Zero Sette orkestrak arrakasta handia izan du Alemanian

Nerea Eizagirre 2008ko ira. 8a, 02:00

Duela bi urte 1. Straubinger Akkordeonorchester 1973 e.V.a Lasarte-Oriako III. Akordeoi jaialdiako orkestra gonbidatua izan zen. Senidetze kultural honi jarraipena eman eta orkestra alemaniarraren 35. urteurrena ospatzeko, Lasarte-Oriako Zero Sette orkestrak Bavariako Straunbing herrira egin zuen uztailean.
Baina ez zen guztia lana izan, inguruko herriak, hala nola, Munich edo Friburgo bisitatzeko aukera izan baitzuen orkestrak. Bidaiaren berri izateko, Iñigo Zatarain orkestra kidearekin hitz egin dugu.

Straunbingerren urtemuga
Bidaian ordu asko egin ostean, 22 ordu gutxi gora behera, 18 akordeoilari eta 8 bazkideak Alemaniara iritsi ziren. Gaua egin, nekea alde batera utzi eta uztailaren 26an 35. urtebetetzeko kontzertuan parte hartu zuen Zero Settek orkestra gonbidatu gisa.
1. Straunbinger Akkordeonorchester 1973 e.V.ak eta hauen haurren orkestrak izan ziren lehenak taulagainean eta errepertorio klasikoa eskaini zuten, Mozarten La Flauta Mágicaren Obertura, Danza Polovtsiana Borodinena, Jacobiren Suite Sinfónica edo Habanera Malagueña Kühmstedtena.
Ostean, Zero Setteren txan da izan zen. Baina musikarekin jarritu baino lehen Elias Goikouria orkestraren zuzendariak alemanieraz hitz batzuk esan zituen, hala nola, entzule guztiei ongietorria eman eta, aldi berean, talde lasarteoriarrarekin izan zuten harrera ona eskertu zuen.
Ohizko obrak Danza del sable, Brasilia, Guillermo Tell obraren obertura, La Boda de Luis Alonso eta berriak Danza en la Taiga, Piazzollaren S.V.P. (S´il Vous Plait), Bagatela Rixnerrena edo Pozik eta Txori Saltaria fandango eta arin-arin jo zituzten lasartearrek bere saioan. Azken bi hauek Erketzeko David Egizabal eta Olatz Begiristain dantzarien laguntzaz.
Alemaniarrek Zero Setteren lana eskertzen jakin zuten. Izan ere, orkestraren emanaldia bukatzean entzuleek zutik jarri eta txalo zaparrada handia eskaini baitzion Lasarte-Oriako orkestrari.
Urteurrenari bukaera emateko, helduen bi orkestrek Bizeten Carmen eskaini zuten aretoan zeuden guztien gozamenerako.
Hala ere, aurretik Lasarte-Oriako orkestra zutitu eta alemanieraz Straubingerreko orkestra eta honen kideeak zoriondu eta Zorionak zuri jo zuen.
Oroigarri banaketan Zero Settek Alemaniako kide bakoitzari sagardo botil eta edalontzi bana eraman. Alemaniarrek herriari buruzko liburua eta bertako oroigarriak.

Kontzertu paregabea
“Gogoratzeko kontzertua izan zen. Orkestrak eskainitako hoberenetakoa”, esan digu Zatarainek eta zera atxiki du, “ez genuen espero, entsegua ez zen ona izan eta. Hala ere, askotan gertatzen den gauza da. ”
“Hala ere, alemaniarrak obra klasikoetara ohituak daude eta gure errepertorioa desberdina da. Herrikoiagoa dela esan daiteke, tangoa pasodobleak, etab., baina ez horregatik jotzeko errazagoa. Haientzat gure emanaldia ezustekoa izan zela uste dut”, onartu digu Zero Setteko kideak.

Turismoa
Igandea Straubingen turismo egiteko garaia izan zen. Eta hurrengo egunean Munichera, bertan bi egun igaro eta Friburgora egin zuten.
Baina ez zituzten hiriburu hauek soilik ikusi, bidaian zehar bisitak egin baitzituzten, hala nola, Ludwig II.a Errege eroaren Neuchswanstein gaztelua edo Rhin ibaiaren urjauziak.
Taldeari gehien gustatu zitzaion lekua zein zen galdetu eta zera esan digu Zatarainek, “Errege eroaren gaztelua dela uste dut. Ikusgarria da benetan. Harkaitz baten gainean dago, mendiz eta basoz inguratua. Barrutik ere ikustekoa da, Wagnerren obrei buruzko margoz betea dago eta oso ongi mantendua”.
Bavaria joan eta bertako edari famatuena, garagardoa, dastatu gabe ez ziren bueltatu noski. “Garagardoa edan genuen,” onartu digu Iñigok, “kontzertu egunean ez baina gainontzean pila.”
Nahiz eta bidaia nekagarria dirudien, oraingoan lasaiago ibili direla esan digu akordeoilariak, “Kontzertu bakarra izan dugu, Straunbingenekoa, beste bidaietan gehiago izaten ditugu.” Eta adibide gisa datorren urtean Frantzira egingo duten bidaia jartzen du, lau egunetan hiru kontzertu eskainiko baitituzte.
Baina, bidai hauei ere alde positiboa ateratzen die Iñigok, “taldea sendotzeko baliagarriak dira bidai hauek.”