Larunbateko arratsaldea 17:30ean hasi zen Santa Anako txapelketako hirugarren eta laugarren postuetarako partidarekin. Eneko Iradik eta Ibon Azkonobietak irabazi zuten 35 eta 27ko emaitzarekin, beraz hauek izan ziren hirugarren eta Alain Etxebeste eta Carlos Garcia laugarren.
Finala 18:30ak pasatxo zirenean hasi zen, Xabi Etxezarreta eta Mikel Bardajik osatzen zuten bikotea Iñigo Arluziaga eta Imanol Bardaji bikotearen aurka, lehenengoak gorriz eta bigarrenak urdinez. Partida hasieran abantaila handia hartu zuen bikote urdinak baina bukaera aldera gorriek azkar berreskuratu zituzten galdukako tantoak. 32, 33 eta 34 tantoetan egon ziren berdinduta baina azkenean Imanol eta Iñigo izan ziren 35 tantoetara iritsi zirenak. Lehia handiko partida izan zen bukaera arte eta ikusleak erne mantentzea lortu zuten.
Lehenengo partida hasi zenetik bete zen Okendoko frontoia jendez. Santa Anako pala txapelketa urtero arrakastatsua bada ere aurtengoa berezia izan da oso, bertan jokatu den azkena izan baita. Plaza eraberrituko dela eta frontoia behera botako da eta ez da berririk egingo.
Hori dela eta aurtengo partidetan jokalariek kamiseta bereziak jantzi dituzte horrela frontoiari omenaldi txiki bat egiteko.
Bukatutakoan sari banaketa egin zuten, oroigarriak banatu zizkieten jokalari guztiei eta omenaldi txiki bat egin zioten Jose Felix Solanori palan ibilitako urte eta egindako lanagatik.
Goxokiak bota zituzten airera txapelketa datorren urtera arte agurtzeko. Pena bada ere datorren urtean beste toki batean jokatu beharko da Santa Anako Pala Txapelketa.•