Bi hilabete kanpamenduetatik at igaro ondoren, Saharako haurrak bueltatu dira etxera. Sahara Herriaren Lagunen Elkarteak, Lasarte-Oriako Udalaren eta Euskadiko Saharauien Delegazioaren laguntzarekin 7 eta 12 urte bitarteko 400 haur etorri dira Euskal Herrira oporrak igarotzera eta sei Lasarte-Oriara.
Elkarteko kideek oporraldi hauen garrantzia azpimarratu nahi dute: "haur hauek errefuxiatuen kanpamenduetan jaio eta hazi dira, eta euren familiekin batera, erbesteratze luze bat jasaten ari dira, gainera kanpamenduetako egoera gero eta larriagoa da. Uda honetan itzalean 52 gradutako tenperaturak jasan dituzte, hau dela eta egunero 2 edo 3 haur edo zahar hil dira. Beharrezko da haur hauei udan aukera bat eskaintzea eta beharrezkoak ere harrera familiak".
Osasun azterketak
Egonaldiak irauten duen bitartean, haur hauei azterketa medikuak egiten zaizkie: ikusmena eta hortz-aginak begiratu, behar dituzten txertoak jarri...
Sara eta Txema, elkarteko kideek, Brahim izan dute etxean eta bere amarekin udan zehar hainbat alditan hitz egin dute: “mila aldiz eskertu digu hemendik egiten dugun lana eta euren haurrei eskaintzen diegun aukera, jakin badakite harrera familiek egiten duten esfortzua”.
Laguntza gehiago
Oporrak bakean egitasmoak gero eta laguntza gehiago jasotzen duen arren, elkartekideek Lasarte-Oriako zerbitzu sozialetako laguntza beharrezko litzatekeela diote, beste herrietan egiten duten moduan. “Gu arduratzen gara guztiaz: baimenak eta harrera familiak lortu, deiak egin, faxak bidali, fotokopiak... Elkarteak ez du bitarteko nahikorik dena egiteko, gainera gure aisialdian egiten dugu. Horregatik, gizarte sozialetako laguntza beharrezkoa da”.•