Folklore jaialdian musika eta kolore biziak izan ziren nagusi

Txintxarri 2008ko uztailaren 28a

Txintxarri

Ostegunean ospatu zen Manuel Lekuona kulturetxean Nazioarteko XXVIII. Folklore Jaialdia. Aurretik ordea, arratsalde partean, Mexikoko Kutzi, Yurecuaro-ko Folk-Baleta eta Eslovakiako Maj Folk Elkartea eta Lasarte-Oriako Erketz Dantza Taldeko kideek desfilea egin zuten eta kolore biziz jantzi zituzten herriko kaleak ordu batzuez. Aipatu herrialdetako jantzi, dantza eta kantu tradizionalak azaletik bederen ezagutzeko aukera polita izan zen Santio bezperakoa.
Ondoren, Manuel Lekuona Kultur Etxean, ordu eta erdiko emanaldia eskaini zuten hiru taldeek. Erketz D.T.k hasi zuen emanaldia agurra dantzatuz. Saio laburra egin zuten herrikoek, protagonismoa kanpoko taldeei utziaz. Jarraian Eslovakiako Maj Folk talderen txanda izan zen eta amaitzeko Mexikoko dantzariek egin zuten beraien ikuskizuna. Amaieran oroigarri banaketa egin zuten.•