Nagore Otaño, iaz hipodromoan zaldi gainetik erorita, hil zen jockeyari egin zitzaion omenaldiarekin hasi da aurten zaldi denboraldia. Bere aurpegia irudikatzen duen eskultura bat jarri da hipodromoko sarreran, Torrelavegako Mercedes Elvira eskultoreak zizelkatu du eta denboraldiko lehen egunean inauguratu zen, besteak beste, David Iglesias Lasarte-Oriako jockey eta Nagoreren laguna omenaldian zelarik.
Hamar bat zalditegi badira Lasarte-Orian, eta udan Madrileko zaldiak ere ekartzen dituzte. Bertakoen artean herrikoiena General Turf dela esan daiteke, lasterketetako zaldi odol-garbien afizioa muturreraino eraman duten 20 lagunek osatu zuten duela zazpi urte aipatutako zalditegia. Bera da herrikoen artean bazkide gehien dituena. Zaldi bat erosteko elkartu ziren 20 lagun horietako bat da Jabi Arroyo. Berak kontatu digu orain bost zaldi dituztela eta lasterketak irabazten badituzte ondo, baina euren helburua ondo pasatzea dela.
Astearte batean, Patricio tabernan arratsaldeko 4etan jarri genuen hitzordua, herriko beste taberna gehienetan Tourra jartzen duten orduan. Taberna honetan, aldiz, zaldi karrerak jartzen dituzte egunero. 2001ean General Turf sortu zutenetik lortutako kopak ere tabernan gordetzen dituzte. Ordutik 138 lasterketetan parte hartu dute, 22 garaipen dituzte, eta 60 kolokatu. 17 hipodromo desberdinetan parte hartu dute, guztira 40 jockey ezberdinekin. Orain bost zaldi-behor dauzkate lasterketetarako, eta behor bat moxal zain. Zazpi urtetan beste zortzi ere izan dituzte. Christian Delcher-ek zaintzen ditu.
Kolore guztietakoek
Bitxia da General Turf zalditegiaren historia. Jabi Arroyok kontatu digu: "ez al dakizu nola sortu zen? Hogei lagunek osatu genuen zalditegia, lagun koadrila batek, batzuk ezagunak ginen gure artean eta besteak ez, _orain bai noski_, denok zaldi lasterketak ikustera joaten ginen hipodromora “General” sarrera merkea erosita, lasartear gehienak bezala. Zaldi bat erosteko elkartu ginenean, ez genekien zein izen jarri eta hortik General Turf izena. Turf hitz inglesa da, han zaldi karrerei deitzen zaie Turf".
General Turf-ek dituen bost zaldietatik bik bakarrik parte hartuko dute Lasarten. "Asko ibiltzen gara hipodromo frantsesetako karreretan eta lasterketa horiek ez dute hemen aritzeko punturik ematen. Handikap-etik kanpo aritzeko zaldi on-onak eduki behar dituzu eta ez dugu maila horietako zaldirik".
Dena den, irabazi edo ez, ez da garrantxitsuena Arroyok dioenez: "Hori gutxienekoa da. Garrantzitsuena zaldia osasuntsu izatea eta guk ondo pasatzea da, zaldia lasterketa amaieran lehenengoen artean izatea, alegia. Zaldiak arazoren bat badu eta ez badago ateratzeko ondo, ba ez dugu parte hartzen. Behin ateraz gero, noski, irabazteko gogoz joango gara. Zaldiak azkenera arte aukerak izatea da ederra eta dibertigarria”.
San Pedro egunean garaipen pozgarria izan zuten Bordeleko La Teste lasterketan: "lehenengo aldiz, bi lehenengoak gure zalditegikoak izan ziren, Rugianna eta Belito. Rugianna behorrak tripetako arazo ugari izan ditu eta zortzi hilabetetan geldi egon ondoren, berriro korrika egin eta irabazi egin zuen. (LASTERKETA http://generalturf.blogspot.com/ blogean ikus daiteke). Bietatik bat ere ez da Lasarten ikusiko. Batak nahi izanez gero oso zaldi onen aurka aritu beharko luke eta ez da horren ona. Eta besteak balio handia du: handikapean abantaila eman beharko lieke beste zaldiei eta ez da hain ona”.
Igandean hirugarren izan zen Rock of Perejil aldiz, handikap-ean sartuko da eta hiruzpalau lasterketatan ikusiko dugu Lasarten. Beste zaldi bat ere ondo jartzen bada aterako da. “Kontua ondo pasatzea da, guztira 138 lasterketatan parte hartu dugu 22 irabazi eta 60tan hortxe hortxe ibili dira. Beraz pentsa zein ondo pasa dugun".
Urrezko kopa da urtero abuztuaren 15ean sari garrantzitsuena. Aurten 68.000 euroko sariak ditu, horietatik 40.000 irabazlearentzat. Duela urte batzuk Dar Al Mulk zaldiarekin Urrezko Kopan bigarrenak izan ziren. Honela gogoratzen du Jabi Arroyok: "gauza asko izan ziren batera. Lokatz asko zegoen, behor bakarra zegoen on ona eta hark irabazi zuen, baina egin esan izugarria izan zen. Politena Lasarten irabaztea da. Edozeini galdetu diezaiokezu hori".
Dena den, Jabi Arroyok kontatzen duenez dena ez da lasterketa. "Ni egunero joaten naiz hipodromora zaldiak begiratzera. Eguraldi oso txarra ez bada behintzat goizero. Beste batzuk arratsaldez joaten dira. Jabeak zaldiak ikustera eta preparatzaileekin hitz egitera joaten gara, arazorik dagoen ikustera"...
“Christian gure prestatzaileak beste hiruzpalau zalditegirentzat lan egiten du -kontatzen du Arroyok-. Buenetxea tabernakoak badu bere zalditegia, Txartelekoek ere duela gutxi jarri dute, Hirukote zalditegia ezaguna da,... Alberto Guinaldo izan da Urrezko Kopa irabazi duen Lasartear bakarra. Ehun zalditegia ezaguna izan zen, ehun bat lagunek osatu zuten gero pixkanaka uzten joan ziren eta Alberto hau bakarrik geratu zen zaldi bakar batekin eta Urrezko kopa irabazi zuen. Gero hazitarako erretiratu zuten, baina hilik agertu zen zaldia. Bi behorrekin bakarrik izan zen".
Lasterketa-zaldiak hazten
Zaldi batekin hasi eta pixkanaka zalditegia osatzen joan dira General Turf-en. Orain behor bat ume zain dute Nafarroan. Jabi Arroyok esan digunez, "hasteko zaldiak zaletasun gisa hartu eta bat erosten duzu, zaharra noski, subastatan sartzeko nahikoa diru ez duzulako; behin bat erosita, hurrengoa agian enkantean erosten duzu, maila on xamarreko behorra eta gero haztera eramaten duzu. Beste esperientzia berri bat da, moxala jaiotzen denetik zaldi bihurtzen denera arteko prozesua. Denetik ditugu, zaldi zaharrak, gazteak, eta otsailerako edo martxorako berria sortuko da."
Aurtengo denboraldiari buruz iritzia eskatuta Arroyok ez du uste oso ona izango denik. "Lasarteko denboraldia bereziki ona ez da izango. Karrera asko dira eta ez dago hainbeste zaldi on. Orain, Madrilen ostegunetan dira lasterketak, eta Mijas-en larunbatetan. Beraz, nik uste, abuztuan lasterketa asko egongo direnez, ez dela parte hartzaile kopuru handirik izango". Hala ere 12 jardunaldietan lasterketa politak izango direla ziur dago: "Hipodromoa oso ondo zainduta dago. Ondo ari dira lanean arduradunak". Aurten Norvegiako belar hazia erein dute.
Arroyok jakinarazi digu krisia iritsi dela zaldien arlora. "Jabe asko eraikuntza alorrekoak ziren eta batzuk korrika alde egin dute. Zaldiak saldu egin dituzte eta desagertu egin dira". Berak azaldu digu hipodromo frantsesetan aritzen direla asko, ekonomikoki ondo ateratzen delako. "karrera bat irabaziz gero jada urte osoko aurrekontua osatu duzu. Zaldi bakoitzeko 1.200-1300 euroko gastua dugu hilero". Hala ere ondo doakie, zaldiak nolabait "auto-mantentzen" dira. Suerte txarra izan zuten Skydeira zaldiarekin, diru askoren truke erosi eta entrenatzen ari zela lesionatu zelako. Ez du General Turfekin debutatu, ez du karrera bakar bat ere lastertu. "Zaldiek hanka edozein unetan hautsi dezakete. Oso hanka finak dituzte. Eliteko atletak bezalakoak dira, Lasarteko Krossera etortzen diren atleta etiopiarrek bezala hanka fin finak dituzte eta beti da hausteko arriskua".Dena den, suerte txar horrek badu beste aldea ere, 2.000 euroan erositako beste behor batekin asmatu zuten, asmatu bait zuten, aste betera Paun irabazi baitzuen. Hura erosketa borobila izan zen, gero askoz garestiago saldu baitzuten.
Patricioko zaletuak
Patricio taberna berezia da gero. Sartu orduko konturatzen zara horretaz, zaldien argazkiak dekorazioaren parte dira, telebista piztuta badago askotan izango dira zaldi lasterketak. Telebista batean Estatu frantseseko lasterketak jartzen dituzte, bestean Britainia Handikoak. Egunero daude karrerak."Juxtu gaur Gasteizko jockey batek, Oskar Urbinak, irabazi du Briton-en" dio Jabi Arroyok. Asko dakite taberna honetan. Badira zaletu batzuek eguerditan bermut bat hartuz, egunean zein karrera dauden kontsultatzera joaten direnak: "Paris Turf egunkari frantsesa erosten dugu egunero. Soilik zaldi karreren inguruko informazioa dakar. Bertan dator bezperan izandako lasterketen eta egunean izango direnen informazioa. Racing Post izeneko antzeko egunkaria bada ingelesez eta hori internetez kontsultatzen dugu. Bezeroek badakite hemen dagoela periodikoa, begiratu eta gero hipodromora joaten dira apustuak egitera. Urte osoan egunero jokatu daiteke hipodromoan". Denek ez diote zaldi karrerei hain jarraipen zehatza egiten, baina batzuk bai. General Turf-eko hogei bazkideen artean ere badute porra antolatua, ea denboraldi osoan zeinek asmatzen dituen irabazle eta ondorengo gehien. Bera izango da taldeko Tipper onena.
Jabi Arroyok oso argi du zaldi lasterketen zaletasuna ez dela igandetan karrerak ikustera eta apustuak egitera joatera mugatzen. "Aste guztian joaten gara gu zaldiak ikustera. Txiki txikitatik jockey guztiak ezagutzen genituen. Apustuak egin aurretik zaldien munduaren berri izan beharko lukete apustu egin nahi duten denek".
Europara irteerak
Bestalde urtero Europako hipodromoetara bidaiak antolatzen dituzte. Dublinen, Ingalaterran eta Parisen izan dira besteak beste. Ekainean, Epsom-eko derbi famatuan izan ziren. Oraindik ere munduko zaldi karrerarik garrantzitsuenetakoa da. Ekaineko lehen asteburuan jokatzen da urtero Ingalaterran, Surrey herrian, Epsom Down-eko hipodromoan eta XVII mendean hasi zela uste da. Bi Lord-en zaldien arteko lehia gogoratzen da. Orduan, lehena Derbyko kondearen zaldiak irabazi zuenez hortik hartu zuen izena, gero beste kirol batzuetara eraman dena. Orain ere hiru urteko bi zaldiren artean jokatzen da eta General Turf-ekoak han egon ziren lasterketa historikoa ikusten. "Oso polita da, mendian egiten dute lasterketa. Hemen Errealaren eta Athletic-en arteko partiduari Derbi deitzen diogu, baina eurak munduan derbi bakarra dela diote, bi zaldien artekoa". Urtero Pariseko Arco del Triunfo izeneko probara ere joaten dira.•