki txalupak ibaira ateratzeko, Udalak beste urteetan jartzen zuen aldapatxoa jarri ez duelako. Egun horretan izugarrizko giroa sortu zen ibaiaren inguruan. Lokal poteoan ere giro polita izan zen. Batukadak hiru edo lau bat aldiz jo zuen eta izugarrizko giroa sortu zuen. Karaokeak beste urte batez arrakasta handia izan du, izena emateko zerrenda hasi baino ordu bete lehenago itxi behar izan genuen. Astelehen eta asteartea ajearen ondorengoak izan ziren. Asteburuko hiru egunak oso gogorrak izan eta gero, astelehena lasaitasun gehiagorekin hartu genuen".
Pirritx eta Porrotxek berriz ere gunea bete zuten, "ikuskizun izugarria izan zen", diote antolatzaileek. Gainera, aurtengo emanaldia berezia izan da, izan ere, aurreko urteetan oholtza txikia zenez ikuskizuna egokitu behar zuten, baina aurten lehen aldiz ikuskizun osoa eskaini dute. Hala eta guztiz ere, "txosna guneko izarra pizza izan zen dudarik gabe".

Kritika
Txosna guneak Udalari hainbeste buruhauste eman dizkionez, antolakuntzakoei udalarekin duten harremanari buruz galdetu diegu: "orain arteko harreman berbera da, sokatira bezalakoa: ordutegiak errespetatu ditugu, gunea ahal genuen neurrian garbitzen genuen, festak amaitu eta bi egunetan gunea garbi-garbi geratu zen. Guk gure aldetik kunplitu dugu erabat, eta ea bidea irekitzen diguten hurrengo urteari begira”.
Balorazio positiboa egin duten arren, Sorgin Jaien antolatzaileek kritika batzuk ere egin dituzte: "goitibeherak oso ondo egon ziren, baina Udalaren jarrera kritikatu nahi dugu. Ondo dago Udalak herriak antolatzen dituen ekitaldiak bere gain hartzea, eta jaietako egitarauan sartzea baina ez da onargarria antolakuntzak berak jendea errepidea mozten jarri beharra, horrek suposatzen duen arriskuarekin. Udaltzainak bitan pasa ziren bertatik eta une batean ere ez ziren es kaini laguntzeko".
Hurrengo urtean orain arte txosnak jartzeko erabili den tokia obretan egongo da eta horrek kezka sortu du Sorgin Jaien antolatzaileengan. "Urduritasun piskat badaukagu, ziurgabetasuna, hurrengo urtean gune hori obretan egongo da. Guk zentroan gune bat behar dugu eta hori lortzeko lana egingo dugu.

Txosnen garrantzia
Txosnak jaiak girotzeaz gain, beste herrietako jendea erakartzen du. Hori uste dute Songin Jaien antolatzaileek: "Udalak hori jakin arren ez du onartzen. Txosnengatik ez balitz, jaiak duela zazpi-zortzi urteko beherakadan jarraituko lukete. Erdigunean ez zegoen ezer, ezer ere ez gazteentzat, ezta euskal giroko jairik, kanpoko jenderik ez zetorren... Sorgin jaiak sortu ez balira berdin jarraituko genuke. Urtetik urtera jaiak parte hartzaileagoak dira, gauza gehiago antolatzen ditugu eta kanpotik jendea etortzen hasi da. Udalak ikusi behar duena da hemen ez dagoela ikuskizun erraldoirik ezta dirutzarik, gauza xumeak antolatzen ditugula eta jendeak parte hartze handiagoa duela. Udalak aldiz Sorgin Jaien ildoa segitzen du. Orain arte, ez zen sentitzen girorik Okendo plazan eta, Sorgin Jaiek, nolabait, behartu egin du Udala gauzak antolatzera, Lasarte-Oriak ez dezan bere hegemonia galdu. Jaien aurretik dei bat jaso genuen txupinazoa ostiralean ez botatzeko esanez. Baina, gure erantzuna bakoitzak bere txupinazoa botatzeko izan zen. Beldurra al die Udalak herriak antolatzen dituen eta euren ustez txikiak diren jai batzuei, guri dei egiten ibiltzeko?"•

DYA: “Festetan autorik ez, garraio publikoa erabili eta neurrian edan”
Joxepo Artola
DYAko lehendakaria

San Pedro festetan DYAko zenbat sorosle aritu zarete lanean?
Normalean, festetako egitaraua kulturetxeko arduradunekin aztertzen dugu eta denen artean erabakitzen dugu zein ekitaldietan laguntza behar den, zenbat anbulantzia, zenbat jende eta nola lan egin erabakitzen dugu. Aurtengo San Pedro jaietan guztira hogei bat pertsona aritu gara txanda desberdinetan lana egiten.
Zenbat asistentzia egin behar izan dituzue?
Oso gutxi. Bi edo hiru pertsona besterik ez dugu eraman larrialdietara eta gainontzean, sendaketa txikiak izan ditugu. Guztira ez da dozenatik pasa.
Koma etilikorik izan al duzue aurten?
Hogei urte beherako bi gazte jaso ditugu koma etilikoarekin.
Koma etilikoa baten aurrean, lagunek zer egin behar dute?
Konortea galduz gero, zuzenean 112 telefono zenbakira deitu behar dute. Ondoren, aldamenetik jendea kendu eta taberna edo lokal batean baldin badago kalera atera behar dute airea hartu dezan eta lasaitu dadin. Garrantzitsua da pertsona hori esna mantentzea, horretarako kolpe "suabe" batzuk eman aurpegian edo aurpegia freskatu behar zaio. Posizioari dagokionez, orpoz gora jartzen badugu bere okadarekin ito daiteke eta orpoz behera baldin badago ezin du arnastu, beraz, albo bateko segurtasun posizioan jarri behar zaio. Garai batean amoniakoa jartzen genien sudur aurrean eta mekaguenka hasten z enean, bazenekien ondo zegoela.
Asistentzia gehienak zergatik izan ohi dira?
Gauza txikiak izaten dira, ebakiak eta horrelakoak. Egia esan, aurtengo San Pedroak oso lasaiak izan dira. Hala eta guztiz ere, herriko festetan oso gutxi izan naiz, Usurbilgoetan gehiago egon naiz. Han ere ez da gauza handirik egon. Tipo bat jipoitu zuten eta udaltzainekin herri guztitik joan nahi zuen. Nik harrapatu nuen eta dena ahaztu eta zergatik ez zen etxera joaten galdetu nionean, tipoa isildu eta ah! bai etxera joango naiz. Benetan, batzuetan...
Festetan lanean zaudetenean, adar-jotze asko jasan behar al dituzue?
Gaueko katxondeoa beti dago. Batez ere, txanda horretan neska bat baldin badago. Beti dago norbait txantxarako gogoa duena: ea neskak zainduko duen edo ahoz ahokoa egingo dion... Niri ez didate adarra joko, baina gazteei bai. Aurten bigantxetan ginela mutil bat etorri zitzaigun ea zauri bat garbituko genion eskatzera, baina ez zuen ezer, ura edan nahi zuen besterik ez. Argi utzi genion gu ez geundela han ura banatzeko. Orduan, gu iraintzen hasi zen... izugarria.
Uda garaian txoko guztietan jaiak daude. Zer gomendio emango zenuke?
Kotxerik ez, garraio publikoa erabili eta neurrian edan. Betiko da, baina... jaietan ibili daiteke mozkortu gabe.
Orain, emazteak entzuten ez gaituela, gauak "konfunditzen" al zaitu?
Nereak egin du, jota nago. Gaueko hamarretan ezin dut gehiago. Usurbilen egun bat atera naiz eta goizean joan nintzen etxera. Baina, normalean hamarretan ohera noa, edo ordu batak aldera kafe bat hartu eta hori gainditzen badut... goiza arte. Baina, urtean horrelako bi edo hiru egiten ditut. Besterik ez.•