Artisauen 25. Santa Ana azoka egin zen atzo Okendo inguruan. Eguraldi ilun samarra izan zen egun guztian baina hurbildu zirenek hainbat eskulangile ikusteko eta beren lana ezagutzeko parada bikaina izan zuten.
Goizean, Jose Mari Berasarte eta Cesar Bozal labangileek Martin Berasategi sukaldariari laban oso berezi bat oparitu zioten. Janaria txikitzeko moduko laban handia merkatuan dagoen altzairurik onenarekin egin diote, heldulekua tratamendu berezi bat daukaten bi bufalo hezurrekin egina eta narruzko zorroa gordetzeko.
Herriko bi artisauak Lasarten bakarrik erakusten dute beren lana. Bestela badituzte euren bezeroak kalitatezko labanak saltzeko. Hamar urte daramatzate honetan eta euren zaletasuna ogibide bihurtu dute. Larrua eskuz josten dute eta marrazki zein grabatuak ere egiten dizkiete.