Asteartean hasi zuten haurrek ikasturte berria

Txintxarri 2008ko irailaren 12a

Asteartean izan zen haurren lehen eskola eguna. Udako oporrak igarota batzuk lehenengoz jantzi dituzte mantalak eta besteak aurreko urteetako lagunekin bildu dira. Gehienak pozik eta alai joan dira eskolara, txikienak gurasoek lagunduta sartzen dira gelatan eta kideekin jolasean hasi eta gero gurasoak arazorik gabe agurtzen dituzte. Beraz, gehienak gogotsu eta ikasi eta jolasteko prest lehen egun hauetan.
Landaberri ikastolan aurtengo ikasle berriak 72 dira. Batzuk, bi urte oraindik ez dituzte bete baina dagoeneko lagun berriak ezagutzeko gogoz daude. Hiru urteko umeak 112 daude, batzuk iazkoak eta beste batzuk berriak, Landaberrin ikasle kupoa bete egin dute.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxean 68 dira sartu diren bi urteko haur berriak eta lau gelatan banatzen dira Zumaburuko eraikinean. Bertan hiru eta lau urteko gela bana ere badaude, egin dituzten eraberritze lanak eta gero, ikastetxea txukunagoa geratu da, ikasgela politak eta jangela berriarekin. Toki geihago egin dute eta aurten haur gehiagorentzako lekua dago. Sasoetan biltzen dira gainontzeko umeak 3, 4 eta 5 urtekoak gela banatan.
Gaztetxoek ere hasi dituzte eskolak, hauek txikiek baino gogo gutxiagorekin batzuei ikasturte gogorra datorkielako gainera. Datorren urtean zer egingo duten pentsatu behar dute eta horren arabera kurtsoa zaila izango da nahi dutena egin ahal izateko nota bila ibiliko direlako. Beste batzuek oraindik badute horretarako denbora, ikasteaz gain lagun artean egoteko aprobetxatuko dute.•