Pekineko kanala ezagutzen al duzu?
Lehen aldiz urrian joan ginen Pekinera kanala ezagutzera eta munduko kanalik zailena zela eta urte osoan zehar lan oso espezifikoa egin beharko genuela ikusi genuen, batez ere Olinpiadei begira. Kanala oso-oso zaila da. Horregatik aurten mundu osoan zehar egon naiz entrenatzen.
Kanalak zein zailtasun ditu?
Desnibel handia du, ur pilo bat eta ur mugimendu nahiko zatarrak. Fisikoki oso indartsu egon behar da eta teknikoki oso fin. Teknikoki ondo baldin bazaude, baina ez baduzu indarrik ura nahi duen tokira eramaten zaitu. Oso prestatua egon behar da.
Psikologikoki ere prestatua egon beharko duzue, ezta?
Bai, psikologikoki ondo egon behar zara, gainera kanala hain zaila izatean entrenamenduetan ere batzuetan animoa galtzen duzula. Hiru jaitsieretatik bi gaizki egitea ez da normala. Pekinen hori gertatzen da. Mentalki ezin zara inoiz behera etorri, ondo egin ez arren, aurrera joan behar dela eta nabegazio on bat egiteko estrategia hoberena lortu behar dela pentsatu behar da. Argi daukagu lehiaketa kanal horretan izango dela eta guztiok zailtasunak izango ditugula.
Non ari zara prestatzen?
Gipuzkoan ez daukagu lekurik entrenatzeko eta Seu D'Urgel, Lleidan, entrenatzean dugu normalean. Baina, kanalari begira, federazioak pentsatu zuen prestaketa egoki bat izateko hoberena munduko kanal zailenetan, handienetan entrenatzea izango zela, olinpiadetan indartsu egoteko. Urtarrilean, hilabete osoa Australian igaro genuen, Sydneyko Joko Olinpikoetan erabili zuten kanalean entrenatzeko; otsailean hiru astez Atenaseko olinpiadetarako erabili zuten kanalean entrenatu genuen, Pekinekoa eta gero dagoen indartsuena da hau; apirilean, Pekinen egon ginen; maiatzean Cracovian, Eslobakian eta ekainean bitan Pekinera joan gara. Gelditu gabe aritu gara denboraldi osoa. Ur handienetan seguru sentitzeko balio digu honek.
Piragua berezia erabiliko al duzu Pekinen?
Ni txikia naiz eta piragua txikienak handiak geratzen zaizkit. Beraz, txikiak txikitu egin behar dizkidate. Nire piraguak ia-ia artisau lanak dira. Urrian Holandara joan ginen tamaina egokiena eta Pekineko kanalari hobeto egokituko zaion piragua egitera: aurrean bolumena eduki behar du, Pekineko ur lasterrak ondo pasatzeko, baina ez da oso handia izan behar bestela ezin dut mugitu eta atzeko aldea, berriz, txikia izan behar du. Gainera, piraguekin nahiko mizkina naiz. Piragua nirea sentitu behar dut eta nirea sentitzen ez dudan arte ez dago gustura.
Azkenean, zein piragua erabiliko duzu Pekinen?
Urrian egin zidatenarekin lehiatuko naiz. Australiara joan ginenean abioian hautsi egin zidaten eta nahiko matxuratuta dago baina ez zaio ura sartzen. Beste bi piragua egin dizkidate olinpiadetako, baina probatzen hasi nintzen eta ez nuela denbora nahikorik erabat piraguari egokitzeko sentitzen nuen. Orduan, erabaki nuen zaharra eramatea. Palarekin berdina gertatzen zait. Bi pala berri egin dizkidate, baina ez nago gustura. Eskua pala zaharrera guztiz egokitzen zait eta piragua zaharra ere oso ondo ezagutzen dut.
Kanaletik behera zoazela, zer duzu buruan?
Zirkuitua buruz jakin behar duzu derrigorrez. Zirkuituak lehen aldiz lehiaketan egiten dugu. Lehiaketako aurreko egunean makilak jartzen dizkigute zirkuitua ikusteko eta kanpotik ikusi eta aztertzen dugu: mugimenduak zeintzuk izan daitezkeen, nondik jaitsi... Zirkuitua buruan askotan eginda daukagu, baina praktikan ez. Kanalean behera zoazela oso adi zoaz. Akatsen bat eginez gero, inprobisatu egin behar da.
Zenbat denbora behar duzue jaitsiera egiteko?
Normalean 300 metro inguruko jaitsierak izaten dira eta asko jota 120 segundotan egiten dugu. Jaitsierak oso azkarrak dira eta denbora gutxian asko dago jokoan. Gainera, kanpoko eragile asko daude: ur kopurua, haize egiten badu makilak mugitzen dira...
Aurkariak ondo ezagutzen al dituzu?
Beti berdinak gara. Urte batetik bestera aldaketaren bat egon daiteke, baina urtean zehar egiten ditugun lehiaketetan elkar ikusten dugu. Jende oso ona dago, azken olinpiadetako txapeldunak hor daude, munduko txapelduna, txapeldun ordea, 3. eta 4. bertan izango dira eta estatu bakoitzeko hoberenak. Besteak ezagutzeak ez du esan nahi beraien estrategiak ezagutu behar ditudanik. Probaren bat ondo egin dutenean aztertu dezaket zer egin duten gero nik aplikatzeko, behar izanez gero.
Espainiako Txapelduna izan zara berriz ere. Erraza egin al zaizu?
Inoiz ez da erraza, kanpotik horrela dirudien arren. Txapelduna izateko ondo egin behar da eta ez da erraza. Lehiaketa bat da, zirkuitua garbi egin behar da, akatsa txiki batek atzera botatzen zaitu. Egia da aurten lehiatzeko segurtasuna dudala eta atzetik datozen neskak ez dutela nire maila, baina gero eta gertuago ditut eta akatsaren bat egiten badut aurretik jartzen zaizkit.
Joko Olinpikoak amaitu ondoren, zer egin behar duzu?
Zaragozako Expoan egin duten kanalean, iraileko lehen asteburuan, lehiaketa internazionala antolatu dute eta bertan parte hartuko dut. Ondoren pixka bat deskantsatu beharko dut. Baina, urrian berriz ere hasiko gara entrenamenduekin. Datorren urtean munduko txapelketa Seu D'Urgelen, Lleidan, entrenatzen dugun kanalean izango da eta ahal dugun hoberena egin behar dugu, kanala oso ondo ezagutzen dugu eta.•