Hilaren 21erako Lasarte-Oriako merkataritza mahaiak azoka antolatu du merkatariek duten stock-ari irtenbide bat emateko asmoarekin. Herriko merkatariez gain inguruko herrikoek ere parte hartu dezakete bertan, horrela eskaintza interesgarriagoa eta zabalagoa izango da gerturatzen den guztiarentzat, gainera biltegia husteko aukera inguruko merkatariek ere izango dute. Biltegiko gauzak aterako dituzte jendeak ohikoa dena baino merkeago eros dezan eta bide batez jende artean ezagutzera emateko aprobetxatuko dute azoka hau herriko eta inguruko merkatariek. Herriko denda txiki batzuk ezezagunak dira askorentzat eta zer esanik ez ondoko herrietakoak, horregatik Factoring azokan arropa merke erosteaz gain komertzio txikiak ezagutu ahal izango ditu gerturatzen den orok.
Factoring izena jarri diote stocka-aren azoka honi eta saldu ez diren produktuei irtenbidea emateko helburuarekin ospatuko da Merkataritza Mahaiaren eskutik. Merkataritzaren Mahaia Lasarte-Oriako Udalak (Merkataritzako Departamentua), ATERPEA Merkatari-Elkarteak eta Buruntzaldeko Merkataritzari Laguntza Teknikoa emateko Kabineteak (MLTK) osatu zuten urte hasieran sektorea jarduera desberdinen bitartez dinamizatzeko. Egiten dituzten bilera horietako batean sortu zen azoka honen ideia eta hilaren 21ean ospatuko da.
Prezio merkea izango dute bertan salgai jarriko diren produktuak, normalean dendetan ikusten ez ditugun salneurriak izango dira. Merke eta kalitatez erosteko aukera bikaina da. Michelinen izango da goizeko 10:00etan hasi eta gaueko 20:00ak arte, egun osoan egongo da irekita atsedenik hartu gabe. Goizean trikitilariak ibiliko dira azoka girotzen eta egun osoan zehar puzgarriak egongo dira umeek ere eguna aspertu gabe aprobetxatu dezaten. Sarrera euro batekoa izango da eta parte hartu nahi duten merkatariek Aterpea-ko kideak badira 50euro ordaindu beharko dituzte eta kide ez direnek 70 euro.
Sarrera erosten dutenen artean Zumaiako talasoterapiarako sarrera bikoitzak zozketatuko dira
Parte hartzaileak
Askotariko dendak egongo dira adibidez arropa dendak, lurrindegiak, mertzeriak, etxetresna elektrikoak, zapata dendak, umeentzako arropa, liburudendak, dekorazioa, kosmetika. Gehienak herrikoak dira, Maiame, Olmy, Maiterik, Txalo Pintxalo, Bazar Abreu, Aritza mertzeria, Ekain liburudenda, Bideo Lagunak, Bitxi-Lore, Inquietud, Arkume umeentzako arropa, Kalkos, Iratxo, Alda eta Donna Boutique baina kanpokoak ere izango ditugu Hernanitik, esate baterako, Axeri arropa denda eta Inspirasia dekorazioa denda etorriko dira.
Izena emateko
Parte hartu nahi izanez gero Merkataritzari Laguntza Teknikorako Kabineteko teknikaria den Gorka Goikoetxearekin harremanetan jarri besterik ez dago 943 456 333 telefonoan edo gorka@aega.es helbide elektronikoan.