Ezker abertzaleko zinegotzien salaketa

Txintxarri 2008ko uztailaren 28a

Ezker abertzalea kosta ala kosta erakundeetatik kanporatu nahi dutela eta hori lortzeko beste alderdi politikoak ezker abertzalearen kontra hartzen ari diren neurriak salatu zituzten asteartean 19:30etan Okendoko plazan 50 bat herritarrek babesturik Lasarte-Oriako hiru zinegotzik eman zuten prentsaurrekoan.

Joxe Goikoetxea, Itziar Yarza eta Txanpi Baztarrikak gogoratu zuten herritarrek aukeratu zituztela, baina paretik kendu nahi dituztela, bidea libre behar dutelako "euren txantxullo eta negozioetarako, eredu baztertzaile, ilun, eskuindar eta itxia garatzeko". Hala ere lanean jarraituko dutela jakinarazi zuten zinegotziek, "erasoak eraso lanean jarraituko dugu, herritarrek hauteskundeetan emandako mandatua betetzeko, Euskal Herrian benetako aldaketa politikoa gauzatzeko eta gure herria ezkerretik eraikitzen jarraitzeko"
Ezker Abertzaleko hiru zinegotziek hasteko zera gogoratu zuten, zilegitasuna eta babesa Lasarte-Oriako herritarrek eman zietela proiektu politiko konkretu horri iazko maiatzaren 27ko Udal hauteskundeetan eta horri esker daudela erakundetan lanean. "Ilegalizazio, eraso eta traba guztien gainetik ia 200.000 euskal herritarren babesa jaso genuen, Lasarte-Orian ia 1.300ena". Udaleko bigarren indar politikoa da PSE-EEren atzetik eta beste hainbat herritan izan da ezker abertzaleko hautagaia guztien artean bozkatuena.

EAE-ANVren salaketa
Prentsaurrekoan ezker abertzalearen aurka azkenaldian izan diren erasoak aipatu zituzten EAE-ANV alderdiko hiru zinegotziek. “Lehena hauteskundeetan EAE-ANVren zerrenden erdiak legez kanpo jarri eta mila herritar ordezkaritzarik gabe utziz; gero, Baltasar Garzon entzutegi Nazionaleko epaileak alderdi honen eta EHAKren jarduerak eteteko agindua eta ondoren alderdi politikoek Udaletan ezker abertzaleko ordezkarien aurka aurkeztutako mozio etikoak”.
Ezker abertzalearen ustez azken bide horrek herritarren haserrea eragin eta beste alderdietako zinegotzien zein kideen aurkako jarrera piztu duelako porrot egin duenean bide berri bati ekin diote: “Garzonen aginduaren epaia presaka abuztuan aterako omen da, baina aurretik agindu hori betearaziz udal talde ezkertiar eta abertzaleen aurkako neurriak hartzen hasi dira”.
Ezker abertzaleko zinegotziek eraso horien barruan kokatu zituzten Entzutegi Nazionalera deklaratzera joateko zitazioak eta espetxeratzeak ere, esaterako Ina Galparsoro Arrasateko alkatearena.•