Goiegi aldeko egitasmoa burutzeko hitzarmena onartu da Udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2008ko irailaren 12a

Udako etenaldiaren ondorioz, Udaleko zinegotziek ere ekin diote ikasturteari. Atzo ohiko bilkura egin zuten, jendaurreko ekitaldian. Besteak beste, 2007ko ekitaldiko aurrekontuaren kontu orokorraren onespena eta Goiegiko Ibarrean egin behar dituzten lanen gaineko hitzarmen urbanistikoa onestu dute. EAE-ANVko adskribitu gabeko zinegotziek batzordeetan parte hartuko dute.

Udalaren eta Goiegiko Ibarran lanak gauzatuko dituztenen enpresa-elkartearen artean izenpetuko den hitzarmen urbanistikoa aldeko 14 botoekin onartu zen ohiko bilkuran (PSE 8, EAJ 2, EB-Berdeak 1, PP 1, EA 1 eta LOHP 1). Hitzarmen honek deposito zaharraren ondoko partzelan frontoi bat eraikiko dela jasotzen du.

Europar Batasuneko Zuzentarauak
Europear Batasuneko Zuzentarauen gaineko bi mozio aurkeztu zituzten. Lehena, Ricardo Ortega (EB) zinegotziak, Europar Batasunak onartutako Itzulera Zuzentarauaren aurka aurkeztu zuen, “arautegi arrazista bezain xenofoboa delako eta oinarrizko giza eskubideen aurkakoa delako”.
Iñaki Mugikak PSE alderdiaren izenean mozio alternatiboa aurkeztu zuen eta onartu egin zen PSE eta LOHPko zinegotzien bozkekin. “Jakin badakigu, Estatu espainarreko aradiak babes handiagoa ematen diela etorkinei eta hortik urrun dago arau hau. Baina, etorkinei buruzko politika bateratzeko pauso bat bada”.
Bigarren mozioa PSE eta EBak aurkeztu zuten, hau Lanaldia Antolatzeko Zuzentarauaren aurka: “gehiegizko lan-astea luzatu nahi dute. Araudi hau langileek lortutako eskubideen kontra doa”. Mozioa onartu ondoren, herritarrei dei egin zieten urriaren 7an zuzentarau honen aurka eta lan duinaren alde egingo diren mobilizazioetan parte hartu dezaten.

Galderak eta eskaerak
Txanpi Baztarrikak herriko ikastetxeen inguruan galdetu zuen. Batetik, Landaberrik duen arazoaz, hau da, haur gehiago ez direla sartzen, eta bestetik Delegaritzak Zumaburuko ikastetxean baimenik gabe burutu dituen lanen inguruan. Alkateari Landaberrin egindako bileratan zergatik ez den agertu leporatu zioen. Alkatea haserre agertu zen Delegaritzak udalarekin izan duen jarrerarekin. “Ez digute kontutan izan ezertarako eta Zumaburuko ikastetxeko lanak martxan zeudela deitu ziguten barkamena eta obretarako baimena eskatzeko”. Honen harira, “eraikina ez da ikastetxearena bakarrik eta lanak egiteko ez dute Helduentzako eskolako zuzendaritzarekin hitz egin. Hauek lekurik gabe geratu dira burutzen dituzten ekintzak egiteko”.
Ricardok Txanpik egindako atez ateko bilketaren gaineko galderari erantzun zion. “Orain arte hartutako konpromezu guztiak beteko ditugu. Galdeketarekin batera kanpaina informatibo bat burutuko dugu. Atez-ateko bilketa 2009ko aurrekontuetan jasoko da eta esperientzia pilotoa martxan jarriko da”.
Herritarren Plataformako ordezkariak kalean jasotako herritarren hainbat kezka eta galdera aurkeztu zituen. Alkateak erantzun zion: Institutuko errepidea bi norantzakoa izango da, inguruko lan guztiak amaitu ondoren; hiri busa martxan jartzeko konbenioa istear dago; haurren jolaslekuetako lurra aldatzen ari dira eta dagoeneko Arranbiden eta Oztaranen material berriak erabili dituzte; eta lurrazpiko zabor bilketarako edukiontzi batzuetan arazoak izan direla eta hauek konpontzerakoan gainontzeko edukiontziak martxan jarriko direla azaldu zuen Ana urchuegiak.•