Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lasarte-Oriako Udalak, garapen bidean dauden herrialdeetara bideratuko diren diru laguntzak onartu zituen uztailaren bukaeran. Aurten, 381.000 euro bideratuko dira Boliviara, Ekuatore Gineara, Somotora eta Saharara. Lasarte-Oriako Alkateordea den Iñaki Mujikarekin hitz egin dugu, herrialde bakoitzean gauzatuko den proiektuen berri zehatz mehatz jakiteko.
Prosalus, gobernuz kanpoko erakundearekin lan egin du azken urte hauetan udalak Bolivian eta Perun eta aurten errekurtsoak eskatu dizkiete Prosalusetik elikagai-segurtasunaren inguruan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeak bildu eta topaketa bat antolatu ahal izateko. Horrela elkarlana sustatu eta informazioa trukatzeko aukera izango dute gero lana egiterako orduan besteen esperientzia kontuan edukita errazago egin ahal izateko. Beste proiektu bat Ekuatore Ginean izango da, Akiba elkartea etxebizitzak eraikitzen ari da. “Han eraikuntza eta porlana oso garestiak dira eta zaila dute bertakoek etxe bat altxatzea. Horretaz gain, barrutik ere hornituko dute etxea familia bat bizi dadin eta horretarako Udalari 240 eguzki-lanpara erosteko laguntza eskatu diote. Lanpara horiek energia biltzen dute horrela gauez ere argia edukiko dute etxe barruan”, azaltzen du Iñaki Mugikak. Saharan, garraio azpiegiturarako laguntzaz gain Oporrak Bakean egitasmoa gauzatzen da urtero. Urnieta eta Andoainekin batera egiten da.
Somotoko egitasmoak Beste alde batetik, Somoton, Nikaraguan, eguzki-plakak jarriko dira 45 etxebizitza hornitzeko modukoak, baina horretaz gain zaintze eta mantentze lanak egiten erakutsiko zaie bertakoei plakak denbora luzez baliagarriak izan daitezen. “Etxebizitzak eta espaloiak ere eraikiko dira eta kasu berezietan salbu, etxeak, familiaz arduratzen diren emakumeentzat izango dira, hau da, beraien izenean jarriko dira horrela familia egitura mantendu dadin”, dio alkateordeak, “Orain arte 3000 etxebizitza eraiki dituzte eta aurten beste 50 bat egitea espero dute. Orain dauzkaten komunak ere ordezkatuko dituzte, daudenak infekzio foku arriskutsuak direlako eta eraikuntza lanetan onuradunek parte hartuko dute”. Mugikak kontatu digunez, Somoton Kultur etxe bat egin zen lehen merkatua zegoen eraikinean eta orain lan osagarriak egin behar dira bertan, adibidez zine areto bat. Kultur etxean bertan ikastaroak egingo dira kitarra eta marimba bezalako instrumentuak jotzen ikasi edo dekorazioa, pintura eta zoriontzeko tarjetak egiten erakutsiko zaie. Horrelako gauzak ikastea baliagarria izan daiteke gero lan egiteko. Euskal Fondoak Maiatzean Euskal Fondoko proiektuetan parte hartzeko aurrekontua onartu zen. “Bertan udaletxe desberdinek parte hartzen dute”, azaltzen du Mugikak, “egitasmo desberdinen poltsa bat dago eta udaletxe bakoitzak erabakitzen du zeinetan parte hartu”. Euskal Fondorako aurten eman dena bi proiektutarako izan da, bata Somotoko antolaketa eta saneamendu lanak egiteko laguntza izan da. Proiektu hau 303.000 eurotakoa da eta udalak 42.000 jarri ditu. “Bi auzotara bideratuta dago proiektu hau eta gutxinaka herria urbanizatzen ari da, alde batetik ibilgailuak erraztasun handiagoarekin igaro daitezen eta bestetik oinezkoarentzat espaloiak egiten dira hauek ere erosoago ibili ahal izateko. Gainera osasunerako hobea da halako egoera bat, hau da, lurra trinko eta garbiagoa mantentzen da, bestela hauts asko sortzen da eta hori arnastea ez da batere ona. Esan bezala, gainera, etxebitzak trinkotu egiten dira eta adibidez hurakanen aurrean eraberritutako auzoetan dauden etxeek gehiago irauten dute”, dio Mujikak. Beste alde batetik Saharako garraioen azpiegituran parte hartzen dute Euskal Fondotik eta proiektu hortarako ere bideratu da diruaren zati bat, 188.000 euro eta udalak 8.000 jarri ditu. “Batetik, garabi-kamioi bat bidali nahi da, ibilgailuak trabatuta gelditzen direnean atera ahal izateko. Beste ibilgailu arin bat ere erosi nahi da kanpamenduen arteko joan etorriak errazteko eta bi trailer hara eramateko”.•