Sutara kondenatu arren, deabruak ez zituen akusatuak erre

Txintxarri 2008ko uzt. 28a, 02:00

Txintxarri

Urtero bezala, Brigiten Komentuko ohiko mezarekin hasi ziren Santa Ana eguneko ospakizunak. Ondoren Ttakunek antolatutako luncha dastatu ondoren, Santa Ana Karkabaren aurrean agurra dantzatu zuten Erketz Dantza Taldeko dantzariek. Arratsaldean berriz, Ttakuneko aisia saileko begiraleek haurrentzako jolasak antolatu zituzten Okendo plazan.
Baina eguneko ekitaldirik garrantzitsuena eta sonatuena Parodia izan zen. Bertan azken urtean herrian gertatutako kontu garrantzitsuenak errepasatu zituzten. Aurten gidoigintza lanetan lan-taldetxo bat aritu da: Pablo Barrio, Mailu Arruti, Ixabel Bereziartua, Esti Garmendia, Kontxu Iartza, Aitor Eizagirre.
Parodian parte hartu zuten guztiek (berrogei aktore inguru, dantzariak, musikoak, bonberoak...), laurogei lagun inguruk, afari ederraz gozatzeko aukera izan zuten Xirimiri elkartean.
Bapo afaldu ondoren, desfileari eman zioten hasiera. Herriko kaleetan zehar, parodia jarraian ospatuko zela iragartzeko aktore guztiak atera ziren kalera.
Antzerkia egin baino lehen, omenaldia egiten da urtero, eta aurten gainera bi egin ziren. Bi elkarte izan baitira aurten 25 urte bete dituztenak. Bata Ostadar Kirol Fundazioa. Itziar Carrascok jaso zuen oroigarria eta Amaia Agirrek bertso eder bat eskaini zion. Ondoren, Santa Ana Artisau Azoka omendu zen, eta oroigarria jasotzera Antton Salsamendi igo zen oholtzara. Honi ere bertso polit bat kantatu zion Amaiak.
Omenaldiez gain, aurten antolatzaileek aipamen berezi bat egin nahi izan zioten maiatzean hil zen Lurdes Ubeguni, hainbatetan parodian parte hartu izandakoa.
Eta antzerkia hasi zen. Aurten luze xamar jo zuen. Ordu eta erdi inguru iraun zuen parodiak sutara kondenatu zituen Ximona Etxeberriberria Saltzekogutxi eta Patxiku Axkarregi Koitolarrinoski. Hala ere deabrua errausketaren kontra dagoenez, ez zituen erre.
Antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie parodian modu batean edo bestean lagundu edo parte hartu duten guztiei.•