Balio handiko labana oparitu diote artisauek Berasategiri

Txintxarri 2008ko uztailaren 21a

Artisauen 25. Santa Ana azoka egin zen atzo Okendo inguruan. Eguraldi ilun samarra izan zen egun guztian baina hurbildu zirenek hainbat eskulangile ikusteko eta beren lana ezagutzeko parada bikaina izan zuten.
Goizean, Jose Mari Berasarte eta Cesar Bozal labangileek Martin Berasategi sukaldariari laban oso berezi bat oparitu zioten. Janaria txikitzeko moduko laban handia merkatuan dagoen altzairurik onenarekin egin diote, heldulekua tratamendu berezi bat daukaten bi bufalo hezurrekin egina eta narruzko zorroa gordetzeko.
Herriko bi artisauak Lasarten bakarrik erakusten dute beren lana. Bestela badituzte euren bezeroak kalitatezko labanak saltzeko. Hamar urte daramatzate honetan eta euren zaletasuna ogibide bihurtu dute. Larrua eskuz josten dute eta marrazki zein grabatuak ere egiten dizkiete.
Hezur, egur, latoi, harri, narru,... hainbat material erabiltzen dituzte helduleku eta zorroak prestatzeko eta altzairu ezberdinak labanaren xaflak egiteko. Batzuetan zilarra ere erabili dute. Pieza horiek erakutsi bai baina ezin dituzte saltzen balio handia dutelako erabilitako material eta lanean emandako orduengatik.
Berasategiri egin diotenaren balioa ere ez da kalkulatzerik. Ideia artisauena eurena izan da eta urtero sukaldari bati sukaldean erabiltzeko moduko laban zorrotz eta ikusgarria oparitzeko asmoa dute. Detaile guztiak zaindu dituzte: altzairu onena erabili dute, alde batean Berasategiren ikurra dauka, bestean artisauena, bitxigintzako pieza dirudi. Xorroan ere Berasategiren logotipoa marraztu diote narruan.
Antolatzaileen izenean Ramon Ormazabalek, Sendoki elkarteak Udal Kultur Batzordearekin batera 25 urtetan Euskal Herriko artisaurik onenak Lasarte-Oriara ekartzeko egindako lana nabarmendu eta eskertu zuen. Martin Berasategiri ere eskerrak eman zizkion eta Lasarteren enbaxadore dela aipatu zuen. Jone Altuna Kultura batzordeko burua eta Ana Urchueguia alkatea ere izan ziren ekitaldian.
Era guztietako eskulangileak euren lanak erakutsi zituzten Okendon eta jatekoak ere saldu ziren. Arratsaldeko azken orduetan bildu zen jendetza handiena. •