Iragarri zuten moduan, ez dituzte bakarrik lasterketak antolatu Hipodromoan, datorren ostiralean, hilaren 25ean, gaueko 22:00etan Pottok Musiketan ikuskizuna aurkeztuko dute. Gaueko ikuskizun honetan zaldiak eta musika uztartzen dira, erritmo eta koloreekin ikuslegoa hunkitu arte.
Sokazko boskote profesional bat doa 25 zaldik osatzen dituzten koreografia ezberdinak markatzen; zaldi gainean 15 heldu eta 10 haur, Pottok eskolako ikasleak. Zaldiek musika marraztuko dute eta argien jokoekin, gauak ikuslegoa liluratuko duen magia sortuko du.
Ikuskizun hau lehen aldiz 2006an eskaini zen Zizurkilen. Arrakasta handia izan zuenez, antolatzaileek, Hipodromoaren Urrezko Koparen 40. urteurrena dela eta, oso egokia ikusi dute ikuskizuna berreskuratzea eta ospakizunen artean txertatzea.•