Gazteria saila herriko gazteen artean ikerketa bat egiten ari da

Txintxarri Aldizkaria 2008ko irailaren 12a

Lasarte-Oriako Udalak Gazteleku bat egin nahi du. Hau dela eta, Gazteria eta Festetako sailak Kalexka enpresarekin batera, udalerriko gazteriaren inguruko ikerketa bat burutzen ari da, informazioa jasotzeko asmoz, Gaztelekuaren proiektua gauzatu ahal izateko. Ikerketa honek 14 eta 30 urte arteko lasarteoriatarren datuak bilduko ditu urriaren 15a bitartean.

Jesús María Zaballos Gazteria eta Festetak saileko lehendakariak azaldu duen moduan, "gazteen egungo egoera ezagutzea da helburu nagusia: beraien gizarte perfila, eskaerak, beharrak eta jarduera eta proiektu ezberdinekin duten konpromezua ezagutu. Azken finean, udalerrian gazteleku bat sortzeko proiektuaren inguruan duten iritzia jaso nahi dugu".
Azterketak bi zati izango ditu. Alde batetik, lasarteoriatarrek ondorengo gai hauen inguruan dituzten beharrak eta eskaerak ezagutzeko balioko du: aisia, ikastaroak, entseguak egiteko gelak, informazioa, etab. "Hori guztia gaztelekuaren inguruan zein ideia duten jakitera zuzenduta egongo da eta modu horretan guztien gustuko espazio bat egin ahal izango da", azaltzen du Gazteria saileko lehendakariak.
Gazteen ohiturak ezagutu
Zaballosek aditzera eman duenez, herriko 14 eta 30 urte arteko gazteen artean ikerketa soziologikoa egingo dutela ondorengo gaien inguruan: osasuna, sexualitatea, drogak, hezkuntza, ikasketak uztea, inmigrazioa, etxebizitza, emantzipatzea, kirola, aisia, etab.
"Azken finean, egunerokotasunean dituzten arazoak ezagutu nahi ditugu, izan ere, gaztelekuaren helburua ez da soilik gazteen aisia kudeatzea izango, baizik eta gazteek izan ditzaketen arazoak konpontzeko laguntza eskaintzea ere" jakinarazi du Udal zinegotziak.

120 elkarrizketa
Kalexkako teknikariek ikerketa burutzeko erabiliko duten metodologiari dagokionez, elkarrizketak egingo dizkiete herriko hainbat arduradun eta adituei: Udaleko sail ezberdinetako teknikariei, kirola eta kulturako arduradun eta elkarteei, osasun zentroko adituei eta ikastetxeetako arduradunei.
Elkarrizketak egiteaz gain, Kalexkakoek "kaleko lana" egingo dutela aditzera eman dute udaletik: "gazteak non elkartzen diren, zertan igarotzen duten aisialdia, gazteen lokalak non dauden, etab. ezagutzeko. Gainera, 120 elkarrizketa egingo dituzte adin tarte ezberdinetan.
Jesus Maria Zaballosek herritarren laguntza eskatzen du ikerketa egiten laguntzeko, "modu horretan, denon artean landuko dugun proiektua izango da".•

Gaztelekuak zein izaera izan beharko luke? Nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?

Erik eta Iker
Oholtza bat eduki beharko luke musika taldeek ensaiatu edota kontzertuak emateko, barra edo txosna moduko bat zerbait hartu nahi duenak hartu dezan, egongela bat gustura egoteko, beste gelaren bat bilerak egiteko, ekitaldiak antolatzeko edota emanaldiak egiteko, eta leku bat norberak dituen gauzak, musika, liburu,... gordetzeko eta besteekin konpartitzeko. Hori oso polita litzateke. Gehiago ez zaigu bururatzen.

12-13 urteko neska kuadrilla
Gauza askotarako tokia izan beharko luke gazte lekuak: denborapasarako (mahai joko, karta, ping pong,...) musika entzuteko, eskalatzeko, ordenagailuan aritzeko eta telebista ikusteko,... Oro har, lagunekin egoteko lekua izan behar du, ikuskizun kontzertu eta horrelakoak antolatzeko ere bai. Lekua bat izan dezala kanpoan ere, hau da espazio itxi bat euria ari duenerako barruan eta beste bat librea, kanpoan.

Haizea, Naroa, Iratxe eta Ainhoa
Gazte guztientzako gauzak izan eta antolatu beharko lituzke gaztelekuak, eta eskatzen hasita handia bada hobe. Nahi duten gazte guztiak sartzeko nahikoa leku izan beharko luke, denborapasatzeko eta mahai jokoentzako lekua,... Kontzertuak emateko lekua izatea oso inportantea da guretzat eta herri erdialdetik aparte xamar baldin badago hobe, horrela zarata ateratzen bada inor ez molestatzeko.