Mexiko eta Eslovakia dira Nazioarteko Folklore jaialdian gonbidatuak

Txintxarri 2008ko uztailaren 21a

z Jaialdiaren XXVIII. edizioan Mexikoko Kutzi, Yurecuaro-ko Folk-Baleta eta Eslovakiako Maj Folk Elkartea izango ditugu Lasarte-Oriako Erketz Dantza Taldearekin batera. Ikuskizuna Manuel Lekuona kulturetxean izango da ostegunean, hilaren 24an, iluntzeko 22:30etatik aurrera eta sarrera 12 eurokoa izango da.

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren laguntzarekin, 1981az geroztik eta urte askotan Erketz D.T.k antolatu zuen Lasarte-Oriako Nazioarteko Folklore Jaialdia. Lehenengo ediziorako Bolivia, Estatu Batuak eta Poloniako taldeak etorri ziren. Geroztik 80 taldetik gora hartu dute parte jaialdian. Duela lau urte udalak hartu zuen jaialdia antolatzeko ardura eta Kiroldegitik Manuel Lekuona Kultur etxera aldatu zen.

Mexiko, Eslovakia eta Euskal Herria
Mexikoko taldeko gazteak, indiarren eta espainiarren odol nahastukoak, euren sustraiez harro dira. Ondo dakite milaka urtetako tradizioaren jarraitzaile direla, eta, euren herriaren historia maite izanik, dantzan aurkitu dute Mexikori dioten maitasuna agertzeko modua.
Beren izena, Kutzi, Mexikoko Michoacán-eko purepecha etniakoen jainkosa amaren aipamena da, betiko ilargiarena, gure eguzki aitaren ("tata" Huriataren) emaztearena. Purepechena da gaur egun talde etnikorik handiena, eta euren tradizio eta ohiturak zaintzen jarraitzen dute. Kutzi musika eta dantza talde jatorra da, era tradizionalekoa eta, halabeharrez, antzezpen moldekoa. Oso estilo berezia sortu dute eta dantzari lotuta bizi dira artearekiko maitasun huts-hutsez.
Maj Folk Elkarteak Piestany Institutuan egiten du lan. Taldeko kideak adin eta prestakuntza desberdinetakoak dira, guztiak amateurrak, herri ohituren zabaltzaile sutsuak. Taldea 1996ko udazkenean sortu zen eta, harrezkero, emanaldi ugari izan du bai Eslovakian bertan bai beste herrialdeetan. Eslovakiako lurraldeetako kantu-dantzek osatzen dute elkarte honen programa. Jatorria herrian duten tradizioei begirakoa da euren lana; tradizio horiei artezko moldea ematen saiatzen dira. Zenbait mezenasen eta Piestany Institutuaren laguntza du talde honek.
Azkenik, etxeko taldea dugu, Erketz Dantza Taldea. 1966an sortutako taldeak, gaur egun 25 dantzari helduek osatzen dute. Espainiar Estatuan, zein atzerrian hainbat emanaldi eskaini ditu euskal dantzak ezagutarazteko eta herrian hainbat ekitaldi eta jaietan parte hartzen du.•