Maialen Chourraut Piraguista
Jon Altuna
Maialen Chourraut-ek urte asko daramatza piragua gainean ur bizietako txapelketetan eta aurten munduko onenekin lehiatu da. Urte osoko emaitza onak ez ditu borobildu, hala ere, Pekingo olinpiar jokoetan.
Ze inpresio ekarri duzu Pekingo Olinpiadatik?
Bost aldiz izan naiz aurten Pekinen, eta jada kultura aldaketaren txokerik ez dut eduki azken bisita honetan. Dena olinpiada, zirko bat zirudien; horrek harritu ninduen. Zirko modukoa da, dena oso handia, eta kakotxen artean parte hartzaileak ginen protagonista. Sekulako muntaia da. Kontrol asko ere bazegoen Gune Olinpikora, Hotelera edo Kanalera sartzeko. Hasieran astuna egiten zen baina gero ohitu ginen.
Kirol aldetik ez duzu emaitza onik izan, azken batean urte osoko lana egun batean erabakitzen da. Hori gogorra izango da, ezta?
Hori da kanpotik ikusten dena, azken txapelketako emaitza. Olinpiada medioetan asko nabarmentzen den konpetizioa da eta ez da ikusten urtez urteko lana. Argi dago emaitzarekin ez nintzela batere gustura geratu, zerbait gehiagoren bila joan nintzelako. Kirola horrela da batzuetan ez da ondo ateratzen. Baina, hala ere, oso pozik nago; aurten progresio handia eduki dut. Egin ditudan proba guztietan, olinpiadetan izan ezik, aurreneko bosten barruan geratu naiz. Hoberenekin hika-mikan hasi naiz.
Benetan gogorra al zen olinpiadetarako prestatu zuten jaitsiera?
Olinpiadetako proba bitxia zen, munduko kanal gogorrena da Pekingoa eta neskek arazo asko genituen kanal horretan nabigatzeko. Hori argi geratu zen norgehiagokan. Lehenengotik hirugarrenera 33 segundo ziren eta normalean gehienez bi segundo izaten dira. Faborito asko kanpoan geratu ziren. Irabazi zuenak oso ondo egin zuen, baina hortik aurrera... Oso zaila jarri zuten eta ez zen ikusteko oso polita izan, kanalaren zailtasunaren ondorioz.
Epaileak zorrotzak izan al ziren zurekin?
Gauza arraro bat gertatu zen. Lau epaile daude ate bakoitzeko eta nirean bik esan zuten ukitu egin nuela eta beste bik ez nuela pasa. Teorian zalantza kasua da, eta horrelakoetan araua argia da: idatzita dago kirolariaren alde egin behar dela eta kasu honetan ez zuten egin. Baina ez diot garrantzirik emango, ni ez nengoen atearen erdian eta hori nire errua da. 50 segundoko zigorra jaso genuenen artean lehena izan nintzen. Hala ere, postu bakar batengatik, baina, kanpoan...
Kontsolazio txikia izango da hori...
Ez, ez daukat kontsolaziorik. Ez da begiratu behar soilik olinpiadetan egindakoari urte guztiko lana hor daukat, jada irabazita daukat hori. Oso lan ona izan da eta oso gustura nago. Olinpiadekin ez, baina egindako beste guztiarekin bai.
Ander Elosegi laugarren geratu zen. Hori pozgarria izango zen zuentzat, ezta?
Bai. Emaitza ona da. Piraguismoan ari direnentzat ona dena oso gustura hartzen dugu.
Zer moduz Pekin-en? Zenbat denbora egon zarete?
Aurten bost aldiz egon gara Pekinen, lehen lauetan hamar egunetan entrenatzen. Oso garrantzitsua da guretzat lehiatu behar dugun kanalean ibiltzea eta antolatzaileek horrela jarri ziguten. Urrian hamar egun egon ginen, apirilean beste hamar, ekaineko lehen hamabostaldian hamar eta ekaina bukaeran beste hamar. Guk nahiago dugu hilabete osoa egon han jarraian baina horrela jarri ziguten.
Gero olinpiada garaian zenbat denbora egon zarete?
Ia hilabete, 25 bat egun. Ordurako ikusi beharrekoa ikusia geneukan eta politena izan da, behin konpetizioa amaitu eta gero olinpiada bizitzea. Atletismoko finalak ikusten egon ginen, 100 metro eta pertika, gimnasia, igeriketa sinkronizatua,... Oso politak. Proban izan ez dudan suertea izan nuen kirolak ikusterakoan. Sarrerarik gabe joan, ia sartzerik izango genuen probatzera, eta 100 metroko finala bertatik ikusi genuen, Bolt eta besteak ia aurpegi aurrean geneuzkan. Pertikako finalean, berdina, justu parean tokatu zitzaigun. Suertea. Estadiora joan ginenean ez genekien non izango ginen ere.
Beste kirolariekin nolako harremana izan zenuen?
Piraguismo olinpikoan bi modalitate daude: pista, ur geldietakoa eta gurea, ur bizietakoa. Gure ekipoan pistakoak eta slalomekoak ez ginen elkar ezagutzen eta polita izan da beraiek ezagutzea. Beti hain gertu egon, hainbeste entzun beraietaz, eta beraiek guretaz, eta inoiz egon gabe ginen. Hori polita izan zen.
Bestalde, kirolari famatuak ondotik pasatzen ziren, alde batetik, bestetik,... Niri, hala ere, gehiena gustatu zitzaidana, dudarik gabe, kirolari eta gorputz ezberdinak ikustea izan zen. Nola moldatzen den gorputz bakoitza bere kirolera,... Hasierako egunetan atleta kubatar batzuk ikusi genituen gimnasioan eta erabat harrituta geratu ginen. Sekulako indarra zuten, hankatan batez ere. Beraien ondoan ez nintzen kirolaria ere sentitzen, baina nik gorputza slalomerako daukat.
Euskaldun batzuek ere izan zarete Pekinen...
Bai Naroa Agirre, Asier Maeztu,...Noizbehinka ikusten ginen eta ilusioa egiten zigun.
Beste kirolen artean zerk edo zein kirolarik eragin dizu zirrara handiena?
Gertutik ikusi nuen eta gehiena Boltek. Batez ere, nola irabazi zuen eta munduko errekorra nola hautsi zuen ikusteak. Porra bat egin genuen estadioan bertan, lasterketa aurretik: zein marka egingo zuen Boltek. Nik 9.69 esan nuen. Segituan esan zidaten erotuta nengoela, hori ez zela posible, eta asmatu egin nuen.
Onak izan al dira olinpiadak? Ikusi al dituzu?
Nire proba egin arte telebistaz ikusi nituen, entrenatzen ari nintzen eta ikusten nuen txinoek nola dominak irabazten zituzten. Txinan txinoena ematen zuten eta egunero, ping pong, halterofilia, esgrima,... bost edo sei kanal ziren olinpiadei buruzkoak baina dena zen txinoak egiten zutena. Kirol batzuetaz kokoteraino bukatu nuen.
Hori alde guztietan da horrela, hemen hemengoak ateratzen dira eta han hangoak.
Normala da hori, baina Txinan hainbeste kanal zeuzkatenez ilusioa neukan zerbait ikusteko. Eta beti txinoren bat irabazten ikusten nuen.
Antolaketa nolakoa izan da? Kontrol handia izan dela esan dute. Sumatu al duzue?
Kontrol handia izan da baina kakotxen artean. Estadio olinpikoan sarrerarik gabe sartu ginen gure kontura joanda. Baina, bestalde, akreditaziorik gabe gure hotelean bertan sartzeko ere komediak izaten genituen. Egunero pasatzen ginen eta horkoak ginela bazekiten. Lehenengo aldiz urrian joan ginenetik zailtasunak izan ditugu bata bestearen atzetik, piraguak sartzeko, beroketak egiteko,...
Piraguek ba al dute jarraitzailerik? Ba al zen ikuslerik?
Bai. Piraguisten gurasoak joan ziren hemendik, eta bakoitzak bere jarraitzaileak zituen.
Bloga ere badaukazu interneten. Zer moduz teknologia berriekin?
Bloga klubekoek egin zidatelako daukat. Hiru gauza dakizkit, nola idatzi, argazkiak nola sartu,... kuxkuxeatuz ikasi egiten da.
Kirol mailan zer asmo dituzu orain, zein erronka etorkizunerako?
2009an munduko txapelketa Seo de Urgelen daukagu. Urte osoan hor nago entrenatzen eta beraz etxean jokatuko dugu. Beraz ondo egiten saiatu behar, aukera asko daude. Horrek ez du esan nahi aterako denik. Kirola da eta aldagarri asko daude, ur korronteak, ... aldatu egiten dira beti.
Oso kirol korapilatsua da, lehiatzeko sakrifikatua. Hala ere, entrenatzeko beste kirol batzuk baino hobea da, atseginagoa. Olinpiadetan konturatu nintzen beste batzuk oso gogorrak direla, oso entrenamendu errepikakorrak dituzte.
Guk toki ezberdinetan entrenatzen dugu, entrenamendu mota ezberdinak egiten ditugu, teknikoki oso fin egon behar dugu, inprobisazioa asko landu behar da, fisikoki ondo egon behar da, gimnasioa, ur geldia, ur bizia, ateekin, ate gabe, denetik egiten dugu. Beste kirol batzutan beti berdina egiten ari dira.
Estatuko txapelketa sarri irabazi duzu, eta olinpiadetan gertatutakoaren ondoren munduko txapelketan gogo gehiago izango duzu?
Gogoak beti berdinak. Ilusioa Londresen jarrita daukat, baina pausuz pausu noa. Urtero dago Europako Txapelketa eta Munduko Txapelketa. Oso inportanteak dira.
Beraz lau urte barru berriro olinpiadetan izateko asmoz...
Bai, baina lau urte asko dira, azken ziklo olinpiko honetan bi operazio izan ditut sorbaldan eta lesioak nahiko buruhauste handia dira. Nahiago dut lasai joan daukadanari aurre eginez.
Noiztik ari zara honetan?
Ikastaro batzuekin hasi nintzen Atletico SSen eta duela hamahiru urte 12 urterekin sartu nintzen taldean. Zer zen eta zer egin behar zen jakin gabe.
Eta noiz arte jarraitzeko asmoa daukazu?
Gogoa eta ilusioa dudan eta gorputzak uzten didan bitartean segituko dut.
Donostian hasi zinen eta orain urtea Katalunian pasatzen duzu.
Urte guztian ez baina askotan naiz han. Atletico SS klubean ez daukagu entrenatzeko tokirik eta beraz atera egin behar gara. Aurten Seu-n ez gara asko egon: urrian Pekinen, azaroan Italian, urtarrilean Australian, otsaila-martxoa artean Atenasen, apirilean berriz Pekinen, maiatzean Polonia eta Eslobakian, ekainean bi aldiz Pekinen, munduko txapelketa Brasilen, Olinpiada Pekinen,... joan, etorri, errekuperatu, ordutegira ohitu,... Gelditu gabe gabiltza. Aurten pozik nago lasaiagoa izango delako.
Beraz etxean egoteko gogoa al daukazu?
Edo Seu-n egotekoa, han etxean bezala sentitzen naiz. Asko nekatzen gara, gero etorri eta defentsak baxu, katarroak edo beste edozer hartzeko arrisku gehiago,... kontu askorekin ibili behar dugu.
Aste bereziak dira hauek arraunlarientzat, arraun denboraldia jarraitzen al duzu?
Gustatzen zait Kontxako estropadan izatea. Festa bat da, baina guretzat piraguistontzat askoz handiagoa da. Ziabogara joaten gara eta traineru denak pasa eta gero, txalupa guztiak etortzen hasten direnean sortzen diren olatuak izugarriak dira. Olatu batean Kontxaraino joan zaitezke surfeatzen. Gozatu egiten dugu.
Itsasontzi handi handi bat edo bestek bi aldetatik izugarrizko olatua egiten du. Bestela ere disfrutatzen dugu festaz, lagunek ontzietatik pintxoak pasatzen dizkigute,...
Faboritorik ba al duzu?
Ez, ez dudalako jarraitzen.. Traineruak ikusi izan ditut egun hauetan, baina ez dakit nola dabiltzan.